Gotzonen esanetan, euskal futbolariak izan ziren baloiaren gudariak, 36ko gerraren testuinguruan, kirola erabili zutenak, helburu solidarioei heltzeko. “Euren armarik onena erabilita borrokatu ziren: balioa erabilita. Futbol-aretoak zalez gainezka egoten ziren haiek futbolean jokatzen ikusteko. Batutako diruari esker arindu ziren gerrak eragindako gabeziak. Gainera, Euskadi munduko mapan kokatu zuten”.
Azaldu zuenez, gerra hasi eta handik bederatzi hilabetera, 1937ko apirilean hain zuen, Jose Antonio Agirre lehendakariak Euskal Futbol-selekzioa bultzatu zuen eta Euzkadi ipini zion izen. “Helburua zen Eusko Jaurlaritzaren aldeko lan humanitarioak eta propagandistikoak egitea. Garaiko jokalaririk onenetariko askok osatu zuten taldea, eta euren famari esker lortu zen dirutza batzea, xede solidarioetara bideratzeko. Bi urte eta erdian ibili ziren hainbat herrialdetatik biran. Ondoren, 1939ko abuztuan hain zuzen, taldea desegin zen eta jokalariak Mexikon hartu zuten babesleku”. Euskal Selekzioa 1915ean sortu zen lehenengo aldiz. “Harrezkero kirol- eta historia-arloetan bizi izandako etaparik garrantzitsuena liburu honetan jasotakoa da; hau da, 1937tik 1939ra bitartekoa”.