Oliver Magoa, aktorea eta magoa

"Nire ikuskizunak mundua aldatzeko ekarpen xumeak dira"

Aikor aldizkaria 2020ko ots. 10a, 15:06

Getxoko magoak 15 urte daramatza profesional eta ibilbide horretan Euskal Herriko bazter guztietan egon da. Txorierritik ere bai: azken aldia Gabonetan izan da, Sondikan, hain zuzen ere. Bere lana bere pasioa da eta, ikuskizunaz gainera, irakaspenen bat ere eskaintzen du saioetan.   

Zelan Sondikan?

Oso ondo. Ikuskizun txikia izan zen, gaztetxean. Hainbat aldiz egon naiz Txorierriko herrietan eta beti nago gustura.   

Lotura handia duzu Txorierrirekin, ezta?

Bai. Batetik, Loiun bizi naizelako. Eta bestetik, bailarako herrietan ikuskizunak hainbat aldiz eman ditudalako. Esate baterako, saioa Loiuko jaietan eskaintzen dut urtero. Gainera, asteazkenero, Zabaloetxe zentrora joaten naiz, hango mutilei magia ikastaroa ematera. Marokoko mutilak dira, hemengo gazteek baino zailago dute aurrera egitea eta gustatzen zait haiekin egotea. Azkenik, Ioritz Aburto gure soinu- eta argi-teknikaria Larrabetzukoa da. 

Eta zergatik aukeratu zenuen Loiu bizitzeko?

Magia-tailerra Bilbon izan dut betidanik. Hala ere, tailerra etxean bertan izatea zen nire ametsa. Eta familia handitu denez, iaz Loiura etorri nintzen.

Zelan zaudete Txorierrin?

Oso pozik. Txorierri eskualde zoragarria da eta hemen bizi garenok jakin behar dugu zorte handia dugula. Batetik, naturari lotuta bizi gara; eta bestetik, beste gauza garrantzitsu batzuk gertu-gertu ditugu: hondartza, 10 minutura; Bilbo, bost minutura; aireportua hementxe dugu... Oso zorionekoak gara.   

Zelan hasi zinen magian?

Gaztetan, Arte Dramatikoa ikasi nuen; beraz, aktoretzat jotzen dut neure burua. Duela 20 urte ospe handia lortu nuen Zoombados ETB katearen saioaren protagonista izan nintzelako. Euskal Herrian audientzia gehien zuen saioa izan zen hiru urtean. Ondoren, Espainiako telebistan lan egiteko aukera sortu zitzaidan, baina ez nuen onartu. Izan ere, sormen-prozesu osoa kontrolatzea gustatzen zait: pertsonaiak sortu, gidoia idatzi, eszenografia eta musika aukeratu... Eta hori guztia aktoreek ezin dute egin.  Beraz, neure konpainia sortu nuen.

 

"Ez nuke esango egiten ditudanak magia-saioak direnik; nireak magia erabiltzen duten ikuskizunak dira"

 

Eta magia?

Magia nire pasioetako bat izan da betidanik. Dena dela, ez nuke esango nik egiten ditudanak magia-saioak direnik; nireak magia erabiltzen duten ikuskizunak dira: izan ere, magiatik aparte, interpretazioa, antzerkia, janzkera, soinu- eta argi-efektuak ere badaude. Zoriontsua naiz, gustatzen zaidanetik bizitzeko aukera dudalako.

Hamabost urte daramatzazu mago. Zelangoa da zure lana?

Nire lanak hiru ardatz ditu: entretenimendua, emozioak eta ikusgarritasuna. Gainera,  egiten ditudan ikuskizunak mundua aldatzeko ekarpen xumeak dira, hau da, zerbait erakargarria egiten saiatzeaz aparte, irakaspenen bat ere eskaintzen diogu publikoari. Eta jendeak, ondo pasatzeaz gainera, ikuskizuna ikusi eta gero bizitza beste era batean ikusten badu, helburua beteta.

 

"Nire lanak hiru ardatz ditu: entretenimendua, emozioak eta ikusgarritasuna"

 

Garrantzi handia ematen diozu elkartasunari...

Bai. Nire ustez, guztiok egin beharko genuke esfortzua mundua orekatzeko. Nik egun osoa ematen dut ikuskizunak sortzen eta horiek lau haizetara zabaldu nahiko genituzke. Umeak hazten direnean, gustatuko litzaidake emaztearekin furgoneta bat hartzea eta munduko bira egitea, leku guztietan nire ikuskizunak erakusteko. Ildo honi jarraituz, gaur egun, astero joaten naiz Loiura, etorkin gazteekin egotera; hilean behin, ospitalera, gaixorik dauden umeak bisitatzera; Caritas elkartearen kolaboratzailea naiz; duela hiru urte Greziara joan nintzen, errefuxiatuen kanpamentuetara...

Denetariko ikuskizunak egiten dituzu: handiak, txikiak, umeentzat, nagusientzat... Zeinetan sentitzen zara erosoen?

Bakoitzak badu bere xarma: familiak erronka politak dira, umeak zein nagusiak harrapatu behar dituzulako; nagusientzako ikuskizunak ere gustatzen zaizkit, umorea erabili behar dudalako eta nire hasierako aktore-lanetara eramaten nautelako; era berean, neurri txikiko ikuskizunetan oso harreman estua duzu publikoarekin; eta zelan ez, neurri handiko ikuskizunak aktore guztion helburua dira eta hainbat baliabide ematen dizkizute: argia, efektuak, eszenografia, janzkera... 

Nolako harremana duzu beste magoekin?

Bizkaiko magoen elkartearen presidentea naiz. Guztira, 60 lagun gaude, mota askotarikoak, baina bakarrik bospasei gara profesionalak. Badakit beste leku batzuetan ez dela horrelakorik gertatzen, baina hemengo magook oso harreman ona dugu geure artean: batzuetan, lana eskaintzen badidate eta ezin badut egin, kideren bat gomendatzen diet. Ez ditut beste magoak lehiakidetzat jotzen.

Zuk ematen diozu izena konpainiari, baina beste kide bi dituzu...

Bai, hasieran dena egiten nuen neuk bakarrik, baina azken bolada honetan konturatu naiz beste batzuen laguntza ezinbestekoa dela hazteko. Duela bost urte Eva Laordenekin hasi nintzen lan egiten, eta duela hiru urte, Liuba Burianskarekin. Liuba nire emaztea ere bada. Talde ederra osatzen dugu. Jendeak pentsa dezake laguntzaile soilak direla, baina hori baino askoz gehiago dira: taldekideak dira. Primeran konpontzen gara elkarrekin. Niri ikuskizunek poztasun handia ematen didate, baina orain, zorionez, poztasuna taldekide birekin partekatzen dut.

Hala ere, magoak normalean gizonezkoak izaten dira...

Bai. Eta hori eredugarria izan daiteke ikuskizuna ikusten duten neskentzat. Gaur egun, emakumezkoak gizartearen esparru gehienetan daude eta magian ere egon daitezke, zergatik ez.   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).