Koronabirusa

«Bi gerra bizi izan ditut eta badakit zer den hau; ez naiz beldur»

Aikor aldizkaria 2020ko api. 3a, 14:00

Hori Gurena Loiuko zahar-etxeko langileek entzuten dute egoiliar batzuen ahotik. COVID19 batez ere nagusiekin grinatzen ari da, eta egoera larrigarria da zahar-etxeetan. Marisol Couceiro Gurenaren zuzendaria da eta pandemia bertan nola bizi dabiltzan hurbildu digu.

“Egoera oso zaila da: senideak ezin dira egon aitarekin, amarekin edo aitita-amamekin, eta hori da gogorrena bai egoiliarrentzat, bai euren familiarentzat”, esan digu Couceirok. “Guk lehenengo egunetik egiten ditugu bideodeiak, elkar ikusi ahal dezaten, triste dauden edo itxura ona duten antzeman dezaten… Horrek lasaitzen ditu, baina, hala eta guztiz ere, oso gogorra da”. Zuzendariaren hitzetan, langileek bat egin dute eta denak guztiaz arduratzen dira. “Baina, beste leku guztietan gertatzen den moduan, beldur gara. Ezin dugu egiten gabiltzana baino gehiagorik egin, eta oso txarto sentitzen gara. Proba langile guztioi egitea nahi dugu; bestela, ez dugu jakingo gaixotasuna nork duen eta ezin izango dugu kutsatzea ekidin”.

“Proba langile guztioi egitea nahi dugu; bestela, ez dugu jakingo gaixotasuna nork duen eta ezin izango dugu kutsatzea ekidin”.

Bizkaian 155 zahar-etxe daude, eta guztira 10.748 leku. Foru Aldundiak atzo jakinarazitako datuen arabera,159 egoiliar daude kutsatuta COVID19arekin eta 63 ospitalean daude. Langileen artean 64 positibo antzeman dira eta 338 isolatuta daude. Guztira 29 zentrotan dago birusarekin kutsatutako pertsonaren bat, eta koronabirusa duten lagunak artatzeko unitate soziosanitario espezializatuetan 24 pertsona jaso dituzte. Martxoan 182 egoiliar hil ziren eta haietako 33k COVID19a eta beste patologia batzuk zituzten. “Egoiliarrei eta familiei begirunea diegu eta horregatik ez dugu jendaurrean daturik emango; guk datu zehatzak Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari ematen dizkiegu egunero, datuok eurek jaso behar dituztelako. Foru Aldundiak 48 orduro jakinarazten ditu datu ofizialak. Bestalde, etengabeko komunikazioa eta erabateko gardentasuna dugu egoiliarren familiekin, haiek baitira informazioa ezagutu behar dutenak”. Couceirok familien jarrera eta babesa azpimarratu ditu. “Eskerrak eman nahi dizkiegu, eta lasai egoteko esan: beharrezko zaintzez gainera, momentu honetan familiek eman ezin dieten maitasuna erakusten diegu”.

Hasiera-hasieratik hartu dira neurri zorrotzak zahar-etxe guztietan. “Lehenengo sintoma antzeman bezain laster ipintzen dugu martxan protokoloa; esaterako, 37 graduko tenperatura badute, bakartu egiten ditugu. Langileoi dagokionez, tenperatura lanaldiaren hasieran eta amaieran hartzen da eta erregistratzen da: 37 graduko tenperatura izanez gero, langilea etxera joango da”.

“Lehenengo sintoma antzeman bezain laster ipintzen dugu martxan protokoloa”

 

Indarrak batu

Oso justifikazio eta beharrizan handiko salbuespenak izan ezik, bisitak debekatuta daude zahar-etxeetan. “Nagusiek harrituta uzten gaituzte. Komunikabideen, gure eta senideen bidez dakite zer gertatzen ari den. Badakite salbuespenezko egoeran gaudela eta ohiz kanpoko neurriak onartzen dituzte. Ahal dugun guztia egiten dugu ahalik eta entretenituen egon daitezen, eta egunero hitz egiten dute senideekin. Batzuek honela esaten digute: «Bi gerra bizi izan ditut eta badakit zer den hau; ez naiz beldur». Egoitzaren langileak, berriz, beldur dira. “Hala ere, guztiok lan egiten gabiltza arduraz, solidaritatez eta modu egokian, badakigulako indarrak batzen baditugu egoera honetatik ateratzea lortuko dugula”.

“Guztiok lan egiten gabiltza arduraz eta solidaritatez: badakigu indarrak batzen baditugu egoera honetatik ateratzea lortuko dugula”

Gurena zahar-etxearen zuzendariak azaldu digunez, norbera babesteko ekipoak dituzten arren, gorputza babesteko mantal edota buzo gehiago behar dituzte. “Mantalik ez dugunean, eraginkorrak diren beste konponbide batzuei heltzen diegu; hala ere, oso triste da, buzoak egiteko, plastikozko zakuak mozten ibili behar izatea, gehienbat denbora sobera ez dugulako”. Baina batez ere proba zahar-etxeetako langile guztiei egiteko beharra azpimarratu du. “Egin ezean, ez dugu inoiz jakingo nagusiak eta lankideak kutsatzen gabiltzan edo ez. Hori da lehentasuna. Egoiliarrei ere egin beharko liekete proba, baina haiek ez dira egoitzatik irteten eta, beraz, ez dira kanpoan kutsatuko. Gainera, lehen sintoma antzeman eta berehala aktibatzen dugu protokoloa, COVID19a izan zein ez. Aitzitik, langileok kanpotik ekar dezakegu birusa eta sasoiz  jakiteak lagunduko digu gure nagusien bizitza salbatzen”.

“Mantalik ez dugunean, beste konponbide eraginkor batzuei heltzen diegu; hala ere, triste da plastikozko zakuak mozten ibili behar izatea”

Amaitzeko, Gurena egoitzaren langile guztiek adierazi dute aurrera jarraitzeko adina indar dutela.      

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).