Itxaso Bruña Aberasturi

Titiak zeramikazko artelanetan

Aikor aldizkaria 2022ko mai. 3a, 07:57

Titontziak markapean, emakumeen titiak protagonista diren artelan bitxi-bitxiak sortzen ditu loiuztarrak: loreontziak eta katiluak, haien artean. Forma eta adin guztietako titiak zizelkatzen ditu, emakumeen gorputza desexualizatzeko eta emakumeen errealitate ezberdinak ikusgai egiteko.

Arte Ederretako ikaslea da Bruña, eta prestakuntza-ibilbidea zeramika arlotik jorratzen dabil. “Unibertsitatean esaten digute erreferentziak topatu behar ditugula piezak egiteko. Nik argi nuen nire gorputzean oinarritutako zerbait egin nahi nuela, baina ez nuen hain garbi zer egin. Bilatzen hasi nintzen eta erreparatu nion emakumea artean irudikatzen den moduari. Gehienbat labar-arteak, labar-eskulturak, eman zidan atentzioa eta halako batean goiko aldetik apurtuta zegoen emakume baten bularra topatu nuen: loreontzi-forma zuen eta horrelako zerbait egitea bururatu zitzaidan. Izan ere, emakumeon titiak oso ezaugarri agerikoa edo nabarmena dira eta ni neure feminitatea lantzen nenbilen; horrelako zerbait egin nahi nuela sentitu nuen. Lehendabiziko titontzia nire titietan oinarrituta egin nuen”.

Lan horren ostean, ahizpek egindako enkarguak etorri ziren, eta gero, emakume gehiagorenak. “Konturatu nintzen nik ez ezik beste emakume askok ere «zerbait berezia» zutela euren gorputzarekin, euren titiekin”. Gaur egun titontziak (loreontziak) egiten ditu, titiluak (katiluak), txupito-edalontziak, kamisetak, imanak eta tripontziak (haurdun daudenak). “Piezak nire kabuz diseinatu ohi ditudan arren, lan pertsonalizatuak ere egiten ditut. Emakumeek euren titien argazkia bidaltzen didate, pieza egin dezadan. Hala ere, lotsa dela eta, batzuek bikinia jantzita dutela bidaltzen didate irudia, edo titien marrazkia, edo titien deskribapena, eta kasu horietan igarlearena ere egin behar dut (kar-kar)”. Loiuztarrak titi handiak modelatzen ditu bere artelanetan, txikiak, emakume nagusien titiak, gazteenak, titi eroriak, tenteak… “Titontzi mastektomizatuak ere egin ditut, eta titontzi trans bat ere bai. Lanak errespetu eta maitasun osoz egiten ditut beti, baina bereziki halako egoerak bizi izan dituzten emakumeentzat direnean, atzetik beren istorioa dutelako”.

“Lanak errespetu eta maitasun osoz egiten ditut; bereziki  egoera latza bizi izan duten emakumeentzat direnean”

Inspirazioa hondartzan topatzen du. “Garai batean pornografian ere arakatu nuen, baina horretan ez dira normalean titi naturalak agertzen. Beranduago, titiak normalizatzeko proiektuak ezagutu ditut eta inspirazioa horietan ere aurkitu dut”. Enkarguz edozein tamainatako piezak onartzen baditu ere, gehienbat pieza txikiak eta ertainak egiten ditu. “Hasieran ez nuen piezak labera sartzeko aukerarik, eta airez lehortzen den buztina erabilita hasi nintzen titontziak egiten. Pieza horiek akrilikoez margotzen ditut eta berniz berezia botatzen diet. Titontzi horien barruan loreontzia ipini behar da, baina batzuk tematzen dira landarea titontzian bertan landatzen: kasu horretan drainatzea jarri behar da, eta ur gutxi behar duen landarea landatu. Bestalde, geroago Bilboko tailer batean izena eman nuen teknika hobetzeko eta tenperatura baxuko buztinarekin lan egiten hasi nintzen. Hainbat koloretako buztina erabiltzen dut –zuria, gorria, terrakota, beltza…– eta izugarri gustatzen zait koloreak nahastea, beste tonalitate batzuk lortzeko. Piezak birritan sartu behar dira labera: lehenengo eta behin, «bizkotxoa» egiten da, hau da, pieza gogortu, eta gero esmaltea eman edo beiratzen da, pieza inpermeabilizatzeko eta, adibidez, titiluan kafea edan ahal izateko edo hura mikrouhinetan edo ontzi-garbigailuan sartu ahal izateko”.

Desexualizatzea

Lan handia dago pieza bakoitzaren atzean. “Ereduak ditut titontziak egiteko eta titiak egun batean-edo zizelkatzen ditut. Arreta bereziki sikatzeko prozesuan ipini behar da, batzuetan buztina mugitzen delako edo gerta daitekeelako arrakalaren bat agertzea. Astebete eman dezaket titontzia egiteko. Titilua sortzeko prozesua, berriz, luzeagoa da, buztina ondo sikatu behar delako, pieza Bilbora eraman labera sartzeko, beiratu, berriro labera sartu… Hiru asteko prozesua izan daiteke”.

Loiuztarrak garrantzitsutzat jotzen du errealitate ezberdinak ikusgai ipintzea eta bere lana erabiltzen du horretarako. “Esaterako, emakumearen gorputza objektu sexuala ez dela adierazteko eta apur bat desexualizatzeko. Dibertsitatea ere erakutsi behar dela uste dut, eta horregatik, bakarrik titi zuriak eta perfektuak egin beharrean, ahalegintzen naiz tamaina, kolore eta errealitate askotako titiak egiten”. Hasieran aipatutako piezez gainera, Bruñak ideia asko ditu buruan eta baliteke inoiz egitasmoa handitzea. “Emakume-itxurako pitxerra egin dut eta badakit beste gauza asko aterako direla, marka honetatik edo, batek daki, beste marka batetik”. Bere artelanak Bizkaiko, Gipuzkoako eta Frantziako zenbait dendatan erosi daitezke, edo bere webgunean: titontziak.com. Gainera, hileko salmenten % 10 gizarte-proiektuetara zuzentzen du.

“Dibertsitatea erakutsi behar da: tamaina, kolore eta errealitate askotako titiak egiten ahalegintzen naiz”

Artista

Amamarengandik datorkio arterako grina. “Jostuna zen eta gogoratzen dut beti zegoela eskulanak eta artelanak egiten, margotzen… Baina, hainbeste gazteri gertatzen zaien moduan, batxilergotik zer ikasi ez nekiela atera nintzen: estetika ikasi nuen, makillaje profesionala eta turismoa. Bost urte eman nituen turismoan lanean, baina oso esperientzia pertsonal gogorra izan nuen eta nire buruari esan nion aldatu behar nuela: bat-batean Arte Ederrak ikasteko aukera etorri zitzaidan gogora. Apur bat itsu sartu nintzen eta zeramika eskultura-eskolan ezagutu nuen: «Hau da nirea», pentsatu nuen. Karrera datorren urtean amaituko dut”.  

Ikasketak bukatu ondoren, Bruñaren asmoa da egitasmoarekin jarraitzea eta bizimodua handik atera ahal izatea. Ohiko salmenta-bideez gainera, artisauen azoketara ere joaten da. “Egitasmoak harrera ona du orokorrean. Jendearen erantzuna hau izaten da:  «Hara, titiak! Ze politak!» edo «Haraaa, titiaaak (kar-kar)», gaztetxoak eta mutilak badira; serioago ipintzen dira, pieza mastektomizaturik ikusten badute. Baina orokorrean ondo saltzen da. Bilboko Areatzako artisau azokara hilean bitan joaten naiz, eta Iruñean ere izaten naiz emakume artisauen kolektibo batekin. Ikasketak direla, titontziak-eta direla, ez dut denbora libre askorik eta horregatik nahiago dut momentuz azoka pare batera joan”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).