Li Karate Loiu taldea: meditazioa mugimenduan

Aikor aldizkaria 2019ko api. 5a, 09:55

Arte martzialak duela urte batzuk jarri ziren modan. Gaur egun, zaletasuna moteldu egin da, baina Txorierrin arte martzialetan jarduteko aukera batzuk badaude. Horietako bat Loiun dugu, Li Karate elkartearen eskutik.

Li, elkartearen izena, I Ching antzinako liburu txinatarretik dator, eta sua esan nahi du. Itziar Suarez duela 20 urte hasi zen tai txi eskolak ematen Loiun, Udalaren eskutik. Urte batzuk beranduago, orain dela bederatzi, zaletu batzuek taldea sortzea erabaki zuten. "Arte martzialak herrian zabaltzea genuen helburu, besterik gabe. Guk lantzen dugun arte martziala tai txia da. Izena taiji quan da, baina jendeak, laburtzeagatik, tai txia baino ez du aipatzen", esan digu Isabel Bravo taldeko presidenteak. 

Bravo taldeko maisua da gaur egun. "Guztira, 29 bazkide ditugu taldean, baina, egia esan, eskoletara jende gutxiago etortzen da". Ikasleen profila askotarikoa da: gazteak, nagusiak, gizonezkoak, emakumezkoak… "Gazteenak 24 urte ditu eta 10 urte inguru darama gurekin. Era berean, nagusiak 85 urte ditu. Harro gaude, adinekoei laguntza eskaintzen diegulako”. Batez ere loiuztarrak dira Isabelen klaseetara joaten direnak, baina herritik kanpokoek ere hurbiltzen dira: Leioatik, Sondikatik, Erandiotik, Barakaldotik…

“Ikasleek batez ere atal terapeutikoa landu nahi dute, osasuntsu ibili. Hau da, tai txi eskoletara etortzen dira lasaitasun bila, arnasa kontrolatzeko, orekari eusteko… Eta hori guztia lortu egiten dute”. Taldea normalean frontoian aritzen da, baina beste batzuetan, eguraldi ona egiten duenean, aire librean ibiltzen gara.

Bravoren esanetan, tai txia oso arte martzial oparoa da, hainbat atal dituelako. Atal terapeutikoari lotuta, atal espirituala ere badago. "Horretan meditazioa lantzen da eta oso garrantzitsua da. Izan ere, tai txia meditazioa mugimenduan dela esaten da". Gainera, tai txiak, beste arte martzialen moduan, kirol-atala ere badu, noski. "Batez ere, formak egiten dira. Guk horiek ere lantzen ditugu taldean, baina ez dugu txapelketetan parte hartzen. Zenbat eta eskarmentu handiagoa izan, hainbat eta maila handiagoa lortzen da. Maila gerrikoaren kolorearen bidez islatzen da, karateen gertatzen den bezala: zuritik (mailarik txikiena) beltzera (mailarik altuena). Azterketa ofizialak egiten dira maila batetik bestera pasatzeko, eta azterketak batzuetan Loiun egin ditugu".

 

Hainbat jarduera

Tai txi eskola da taldearen jarduera nagusia, baina ez bakarra, ikastaro asko eskaintzen dituztelako. "Batzuk arte martzialei daude lotuta, eta beste batzuk, mendebaldeko kulturari. Zenbait ikastaro egin ditugu: kaligrafia txinatarra, tearen erritu txinatarra eta  japoniarra, mandalak egiten ikasi ditugu, meditazioa… Aurten, esate baterako, defentsa pertsonalaren inguruko ikastaroa egingo dugu. Gainera, Loiuko jaietan erakustaldiak egiten ditugu. Duela urte bi pregoia irakurri genuen jaietan eta oso harro gaude horregatik, ohore handia izan zen eta".

Li Karate Loiu taldea beste talde batzuekin –batez ere bizkaitarrekin– dabil harremanetan, ekintzak-eta egiteko: Ken Ortuella, Bilboko Yamagata kluba, Chan Wu Wei elkartea, Shaolin Cultural Center Bilboko egoitza… "Horren haritik, ospe handiko adituak ekarri ditugu Loiura: Bruno Tombolato eta Jorge Martinez Burillo, kung fu maisuak; Pedro Alvarez, tai txi maisua eta kaligrafia txinatarrean aditua; Tomas Benitez Zunzunegi, akupunturan aditua; Pablo Urrutia margolaria… Itziar Suarez maisu ohia ere etortzen da batzuetan, ikastaroren bat ematera". 

 

Informazioa: likarateloiu@gmail.com

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).