Koronabirusa

Bisita mugatuak egin litezke zahar-etxeetan

Aikor aldizkaria 2020ko api. 29a, 12:40

Bizkaiko Foru Aldundiak jarraibideak eman dizkie lurraldeko zahar-etxe guztiei, COVID19arekin kutsatuta ez dauden egoiliarrek astean behin senideen bisita izan ahal dezaten. Zahar-etxeak lekuak atontzen eta bisitak antolatzen dabiltza, azken horiek higiene- eta segurtasun-berme handienekin egin daitezen.

“Egia esan, langileok zein senideak apur bat beldurtuta gaude. Hala ere, era berean, oso pozik gaude, zeren eta bisitak egoiliarrentzat nahiz euren senideentzat oso garrantzitsuak direla baitakigu”, esan digu Marisol Couceiro Gurena Loiuko zahar-etxearen zuzendariak. Bere hitzetan, zahar-etxeko azpiegiturak oso lagungarriak eta egokiak dira “urrats hau segurtasun eta kontrol handiz eman ahal izateko eta, horrela, etapa berrira arazo barik moldatu ahal izateko”.   

“Apur bat beldurtuta egon arren, pozik gaude, bisitak egoiliarrentzat nahiz senideentzat oso garrantzitsuak baitira”

Couceirok azaldu duenez, zahar-etxeak gune nahikoak ditu bisitak gainerako egoiliarrak eta tutoretzapeko apartamentuetako bizilagunak arriskuan ipini gabe egiteko. Baita behar moduan hornituta dauden lekuak ere. “Aparteko sarrera bat dagoenez, pertsonak elkarrekin topo egitea ekidingo da. Sarrera hori banako geletatik dago eta, ondorioz, ez da igogailua erabiliko eta ez dira ateak edo beste elementu batzuk ukituko”. Bestalde, Couceirok jakinarazi du gela guztietan manparak ipintzen dabiltzala ukitze fisikoa saihesteko eta segurtasun handiagoa egoteko. “Bisitak aldez aurretik antolatuko dira. Gure instalazioek eskaintzen dituzten berme guztiei esker, dena ondo ateratzea espero dugu, eta normaltasuna pixkanaka-pixkanaka berreskuratuz joatea”.

Norbera babesteko ekipoak zituzten arren, osasun-krisiaren uneri gorenean, zahar-etxeko langileak bata barik gelditu ziren eta zenbait konponbide asmatu behar izan zuten arazoari erantzuna emateko, adibidez, batak plastikozko zakuak erabilita egitea. “Batak agortu ziren eta ez genuen nola lortu. Zorionez, aspaldian eginda genuen eskari bat heldu zen orain dela aste batzuk, eta orain denetarik dugu. Beste aldetik, eskerrak eman nahi dizkiogu Loiuko alkateari 60 aurpegiko pantaila ekarri zizkigulako; 60 FPP2 maskara ere ekarriko dizkigu. Momentu honetan, norbera babesteko ekipamendu osoak eta nahikoak ditugu langile guztientzat”.

“Momentu honetan, norbera babesteko ekipamendu osoak eta nahikoak ditugu langile guztientzat”

 

Lasaiago

Aspaldian eskatu zen osasun-langileei eta zahar-etxeetako langileei testak egiteko, COVID19arekin kutsatuta zeuden jakiteko, baina asteak pasatu dira horiek egiten hasi den arte. “Testa zahar-etxeko guztioi egin digute. Horri esker ezagutu dugu benetako egoera zein den eta, datu gehiago dugunez, kutsatzeko arriskua zehaztu ahal dugu. Era berean, aztertu dezakegu egoiliar berriak hartu edo ez; orain arte baztertuta izan dugu aukera hori”. Gainera, Gurena enpresak Suitzan egindako testak erosi ditu. “Nahiko fidagarriak dira. Testak modu jarraituan egiteko asmoa dugu, batez ere langileoi: zahar-etxetik atera eta hara sartu egiten gara, eta, hortaz, gaixotasuna nagusiei kutsatu ahalko genieke”.

Couceirok aipatu digu osasun-larrialdiaren hasieran baino lasaiago daudela. “Zahar-etxeetan oso pertsona zaurgarriak bizi dira; baina, halaber, ausartenak dira eta eredua dira guztiontzat”. Horren haritik, Couceirok kontatu digu egoiliarrek egoera hasieratik onetsi zutela. “Nagusiek harrituta uzten gaituzte. Komunikabideen, senideen eta gure bidez dakite zer gertatzen ari den. Badakite salbuespenezko egoeran gaudela eta ohiz kanpoko neurriak onartzen dituzte. Ahal dugun guztia egiten dugu ahalik eta entretenituen egon daitezen, eta egunero hitz egiten dute senideekin. Batzuek honela esaten digute: «Bi gerra bizi izan ditut eta badakit zer den hau; ez naiz beldur». Bisita jaso ahal izatea guztiz onuragarria izango da euren emozio-egoerarako.

“Zahar-etxeetan oso pertsona zaurgarriak bizi dira; baina, halaber, ausartenak dira eta eredua dira guztiontzat”

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).