Zergatik aurkeztu zara alkatetzara?
Badakit politika ez dagoela sasoi onean, eta politikagintzan gabiltzanok gaizki ikusita gaudela. Hala ere, politika aldarrikatu nahi dut, eremu publikoa delako; guztion eremua da eta guztioi dagokigu. Gizartea hobetu nahi bada, ezin da inondik inora jarduera politikoa saihestu. Politika ona eta zintzoa egin behar da, noski, baina bide batez, esan behar da politikari guztiak ez garela berdinak, EH Bildun erakusten gabiltzan moduan.
Zure ustez, politikari guztiek noizbait udal-politikan ibili beharko zenukete.
Egundoko ikasketa ona da. Batzuek diote goi-politika Europan edo parlamentuetan egiten dela; nire ustez, herriko bizilagunen arazoak entzun eta konpontzen ditugunean egiten dugu politika maiuskulaz; udaletik. Jakina, Euskal Herriko subiranotasun nazionala eta beste gai batzuk landu ditzakegu eta landu behar ditugu; hala ere, egunero ditugun arazoak konpondu behar dira, gure kaleetan, gure jendearekin egonda.
Zeintzuk dira datorren agintaldirako ildo-nagusiak?
Loiu bidezkoa eta solidarioa izatea nahi dut, eta gainerakoen aukera berberak ez izateagatik inor atzean gelditu ez dadin. Justizia soziala gaur egun ez dugun benetako ongizate-gizartea lortzeko oinarria dela sinetsita nago. Erabat jasangarria den herrian bizi nahi dut, eta ez soilik atal ekologikoan. Ez dit balio EAJk esateak Murtzian baino hobeto gaudela: Suedian baino hobeto egon behar dugu, eta gure helburua hor goian jarri.
Proposamen ausartak direla azpimarratu duzu.
Guztiak dira bideragarriak, diruaren, eskumenen eta aukeren ikuspuntutik. Aitzakiak aitzakia, beti egongo da ezetz zeri esan; egia bihurtzeko, bakarrik behar da borondatea. Loiuk aisialdia baino gehiago behar du: herriaren etorkizuna sustatzeko, aisialdiaren aurretik ipini behar dira etxebizitza, lana, herrigintza, hezkuntza, formakuntza, ingurumena eta jasangarritasuna.
“Argazkietan agertzeko, fundamentuzko proposamenak ipini ditugu mahai gainean”
Nola baloratzen duzu azken agintaldia?
Positiboki. Ez gaude neurri populisten kontra: denetariko behar dugu Loiun, eta horregatik babestu dugu ia dena. Gure proposamenen % 90 ere hartu dira kontuan, eta batzuk haratago egokitu. Lortu ditugun akordioak onak izan dira loiuztarrentzat.
Nolako lantaldea izango duzu ondoan?
Zerrenda osatzen dugun pertsonok oso ondo ezagutzen dugu Loiu; gainera, auzune guztiak daude ordezkatuta. Lehengo eta oraingo Loiu bizi dugu; herria sufritu eta gozatu dugu, eta prest gaude Loiuri astindu goxoa emateko. Gure unea da, herriaren unea. Ilusioz beteta nago, eta Loiun ez ezik Txorierrin eta Euskal Herrian emaitza ederrak lortuko ditugula ziur nago. EH Bildu Abante doa; olatu geldiezina gara. Gora Loiu eta Abante!