Zelan sortu zen Loiun egoteko aukera?
Danik (Ruiz-Bazan) deitu zidan. Antza denez, norbaitek deitu zion berari, Loiuko alkatearen partetik. Ezagunak garenez, oihartzun handiagoa ekarriko genion txapelketari. Tamalez, bakarrik aurkezpenean egon nintzen, ez Putxeren Egunean.
Txorierrira askotan etortzen zara.
Bai, Lezamara, Athleticen haritik; eta Sondikara. Izan ere, nire lagun bat bertan bizi da eta bazkaltzera etortzen naiz.
Hitz egin dezagun zure ibilbideari buruz. Jokalaria zinela partida gutxi jokatu zenituen Athleticen.
Bai, zorte txarra izan nuen. Min hartu nuen eta, gainera, ebakuntza txarto egin zidaten. Zer egingo dugu, ba?
Behintzat Kopa bi irabazi zenituen. Itzela izango da hori, ezta?
Athleticen jokatze hutsa itzela da. Eta kopa irabaztea polita da, noski. Garai hartan orain baino gauza gehiago irabazten genituen. Gaur egun zail-zaila da.
Jokalaria izateari utzi eta entrenatzaile egin zinen. Jokalari fina zinen, baina zure taldeak defentsan dira gogorrak. Kontraesana da?
Ez. Futbola futbola da eta kito. Entrenatzaile batek arerioa aztertu behar du partida irabazteko. Eta horretarako hainbat bide daude. Orain modu bakar batean jokatu behar dela esaten duten entrenatzaileak modan daude, baina ni ez nator horiekin bat. Futbolaren inguruan teknika, metodologia eta filosofia asko daude, baina irabazi behar da. Gainerakoak ez dauka garrantzirik. Eta Lezaman hori egin da txarto azken bolada honetan, Jose Mari Amorrorturen zuzendaritzapean. Apustua teknika eta teoria izan dira, baina bidean Athleticen betiko balioak galdu egin dira: indarra, harrotasuna…
Ibilbide luzea izan duzu entrenatzaile. Pozik zaude? Zein da zure arrakastarik handiena?
Oso pozik nago. Hain zuzen ere, hainbeste urte lanean ibili izana da gehien harrotzen nauena.
Gerraren bat saihesteko aukerarik izan duzu?
Hainbat eta hainbat, baina jokalariekin liskarretan ibili naizenean, klubaren mesedeetan izan da, bere probetxurako lan egiten dudalako. Jokalariak eta taldea dira klubaren oinarria. Eta gerra batzuk behar-beharrezkoak dira, baina askotan inor ez da gerra sortzera ausartzen. Eta, esate baterako, Manolo Sarabia jokalariaren kontra egin nuen eta ez naiz damu. Jokalariek
Athleticen arauak –diziplina, errespetua, ardura– betetzen zituzten, baina Sarabiak ez, ordea. Nik ez nuen hori onartu. Diziplinarik gabe, ez litzateke Athletic bera ere egongo. Niri Garai, Iribar, Etxeberria edo Arieta antzinako jokalari handiek irakatsi zidaten hori. Tamalez, horregatik bota ninduten Athleticetik.
Hiru aldiz bota zaituzte Athleticetik. Zein izan zen mingarriena?
Sarabiagatik gertatutakoa, zalantza barik. Bigarrenean, 1991ean, taldea ez zebilen hain txarto, baina Lertxundi presidenteak ez zuen nik jarraitzea nahi. Eta hirugarrenean, 2006an, Lamikizek bota ninduen denboraldia hasi baino lehen, Gorka Izagirre batzordekidearekin gatazka nuelako. Izagirrek muturra sartu nahi zuen klubeko esparru guztietan, baita Lezaman ere, nahiz eta futbolaz ezer ez jakin.
Espainiako selekzioan sei urte eman zenituen. Zelan gogoratzen dituzu urte horiek?
Zoragarriak izan ziren. Giro aparta izan zen taldean: lan egiteko gogoa, inplikazioa.... Zaila izango da hori inoiz berreskuratzea. Harro nago, sei urte selekzio batean ibiltzea erraza ez delako. Futbola horrelakoa da: nahiz eta arerioa baino hobeto ibili, batzuetan galdu egiten duzu. Eta horrexegatik da kirola oso polita. Gogor egiten baduzu lan, ez dago kexarik.
Zelan eraman zenuen komunikabideek garai hartan eragindako presioa?
Bost axola niri! Komunikabideek egiten dute lan eta ni elkarrizketak emateko prest agertzen naiz, baina begirunez. Ez dut errespetatuko niri begirunerik adierazten ez didana. Kazetari batek gezurra esaten badu, nik hori jakinarazten diot, eta gainera, gustatzen ez zaion lekuan, prentsaurrekoan. Eztabaida onartzen duen kazetaritzarik ez dago, kazetariak zuzenean, koldar hutsak direlako, Jose Ramon de la Morena, esate baterako. Kazetari lotsabakoek ez dute kontrako iritzirik onartzen.
Zer egiten duzu gaur egun?
Partidak ikusten ditut, eta noizean behin elkarrizketak eskaini (kar, kar). Gustatuko litzaidake berriro entrenatzea, baina ez didate deitzen. Eta Athleticera itzuli nahiko nuke, edozein postutan. Ni entrenatzailea naiz, izugarri gustatzen zait nire ogibidea eta igandeko partidaren falta igartzen dut.
Zer deritzozu Elizegi presidenteari?
Irekia da, jatorra. Ikus dezagun zelan egiten duen. Aldaketa ona da Athleticentzat, aurreko zortzi urteak hondamendia izan direlako, bai kirol mailan, bai ekonomia mailan. Kirol-emaitzak onak izan dira, ados, baina Urrutiak hartu zuen taldea goi-mailakoa zen eta gaur egun beheko postuetan gaude. Talde hura txapelduna izateko modukoa izan zen, baina Europa Ligarako sailkapena lortzearekin konformatu ziren. Ekonomikoki ere katastrofe hutsa izan da. Izan ere, Athleticek beti izan du superabita; gaur egun, ordea, defizita dago. Eta dirutza daukagu, baina hori lortzeko, jokalariak saldu egin dira eta hori ezin da Athleticen gertatu. Presidenteak jokalariak gurean gelditzea lortu behar izan zuen, beti gertatu den moduan. Badakit orain zailagoa dela, baina agintariek lortzen ez badute, hori lortzeko gauza diren agintari hobeak behar ditugu.
Presidentegaia izatea aztertu duzu inoiz?
Ez, ezta pentsatu ere. Hainbat solasaldi eduki ditut futbolaren inguruan dauden lagun batzuekin, eta hauteskundeetara aurkezteko aukera aztertu zuten, baina azkenean ez zuten egin. Tartean, Patxi Ferreira eta Rafa Alkorta jokalari ohiak zeuden. Rafa estimatzen dut, gaitasun handiko profesionala da eta nik uste dut Athleticen ondo egingo duela. Nire esperientzia Athletici eskaintzen diot, ez hautagai bati edo besteari. Ni Athleticzalea naiz, ez Urrutiazalea edo Elizegizalea.
Euskadiko entrenatzaile izendatu zaituzte. Zorionak.
Bai, postua eskaini didate eta pozaren pozez eta ilusioz onartu dut. Tamalez, ez dugu txapelketa ofizialik, eta urtean hiruzpalau partida baino ez ditugu jokatzen. Ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara. Lehenengo partida Panaman jokatuko dugu eta gogorra izango da: gure jokalariak oporretan ibiliko dira, ez dakigu zentzuek izango dute selekziora etortzeko aukera… Ea ahalik eta talderik onena osatzen dugun.
Deialdiari dagokionez, zerbait aurreratu ahal diguzu?
Ez dakit. Jatorri euskalduna duten kanpoko jokalariak deitzea gustatuko litzaidake, zergatik ez. Aztertu behar da, baina erabakia ez dago nire esku, ez dakit azkenean egingo dugun edo ez. Ikusiko dugu nortzuk deitzen ditugun.
Zure azken taldea izango da?
Ziur asko, bai. Baina tira, behintzat Euskal selekzioa entrenatzeko aukera izango dut. Izan ere, hau izan da nituen arantzetako bat; bestea, Barakaldo taldea entrenatu ez izatea.