Iraia Iturregi, Athleticen emakumezkoen taldeko entrenatzailea: "Klubeko emakumea naiz"

Aikor aldizkaria 2022ko ira. 27a, 12:59

Iraia Iturregi loiuztarrak bai­kortasunez egingo dio aurre denboraldi be­rria­ri, bere hirugarrena Ath­le­ticen eserlekuan. Ema­ku­mez­koen taldeko en­tre­na­tzaileak iazko emai­tzak ho­betzea eta klubeko ta­lentuari eustea jarri ditu hel­burutzat.

Zelan denboraldiaurrea?

Ondo. Aurten, jokalari gazte eta be­rri asko ditugu eta egokitze prozesuan ga­biltza. Denbora behar­ko dugu. Den­bo­raldiaurrean emai­tzak ez dira ga­rran­tzitsuak, baina talde atzerritarren kontra maila ona erakutsi dugu. Euskal Kopan, aldiz, Erreala hobea izan zen eta galdu genuen. Irrikan gaude Liga hasteko.    

Zeintzuk di­ra aurtengo helburuak?

Taldea egonkortu nahi dugu. Sei jo­kalari galdu ditugu eta beste sei etorri dira euren ordez. Presidenteak eta biok horren berri eman genuen prentsaurrekoan eta bertan iazko denboraldia hobetu nahi dugula esan genuen. Kalitate handiko jo­kalariak joan dira, baina gure gaz­teek ere badute talentua. Eta talentuari eutsi nahi diogu.  

Jokalari on batzuk beste talde ba­tzuetara joan dira. Zergatik?

Presidenteak esan zuenez, batetik di­ruarengatik, kanpoan gehiago ira­baz­ten dutelako; eta bestetik, ki­rol-proiek­tuarengatik, kanpoko taldeak goi-mailako txapelketak irabazteko faboritoak di­re­la­ko. Egoera zein den badakigu; lanean gaude hobetzeko.

Jokalari garrantzitsu batzuek –Va­ne­sa, Moraza, Erika eta Lucia– utzi du­te kluba. Aurten, taldea hobea ala oke­rragoa da?

Ez bata, ez bestea, desberdina. Lucia eta Erika taldeko jokalaririk onenetarikoak ziren, baina jokalari gazte on batzuk ditugu eta beste batzuek aurrerapausoa egin beharko dute. Agian, indibidualki irudi­me­na eta eskarmentua galdu ditugu, baina taldeko giroa oso ona da eta jokalariak motibatuta dau­de­.    

Jokalari batzuk Espainiako selek­zioa­rekin txapeldunak izan dira gaz­te mailan –Ane Elexpuru, Clara Pi­ne­do eta Maite Zubieta–. Jokatzeko aukera izango dute aurten ala goizegi da?

Eurek, errendimenduaren arabera, esan­go dute noiz egongo diren prest le­henengo taldean jokatzeko. Gauza bat da Europako txapelketa gazte mailan ira­baztea; eta beste bat da Ligan, munduko jokalaririk onenen kontra, aritzea. Ego­kitze prozesua egon behar da, baina gazteek jokatzeko estimulua izango dute lehenengo taldean edo bigarrenean, Bigarren Mailak ere exijentzia handia duelako. Gure filosofiarengatik, gazteek Athleticen beste talde batzuetan baino aukera handiago dute lehenengo taldean jokatzeko.

 

“Gazteek Athleticen beste talde batzuetan baino aukera handiago dute lehenengo taldean jokatzeko"

 

Zelan Jon Uriarte presidente be­rriarekin?

Ondo. Hauteskundeek ziurgabetasuna sortzen dute Athleticen profesionalongan. Hala ere, hemen jarraituko nuela jakinda joan nintzen oporretara. Horrek konfiantza ematen dizu. U­riartek gertutasuna eta inplikazioa adierazi dizkigu.

Entrenatzaileen ibilbideak ez dira klub berean luzeak izaten. Zelan ikusten duzu etorkizuna, Athleticen betiko ala beste talde baten entrenatzaile?

Klubeko emakumea naiz eta orain gus­tura nago hemen. Dena dela, Lehen­en­go Mailako entrenatzaileok jakin ba­dakigu, emaitza onak ez badira, zer ger­tatu ahal den. Edozein gauza gerta dai­teke. Beraz, egunerokotasunean jar­tzen dut arreta. Ez dakit zer egingo du­dan bost urte barru. Entrenatzea as­ko gus­tatzen zait eta ez dut nire burua ikastola baten irakasle ikusten. Errendimenduari lotutako lana oso estre­sa­garria da, baita nire bokazioa ere. Arlo ho­rretan ikusten dut nire burua.   

 

"Entrenatzea as­ko gustatzen zait eta, esate baterako, ez dut nire burua ikastola baten irakasle ikusten"

 

Bukatzeko, emakumezkoen fut­bo­­la­ri buruz galdetu behar dizut. Au­rrera­pausoak egin dira, baina noraino hel dai­teke?

Ingalaterrako Liga erreferentetzat har­tzen dut. Bertako klubek eta federazioak inbertsio handia egin dute zenbait esparrutan: marketinean, partida guztiak ematen dira telebistan, estadio onenetan jokatzen dute... Estatuko Ligan, aldiz, gauza asko hobetu behar dira: talentu handiko jokalariak izan arren, ez dugu jakin produktua behar bezala saltzen; zelaiak hobetu behar dira ikuskizunaren onurarako; partidak telebistan eman behar dira, horren bidez, babesleak ere etorriko direlako... Apurka-apurka profesionaltasunera hurbiltzen gabiltza, teknikarion eta jokalarien baldintzak asko hobetu direlako, eta horrek egonkortasuna emango digu, baina lan handia dago egiteko. Azken bolada honetan, gatazka asko egon dira emakumezkoen futbolaren inguruan eta penagarria da. Liga eta Federazioa elkarrekin joango bagina, emakumezkoen futbola arinago garatuko litzateke. Eta gauzak ondo egiten badira, ziur nago etorkizun hurbilean Estatuko Liga munduko onena izan daitekeela.

 

 

Erreferentea

Iraia Iturregi Sustatxa loiuz­ta­rra (1984) erreferentea da Athle­ticen: guztira, 15 denboraldi eman zituen talde zuri-gorrian eta 401 partida jokatu; 2010ean, oraindik jokalaria zela, hasi zen en­tre­natzen eta harrezkero kategoria guz­tietatik ibilia da. 2017an, erretiroa har­tu zuen, baina bigarren taldean hasi zen; 2021ean, azkenean, lehenegoan. "Lezaman eman dudan ibilbidea oso abe­rasgarria izan da", esan du Iturregik.

Loiuztarrak ez du bere karrerari bu­ruz gehiegi pentsatzen, egune­ro­ko­ta­sunari arreta jarri nahiago baitu.  "Ni­re lana ahalik eta ondoen egiten saia­tzen naiz eta erreferentea banaiz, ederto, esate baterako, beste emakume entrenatzaileak motibatzeko. Lezaman lan piloa egiten da hainbat arlotan: kirola, gizartea, emakumearen ahaldun­tzen, emakumezkoen futbola merezi duen tokira eramaten... Nire ustez, hau da garrantzitsuena: ohera joan eta lasai lo egin, egunero ahal dudan guztia egin dudalako, bai taldearen, bai klubaren onurarako. Eta klubak aintzat hartzen du nire lana, beraz, poz-pozik nago".

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).