Loiuko eskola 30eko hamarkadan

t: Ixone Ledesma Villanueva / a: IƱaki Olabarrieta 2021ko eka. 16a, 10:28

Loiu baserriek osatutako herria zen 30eko hamarkadan, 1.000 biztanle inguruko nekazal herria. Iñaki Olabarrieta historiazaleak kontatu digunez, herrian eskola txiki bat zegoen Larrakoetxe auzoan. Eraikinak bi solairu zituen eta, sexua irizpide izanik, ikasleak bi solairutan banatuta zeuden. Beheko solairuan mutilen ikasgela zegoen eta irakaslea Santiago Rodriguez Garcia zen; goiko solairuan nesken ikasgela zegoen, baina ezin izan dugu jakin irakaslea nor zen.

Santiago Errepublika garaiko irakaslea izan zen, eta garai hartako gobernuak hezkuntzari aitortzen zion garrantzia emateaz arduratu zen. Gobernuak hainbat erreforma onartu zituen, hala nola doako hezkuntza eta hezkuntza laikoa. Bi ezaugarri horiek garrantzitsuak izan ziren, izan ere, haur guztiek aukera berdina izan zuten ikasteko. Horri esker, herritarren alfabetatze-kopurua igo zen, Espainiako Estatuaren progresioa ahalbidetuz. Errepublika garaiko hezkuntza-eredua handinahikoa izan zen, Espainia atzeratuari bultzada emango ziona, Europako beste herrialdeen parera heltzeko. Baina Gerra Zibila hasi zenean, erreforma guztiak bertan behera gelditu ziren eta Estatuko hezkuntza-sistema guztiz aldatu zen, berriro ere atzera eginez.

Larrakoetxeko eskolak ere jasan zituen Gerra Zibileko ondorioak, eta frankismoaren hezkuntza-eredua. Santiagok aurrera eramandako metodologia mehatxatua izan zen. Eskolan ikasgai berriak ezarri ziren, haien artean, erlijioa, garbitasuna eta jarrera, kaligrafia… Frankismoak tresna gisa erabili zuen hezkuntza nortasun konkretu bat lortzeko eta, era berean, bere ideologia gazteengan bermatzeko. Helburu hori lortzeko, irakasleak kaleratu ere egin zituzten eta haietako bat Santiago izan zen.

Larrakoetxeko eskolak ere jasan zituen Gerra Zibileko ondorioak, eta frankismoaren hezkuntza-eredua

Olabarrietaren arabera, Santiago lanetik Gerra Zibilaren hasieran kaleratu zuten, 1936. urtean. Urte horretan, herrian, altxatuen kontrako herritarren zerrendak egiten hasi ziren eta Santiagoren izena zerrenda horretan agertu ondoren bota zuten eskolatik. Lanik gabe, berak eta bere familiak ondorioak pairatu behar izan zituzten eta nekazal lanetan aritu ziren etxe ondoko landan, Santiagok ez zuelako aukerarik izan berriro irakasle izateko.

Olabarrietaren esanetan, Santiago bestelako irakaslea zen: ikasleez kezkatzen zen eta ikasgelako dinamikak ez zeuden ez izuaren menpe, ez agindu autoritarioen menpe. Ikasleek ez ezik, herriak ere miresten zuen Santiago eta pertsona jakintsua zela nabarmentzen du Olabarrietak. Kaleratu zutenean, herria Santiago laguntzen saiatu zen.

Ikasleek ez ezik, herriak ere miresten zuen Santiago irakaslea; lanetik Gerra Zibilaren hasieran kaleratu zuten

Elizaren errepresioa

Bestalde, Olabarrietak azpimarratu du 30eko hamarkadan eta ondorengo frankismo urteetan bizitako elizaren errepresio gogorra. Eskolan ez ezik, herrian ere sexu arteko bereizketa bizi zuten, eta horrek ondorioak izan zituen umeen sozializazio prozesuan. Elizaren kontrola eta bekatuaren jazarpena ere pairatu zituzten.

Larrakoetxeko eskola eta Santiago irakaslea garai hartako errepresioaren adibide dira. Gaur egun ezinbestekoa da herriak garai hartan sufritutakoa gogoratzea, etorkizuna eraikitzeko eta bizitakoa ez ahazteko, historiari merezi duen garrantzia aitortuz.

Oharra: Herriko memoria historikoa berreskuratzeko asmoz eta unibertsitatean proposatutako proiektu bat osatzeko, Loiun Gerra Zibilean egondako gertakarien inguruko informazioa bilatzeari ekin nion. Horretarako, Iñaki Olabarrieta historiazalea elkarrizketatu nuen, eta haren bitartez 30eko hamarkadan Larrakoetxe auzoan egondako eskolaren eta eskolako irakaslearen inguruko memoria historikoa berreskuratzeko aukera izan dut.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).