“Loiu sozialki eta ekonomikoki suspertzeko ordua da”

Aikor aldizkaria 2020ko eka. 25a, 12:05

Josu Andoni Begoña, Loiuko alkatea

Aireportuak bitan zatitzen du Loiu eta alde bietan dendak, tabernak eta jatetxeak daude. Hogei bat establezimendu dira eta herritarrentzat ez ezik txorierritarrentzat ere sortzen dute enplegua. Udalak Loiu On! suspertze plana onartu du eta horren barruan diru-funts bat sortu da denda txikiei, ostalariei eta autonomoei COVID-19ak sortutako krisiari aurre egiten laguntzeko.

Josu Andoni Begoña Loiuko alkateak adierazi duenez, udal-dirulaguntzak eta beste administrazio batzuek emandakoak bateragarriak izango dira. Itxita izan den establezimendu bakoitzak 1.000 euro jasoko du; eta zabalik egon arren, fakturazioa gutxienez % 75 murriztu duenak, 800 euro. Autonomoek, bestalde, 700 jasoko dute jarduera ixtegatik, eta 500 euro, fakturazioa murrizteagatik.

Loiu On! Plana 22 jarduera-ildo estrategikok osatzen dute udalerria hainbat arlotan biziberritzeko. “Neurri horietako batzuk ezarri dira. Adibidez, Loiu Bizi tresnaren bidez, herriko adin guztiak bisitatu genituen euren egoera ezagutzeko, eta maskarak banatu genituen herritar guztien artean.  Gaur egun, beste neurri batzuk ezartzen gabiltza, hala nola zerga-salbuespenak, gizarte-laguntzak handitzea eta udal-emakida duten lokalen alokairua ez kobratzea. Datozen asteetan eta hileetan ere hainbat ekimen ipiniko dira martxan, batez ere ekonomia suspertzeko. Izan ere, indarrak batu behar ditugu krisi ekonomikotik irten ahal izateko”.

Begoñaren esanetan, udalak ahalegin handia egingo du ostalariei, merkatariei eta autonomoei laguntzeko. Esaterako, 2020an ez da terrazei lotutako zerga kobratuko, eta udalak zerga hori 2021ean ere ez kobratzeko konpromisoa hartu du. Halaber, terrazek leku handiagoa hartu ahalko dute aurretik izandako mahai-kopuru bera izan dezaten.

Tokiko kontsumoa sustatzeko, urtean antolatzen diren ekintzez gainera –azoka gastronomikoa, putxeren txapelketa eta autoen kontzentrazioa kasu–, loiuztarrentzat eta txorierritarrentzat ez ezik Bilbo Handiko biztanleentzat ere erakargarriak izan litezkeen ekitaldiak garatzen ahaleginduko da udala. Bestetik, bonoloius-ak aterako dira lehen aldiz. 30 euroko 1.000 bonu banatuko dira herriko establezimenduetan gastatzeko: erosleak 20 euro ordainduko ditu eta gainerako 10 euroak udalak ipiniko ditu. Horri lotuta, aipatu beharra dago konfinamenduan egindako txapelketa guztien sariak nahiz datozen asteetan antolatuko direnenak bonoloius-etan emango direla. “Loiuren ordua da, bertoko bizilagunena, eta Loiu sozialki eta ekonomikoki suspertzeko ordua”.

Kontsumoa dinamizatzea

Hurbileko merkataritzaren eta zerbitzuen balioak azpimarratzeko publizitate-kanpaina ere egingo du Loiuko Udalak, eta establezimendu guztiak ireki ondoren hainbat egitasmo sustatuko ditu tokiko kontsumoa dinamizatzeko eta sustatzeko; egitasmo horietako bat lehen aipatutako bonoloius-ak izango dira. Era berean, udalaren gobernu-taldeak 2021ean tasak, zergak eta prezio publikoak bere horretan uzteko proposamena eramango du osoko bilkurara. 

“Loiu herri bizia eta dinamikoa izateko lanean ari gara. Horren harira, sobera ezagunak dira herrian dinamizatzeko –eta beraz, hainbat sektoretan eragin zuzena izan dezaten– azken urteotan abian jarri ditugun ekimenak. Merkatariek eta ostalariek ere oso balorazio positiboa egiten dute. Herri aktibo bat izatea pozik egoteko modukoa da, eta herritarrek ekintzetan parte hartzea, ekintzok Txorierriko, Bilbo Handiko, Bizkaiko eta inguruko probintzietako lagunak erakartzeko trakzio-motorra baitira. Bizilagunei, merkatariei, ostalariei eta autonomoei laguntzen jarraitu behar dugu, eta ildo beretik lan egin”. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).