Ramon Juste Jordan, ikertzailea

Munduko ikertzailerik onenetarikoa

Aikor aldizkaria 2021ko api. 21a, 11:09

Barbastron (Huesca), 1957an jaioa, Albaitaritzan lizentziatu eta doktoratu zen Zaragozan eta Euskadira orain dela lau hamarkada ailegatu zen Nekazaritza Ikerkuntzarako eta Hobekuntzarako Zerbitzuan lan egitera; Loiun 1998tik bizi da. Gaur egun, ikertzaile nagusi dabil NEIKERen eta, Stanfordeko Unibertsitatearen arabera, Albaitaritzan Espainiako ikertzailerik onenetakoa da munduan.

“Matematikak dira, besterik gabe. Kontuan hartzen dira aldizkari zientifikoetan argitaratutako artikuluak eta beste ikertzaile batzuek norberaren artikulu horiek zenbat aldiz aipatu dituzten, eta gero, formulak erabilita, leku batean edo beste batean sailkatzen gara”, esan digu.  Orotara 250 artikulu idatzi ditu animalien osasunari buruz. Testu gehienetan, mikobakteriek eta lentibirusek eragindako gaixotasunak izan ditu hizpide, baina momentuko gaiak ere aztertu ditu, behi eroen sindromea kasu. “Neiker entzefalopatia espongiformeko erreferentzia-zentroa izan zen Euskadin, eta denboraldi batean elkarlan estuan aritu ginen medikuekin”. Hala ere, kexati agertu da COVID-19ak eragindako osasun-krisian ez delako albaitariengana jo. “Albaitariok medikuek baino ohitura handiagoa dugu agente patogeno infekziosoekin lan egiteko. Nire ustez, akatsa izan da gure eskarmentua ez baliatzea: birusa lehenago eta modu eraginkorragoan kontrolatzen lagundu ahal izango genuelakoan nago”.

“Albaitariok SARS-CoV-2 birusa modu eraginkorragoan kontrolatzen lagundu ahalko genukeen”

Arestian argitaratutako artikulu batean, hain zuzen, azaldu du etxeko animaliek neurri batean babestu gaitzaketela birusetik. “Teoria da. Nolanahi ere, animaliekin harremanetan egotea gizakien defentsetarako mesedegarri den ideia ez da berria, espezie guztien osasuna oso lotuta baitago beste espezie batzuen osasunari. SARS-CoV-2 birusa ez da ezerezetik atera, beste espezie batean zegoen beste koronabirus batetik baizik; koronabirus hori eboluzionatuz joan da, harik eta gizakiongan eritasuna sortzeko gauza den aldaera bihurtu den arte. Horregatik da inportantea medikuek eta albaitariok elkarrekin lan egitea, izan ere, medikuek sendatzea dute ardatz nagusitzat, eta albaitariok, eritasunei aurrea hartzea, zeren eta eguneroko lanean ez baitzaigu interesatzen animaliak gaixotzea”.

“Animaliekin harremanetan egotea gizakien defentsetarako mesedegarri izan daiteke”

Juste NEIKEReko Animalia Osasuneko Departamentuaren burua izan da 15 urtean eta gaur egun ikertzaile nagusi dabil bertan. “Gehienbat mikobakterioak ikertzen ditut; onddoenaren antzeko hazkundea duten bakterioak dira. Oso lan teorikoa egiten dut: bibliografia eta datuen analisia; animalien laginak, esaterako, beste lankide batzuek hartzen dituzte. Zehatz-mehatz mikobakterioei lotutako txerto bi landu ditugu: bata, paratuberkulosiaren kontra, eta bestea, tuberkulosiaren aurka. Gainera, basurdea iberiar penintsulako tuberkulosiaren gordailu gisa identifikatzen lagundu dugu, eta basurdeei jartzeko txertoa sortu. Txerto hori garatuz joan gara hainbat animalia-espeziei jartzeko eta orain hura hobetzen saiatzen gabiltza, tuberkulosia prebenitzeko hainbat espezierengan zer eragin duen jakiteko”.

Luze

Orain gutxira arte, immunitate-sistema bakarrik gaixotasun bakoitzerako berariazko txertoa erabilita bizkortu ahal zen ustea zegoen, baina urteetan bildutako ebidentziek agerian utzi dute patogeno zehatz baten kontrako txertoak immunitate-erreakzioa sortzen duela beste mota batzuetako infekzioen aurrean ere. Horri ikasitako immunitatea esaten zaio. Adibidez, gizakien txertaketen emaitzak aztertuta, ikusi da garapen bidean dauden herrialdeetan tuberkulosiaren aurkako txertoak haurren heriotza-tasa murrizten duela gaixotasunaren intzidentzia-tasatik harago; hau da, tuberkulosia ez den beste gaitasun batzuek eragin ditzaketen heriotzak saihesteko gai da. “Oso mekanismo interesgarria da eta albaitaritzan orain arte ez da berariaz aztertu; guk paratuberkulosiaren aurkako txertaketa erabili dugu horretarako. Zentzuzkoa da pentsatzea ikasitako immunitateak oso eginkizun inportantea izan duela gizakion bilakaeran, immunitate-sistema sendoa behar dugulako hirietan eta hainbeste jenderekin kontaktu hain estuan bizi ahal izateko. Gaixotasun bat gainditu edo txerto bat jaso ondoren, litekeena da beste eritasun batzuetatik babesten gaituzten defentsak sortzea. Ideia hori aztergai dago gaur egun eta gustatuko litzaiguke hari buruzko ezagutza zientifikoa sortzen jarraitu eta ekarpena egitea”.

“Zentzuzkoa da pentsatzea ikasitako immunitateak eginkizun inportantea izan duela gizakion bilakaeran”

Luzea da ikerketa-prozesua; paratuberkulosiaren kontrako txertoa garatzen, esate baterako, 15 urte daramatzate. “Ikerkuntzan egiten den inbertsioa ez da nahikoa; txikia da, gurearen antzeko bizi-maila duten herrialdeetan egiten denarekin alderatuta. Politikariei gustatzen zaie esatea ikerkuntza sustatzen dutela, zerbait positibotzat hartzen delako; hala ere, dirua banatzeko orduan lehentasuna ematen diete beste gai ikusgarriago batzuei, botoak eskuratzen lagunduko dietenei. Ikerkuntza bigarren mailan uzten da, baina, egia esan, ikerkuntzan inbertitzea oso onuragarria da, epe ertainean eta luzean lehiaketa-abantailak ekartzen dituelako”. 

“Inbertsio txikia egiten da ikerkuntzan; hala ere, onuragarria da, lehiaketa-abantailak ekartzen dituelako”.

Zientzia bakarra da, eta herrien arteko lankidetza, bizia. Alabaina, produktuak edo prozedurak garatu behar direnean, bakoitza bere buruaz arduratzen da. “Zientzia oso altruista da teorikoki. Diru publikoarekin finantzatzen da eta guztion onurarako izan beharko luke; halere, gizarte kapitalista batean bizi gara eta diru-irabazia da jardueraren motorra. Ezagutza zientifikoa industriaren interesekoa da, baldin eta irabazi ekonomikoa ekar dezakeen erabilera praktikoa badu. Izatez, Europako sistema zientifikoari egiten zaizkion kritiketako bat da, oso teoria edo zientzia ona egin arren, ez dela produkzio-sektorera heltzen; Estatu Batuetan edo Asian, berriz, argiago dute ikerkuntzan inbertitzea azkenean errentagarria dela”. 

Bokazioa

Juste Albaitaritzan lizentziatu eta doktoratu zen Zaragozako Unibertsitatean. “Txikitan esaten nuen medikua edo albaitaria izango nintzela. Egia esateko, albaitari-medikuntza giza medikuntza baino malguagoa iruditzen zitzaidan: giza medikuntzan erantzukizun pertsonal handiagoa dago; albaitari-medikuntzan zientzia purua da nagusi eta ez dago alderdi sozialik edo emozionalik”. Aitortu duenez, karrera egiten zebilela ez zuen pentsatzen etorkizunean ikerkuntzan arituko zenik. “Karrera bukatuta, hurrengo urratsa doktoretza egitea zela erabaki nuen. Baina ez nuen horretarako bekarik lortu, eta doktoretza eta lana uztartzeko hautua egin nuen”. Albaitari-klinika egin zuen bere herrian, Barbastron, eta gero Terueleko Maestrazgoko herri batean. Euskadira 1982an ailegatu zen, Eusko Jaurlaritzari Nekazari Ikerketa transferitu zitzaionean. “Hasieran Nekazaritza Ikerkuntzarako eta Hobekuntzarako Zerbitzua ginen, SIMA, eta Nekazaritza Sailaren baitan izan ginen. Ondoren, 1998an, enpresa publikoa bihurtu ginen, NEIKER alegia”. Juste Parasitologia eta Birologia Taldearen burua izan zen 1991ra arte. Urte horren amaieran, eta tesia amaituta, Nebraskako Unibertsitatera joan zen bere burua biologia molekularraren eta mikobakterioen tekniketan trebatzera. Ondoren, ia bi urte eman zituen ikertzaile giza Texaseko Unibertsitatean lentibirusak aztertzen.

Euskadira 1995ean itzuli zen, eta behin NEIKER eratuta, Animalia Osasuneko Departamentua zuzendu zuen 2015era arte. Urte horretan Asturiaseko Nekazaritzako Elikagaien Ikerketa eta Garapenerako Zerbitzuaren (Serida) zuzendari kudeatzaile izendatu zuten. “Beti esan dut ez nuela erantzukizun administratiborik nahi, baina Asturiasen egonda konturatu nintzen beste lan batzuei ere heldu ahal niela. Dena dela, Serida zerbitzuan egon nintzen bitartean, ikerketan ere jarraitzeko aukera izan nuen, eta hango eta hemengo ikertzaileekin kolaboratu, baita artikuluak argitaratu ere. Egunak 24 ordu ditu eta kudeaketari 10 ordu eskaini arren, hiru ordu atera ahal dira ikerkuntzarako…”. 2020ko otsailean NEIKERera bueltatu zen eta gaur egun ikerkuntzan dabil buru-belarri. Animaliek noizbehinka izurriteren bat pairatzen badute ere, bere lan-ibilbidean momentu berezi bi bizi izan ditu: hegazti-gripea eta mihi urdinaren gaitza. “NEIKER penintsulako laborategi bakarra izan zen hegazti-gripea sortzen duen H5N1 birusa isolatzen”.

Bestalde, loiuztarrak 12 doktoretza-tesi zuzendu ditu eta adierazi digu oso harro dagoela horretaz. “Pertsona horietako bederatzi NEIKERen dabiltza lanean; bi, Osakidetzan; eta azkena, Alemaniako medikamentuen agentzian. Prestigio handia dakar nork bere burua NEIKERen hezteak, Estatuan zein nazioartean”. Bere lana ere saritu dute. Horrela, bada, Isabel Minguez Tudela saria jaso zuen 2016an eta duela gutxi bere lantaldeari Zendal saria eman diote animalien osasunaren ikerkuntzaren kategorian. “Ondo dago norberaren lana aintzat hartzea, baina ez dut horretarako lan egiten. Benetako akuilua da ezagutza sortzea, ikastea eta gauza berriak aurkitzea”. 

“Sariak baino, benetako akuilua zera da, ezagutza sortzea, ikastea eta gauza berriak aurkitzea”

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).