IANIRE SAGASTI RUIZ , artista

“Artea mundua onartzeko modua da niretzat”

Aikor aldizkaria 2021ko eka. 4a, 13:11

Artista plastikoa eta poeta da, eta duela gutxi irakasle hasi da EHUn. Basaurikoa da jaiotzez, baina duela 10 bat urte Txorierri aukeratu zuen bizileku. Pasio handia du arterako, eta hori ulertzeko modu berezia eta apurtzailea, pinturan zein poesian. Ezinezkoa da hotz eta motz azaltzea bere obraren aurrean.

Noiz sentitu zenuen artearen bidez zure burua adierazteko beharra?

Artea, batez ere pintura eta idaztea, nire bizitzaren parte izan dira beti: txikitatik izan dudan adierazteko modua. Udak aitita-amamen herrian pasatzen nituen eta han ez zegoen umerik jolasteko, eta gogoratzen dut orduak margotzen eta idazten ematen nituela, nire munduan sartuta, eta ondo pasatzen nuen benetan. Amamak Bibliaren ale bat zuen eta hango marrazkiak kopiatzen nituen.

Eta noiz erabaki zenuen artista izango zinela?

Institutua amaitu ondoren zer ikasi erabakitzeko unea ailegatu zen, eta etxekoei adierazi nien Arte Ederrak ikasiko nituela; gainera, garai hartan marrazketa-eskolak jasotzen nenbilen. Ondo pentsatzeko esan zidaten, beharbada, Arte Ederrek ez zutela lan-irteera handirik izango… Baina nik erantzun nien ezin nituela beste ikasketa batzuk egin: artea nire bizitzaren parte da, eta munduari aurre egiteko dudan modua. Azkenean, gurasoek nire erabakia ulertu zuten eta lagundu zidaten, izan ere, nola behartuko ninduten beste ikasketa batzuk egitera? Pasio barik ezin da ezer egin, eta are gutxiago Arte Ederrak.

“Pasio barik ezin da ezer egin, eta are gutxiago Arte Ederrak”

Zergatik pintura eta poesia uztartu?

2005ean hasi nintzen mundu horiek biak maila plastikoan batzen. Kordobako fakultatean ikasteko beka eman zidaten eta hasieran frustragarria izan zen, zerbaitek ez zuelako funtzionatzen, nahiz eta nire buruan mundu biak uztartzeko ahalegina egin –esaterako, poema pinturaren bitartez adierazi–. Irakasleek haizearen aldeko egiteko aholkua eman zidaten eta orduan hasi zen nire obra funtzionatzen: gaur egun erabiltzen lengoaia hasi zen sortzen. Poema ekintza piktorikora eramaten ahalegintzen naiz, ikusleak pinturan poema irakurtzea edo igartzea nahitaezkoa ez bada ere; baina, era berean, gerta daiteke margolanetik poema ateratzea, biek iturburu berbera dutelako: beharrizana.

“Nire obra piktorikoak zein poetikoak iturburu berbera dute: beharrizana”

Nolako artista zara, zure ustez?

Ezaugarri autobiografikoa duen pintura lantzen dut, baina, hala ere, ez da beharrezkoa obran Ianire ikustea. Nire obraren piztailea edo aitzakia zerbait oso-oso pertsonala izan ohi da; alabaina, egia da nire obran zenbat eta gehiago sakondu, orduan eta gutxiago interesatzen zaidala atzean dagoen diskurtso autobiografikoa, ze ikusleek pinturaren keinuei, pintzelkadei, irudiei, materiari, koadroaren tratamenduari… erreparatzen diete, eta hori interesatzen zait gehien. Hau da, diskurtsoak ez dio garrantzirik kentzen alde plastikoari. Bestalde, nire poesia are gehiago da autobiografikoa: konfesionala da.

“Nire obraren piztailea edo aitzakia zerbait oso-oso pertsonala izan ohi da”

Eta zure obra?

Grafismo handia du, orban asko; bitxia da bisualki… Hori gustatzen zait; ez zait eder-ederra den pintura gustatzen. Nire obrak punk-ukitua du, horretan ikertzen dut eta. Hala ere, beste zentzu batzuetan oso espresionista da. Erreferente figuratiboa izatea gustatzen zait, baina gainerakoekin kontrastatzen daitezela, pintura-masekin, grafiekin, oihalarekin… Batzuetan hobeto funtzionatzen du, eta beste batzuetan, okerrago: prozesuaren parte da. Nire obra oso espresionista dela esan genezake, eta mihisean asko mugitzeko joera dudala: formatu handiak gustuko ditut, pintura-jarioa, pintura-masa, bat-batean euskarria ikustea…

Zure poesia konfesionala dela esan duzu lehen.

Errealismo zikin-ukitu batzuk ere izan ditu inoiz. Gaur egungo poesia da, oso lengoaia arrunta erabiltzen duena, baina batzuetan osagai klasikoago bat sartzea ere gustatzen zait, pintura moduan, atentzioa eman dezan: “ederra” eta “txorta egin” hitzak bata bestearen ondoan idaztea, adibidez. Nire poesia ez da gozoa; nik ez dut gauza politik kontatuko, lehen esan dudanez, pintura zein poesia erabiltzen ditudalako aldarte-egoera negatiboak bideratzeko. Nire azken liburua Una procesión de pieles, una sucesión de tierras da. Bilbokoa izan ezik, gainerako aurkezpen guztiak bertan behera gelditu ziren pandemiaren eraginez. Zati bi ditu: lehenengoak ikuspegi femeninoagoa du eta sexualitateaz idazten dut, intimitateari lotutako gatazkez; bigarrena apur bat maduragoa da eta familia, lurraldeak, jaraunspen psikologikoa… ditut hizpide.

“Nire poesia ez da gozoa; nik ez dut gauza politik kontatuko”

 

“Pintura zein poesia erabiltzen ditut aldarte-egoera negatiboak bideratzeko”

Zure buruarentzat sortzen duzu? Publikoarentzat?

Nire buruarekin leiala izaten saiatzen naiz beti, nire ustez, hori ezinbestekoa delako obrak funtzionatzeko. Margotzeko aitzakiatzat erabili dudana, sentimendua, zirrara… oihalean edo euskarrian adierazi nahi dut, eta publikoari helarazi, nahiz eta jakin badakidan norberak bere ikuspegia eta mundua begiratzeko modua duela. Horri lotuta, oso lan emozionalak egiten ahalegintzen naiz.

“Nire buruarekin leiala izaten saiatzen naiz beti, hori ezinbestekoa delako obrak funtzionatzeko”

“Nire lanaren agresibitatea da adierazteko premiazko beharrizanaren emaitza”, idatzita duzu zure obrari buruz. Egunerokotasunean hitzez adierazten zailak diren sentimenduak, ideiak… bideratzeko modua da artea?

Bai, izan daiteke. Nire kasuan, artea orokorrean, eta pintura eta poesia bereziki, mundua onartzeko modua da. Oso pertsona positiboa naizen arren, eta batzuetan mundua leku zoragarria dela pentsatzen badut ere, orokorrean uste dut mundua kaka handia dela. Orduan, gogo-aldarte horiek artearen bitartez bideratzen ditut eta, nire iritziz, horrek laguntzen dit orekatuta egoten. Nolanahi ere, ez dut uste hori artean baliagarria den bakarra denik; artea komunikatzeko bidea ere bada eta kontzientziak aldatzeko gaitasuna du.

Arreta eman digu denboraren joanean okerrago biziraungo duten euskarriak erabiltzeak: izarak, kartoia…

Helarazi nahi duzun mezuaren parte da euskarria. Baliabiderik ez dagoenean, edozein euskarri erabiltzen da, baina dirua dagoenean, mihise handietan pentsatzen da. Nire kasuan, konturatu nintzen mihise handi horiek ez zutela funtzionatzen, estetika zikina eta apurtzailea izugarri gustatzen zaidalako: trazu edo orban batean ere edertasuna ikusten dut. Beraz, garrantzi handia ematen diot euskarriari, eta uste dut hori zenbat eta itsusiagoa izan, lanak are eta hobeto funtzionatu dezakeela. Egia esateko, izu ikaragarria ekartzen dit mihise handi eta garbi-garbi baten aurrean egoteak; askoz zailagoa iruditzen zait. Jendeak pentsa dezake arte abstraktua edonork egin dezakeela, umeek ere bai. Ez da egia. Umeek gauza zoragarriak egiten dituzte, jenio hutsak direlako; zu, berriz, saiatzen zara eta emaitza da narrioz betetako zerbait. Halere, zarenarekin zerikusia duen zerbait egiten baduzu, dena hobeto joaten da, eta nire kasuan, mezua eta euskarria batera joaten dira. Esaterako, amorrua bideratu nahi badut, ez du zentsurik 200 euroko oihal txiki bat horretarako erabiltzeak, mezua galdu egingo da eta. Behin batean, kalean topatutako koltxoi-azalak erabili nituen margotzeko: oso poema erotikoak idatzita nituen eta iruditu zitzaidan koltxoi-azalak euskarririk egokienak zirela poemak pinturan islatzeko.

“Izu ikaragarria ekartzen dit mihise handi eta garbi-garbi baten aurrean egoteak”

Hortaz, badakizu zure lanak neurri batean galduko direla.

Bai, eta berdin dit, lana sortzen dudalako momentuan sentitzen dudana kontuan hartuta, eta iraungo du iraun behar duena. Are gehiago, lanak bota egin ditut inoiz, ordurako ez zirelako nire bizitzaren parte. Halaz ere, egia da batzuetan euskarri egokia izan arren, lanak ez duela aurrera egiten. Poesian zorrotzagoa naiz, agian, baina pinturan gorabehera handiak ditut: gerta daiteke sasoi batean lanean buru-belarri egotea eta jatea ere ahaztea, baina gero hilabeteetan ezer ez egitea, sentitzen dudalako ez dudala zer kontatu. Sortze-prozesuaren parte da hori eta ariketa moduan hartzen dut. Halako momentuak aprobetxatu ohi ditut enkarguak egiteko, edo jendaurrean ikusgai ipiniko ez ditudan lanak egiteko.

“Lana momentuan sentitzen dudana kontuan hartuta sortzen dut, eta iraungo du iraun behar duena”

Enkargu horiek oso bestelakoak izango dira, ezta?

Bai, hurbilekoek eskatzen didatelako egiten ditut. Ariketak dira niretzat eta ez diet nire obrari eskaintzen diodan “arima” eskaintzen. Dena dela, badakit nirea ez dela erraz erosten den obra: ikusgai ipintzeko obra da; ez sofa gainean ipintzekoa. Hala ere, ez pentsa, koadroren bat ere saldu dut.

Ikusi dugu proiektu bat hasi duzula hilekoko odola erabilita.

Iaz hasi nintzen kopa menstruala erabiltzen eta, nire obraren eta nire buruaren arteko lotura oso estua izatea nahi dudanez, pentsatu nuen, beharbada, odola pinturatzat erabili ahal nuela. Esperimentatzen hasi nintzen, eta otu zait proiektu bat egitea harik eta hilekoa kentzen zaidan arte. Urtero egiten dudana gordez joango naiz, egunekoa balitz bezala, eta, ahal dela, gustatuko litzaidake proiektua ikusgai jartzea, eta irudien mapa bisual moduan aurkeztu. Lantzeko orduan, hilekoko odolak akuarelaren antza du; hala ere, erraz-erraz egiten du cracking. Produktu kimikoak erabiltzen nabil hori ekiditeko, baina kolorea aldatzen da eta zait asko gustatzen…

Zer duzu inspirazio-iturri?

Ikasleei beti esaten diet adi eta edozein gauzatarako zabalik egon behar dutela, gauzarik hutsalena ere inspirazio-iturria izan daitekeelako. Hitz bat, hunkitu nauen zerbait, idazten nabilen poema… Buruan ideiak eta ideiak sortzen dira eta berehala hasi behar dut lanean, horixe baita helarazi nahi dudan esentzia. Momentuan itotzen nauen hil edo biziko beharrizana da, oka bat, eta horregatik gustatzen zait obrei buru-belarri ekitea, freskotasuna gal ez dezaten. Aitzitik, samurregi iruditzen bazaizkit eta aurrerago egingo ez dutela ikusten badut, bertan behera uzten ditut eta, lehen esan moduan, ariketa gisa hartzen ditut. Gauza askok inspiratzen naute, baina egia da beti osagai apur bat negatiboa dagoela. Beste aldetik, collagea lantzea gustatzen zait, itsastea, urratzea… bat-batekotasuna.

“Gauza askok inspiratzen naute, baina egia da beti osagai apur bat negatiboa dagoela”

Zeintzuk dira zure erreferenteak?

Asko ditut, baina Tracey Emin da gehien gustatzen zaizkidan artistetako bat; eta gero, jakina, betiko margolari handiak, Goya tartean. Poesian ere milaka erreferente ditut. Lehen gehienbat gizonek idatzitakoa irakurtzen nuen, baina orain batez ere emakumeek idatzitako poesian ipintzen dut arreta, adibidez, Anne Sextonen obran. Literatura erromantikoa ere irakurtzen dut, udan batik bat, deskantsatzeko, hain bizi-osagai handia duen poesia ere barneratu behar delako.

Sari asko jaso dituzu pinturan zein poesian. Zer dira?

Zalantza- eta kritika-uneak egon diren arren, egindako ahaleginari erakutsitako esker ona. Dena dela, nik ez ditut obrak beren-beregi sarietarako egiten; aurretik izan ditut eginda, eta hortaz, artea moduko hain bestelakoa eta sentibera den mundu batean sari bat jasotzea egundoko gauza da.    

Zer nolako planak dituzu?

Ideia asko ditut buruan, baina denbora gutxi. Urte amaieran erakusketa egingo dut Basaurin, herriko beste artista birekin batera. Talde-erakusketak oso aberasgarriak dira ikusle zein artista moduan, beste mundu batzuk ezagutzen dituzulako, harremanak lantzen dira, besteak egiten dabiltzana ikusten duzu, muntaketa nola egiten den… Eusko Jaurlaritzak beka bat eman zidan 2019an eta proiektu hori hain zuzen ere eramango dut erakusketara. Proiekturako lan berri bat egitea gustatuko litzaidake, baina urte bi pasatu dira eta hausnartu behar dut orain egindako zerbaitek egitasmo horretan lekurik duen.

Eta proiektu horren abiapuntua da portadarako aukeratu dugun argazkia.

Bikotekideari eta bioi asko gustatzen zaizkigu txintxortak eta txerri-masail erdia erosi genuen okindegian. Hozkailuan sartzeko, txerri-masaila poltsatik ateratzen genbiltzala izan nuen ideia: hura aurpegian ipini nuen eta bikotekideari esan nion argazkiak egiteko. Portadakoa da argazki-sesioaren lehen irudia, eta proiektuaren abiapuntua: argazkia deseraikinez doa pintura bihurtzeko.

Irakasle EHUn

Basauri, 1983. Sondikan bizpahiru urte eman ondoren, 2013an Loiura bizi izatera joan zen, Larrondora. “Poz-pozik gaude hemen. Hiritik eta zalapartatik urrun bizi nahi genuen, eta, oso polita izateaz gainera, Loiu leku lasaia da: berdegune asko daude, paseatzera atera ahal zara, ibilbideak egin… Gainera, garraio publikoa eskura dugu”.

Duela gutxi irakasle hasi zen Arte Ederretako Fakultatean. “Eskola-saioetan % 200 ematen ahalegintzen naiz, eta arterako dudan pasioa ikasleei helarazi. Pintura I irakasten diet lehen urratsekoei, eta akuarelak, olioak, akrilikoak… egiten ere irakasten dut. Hirugarren urratseko ikasleekin lantzen dut proiektu piktoriko bat nola sortu, eta oso aberasgarria da, sormen-lan handia egiten dudanez, energia kutsatu ahal diedalako”. Galdetu diogu ikasgelara artea ulertzeko bere modua eramaten duen galdetu diog eta “bai eta ez” erantzun digu. “Ikasleei arterako ditudan grina eta lilura helarazten saiatzen naiz, baina, gero, azaldu behar dena azaldu behar da. Ildo horretatik, nire ustez, egokienak diren erreferenteak aukeratzen ditut eskola-saioetarako, nahiz eta gehiago edo gutxiago gustatu. Izan ere, arterako pasioa helarazteko, ez da beharrezkoa zure obrari buruz hitz egitea, sentitzen duzunari buruz baizik”.    

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).