Gaztea eta

Aikor aldizkaria 2023ko urr. 4a, 10:49

Jon Ander Campos Iruretagoiena, gizarte-hezitzailea eta artista

Loiuko gazteak MakHaziart egitasmoa ipini du martxan. Hori gizartean eta hezkuntzan esku hartzeko ekimena da, eta artea baliatzen du hainbat alderdiri heltzeko, hala nola gizarte-arazoei, osasun mentalari, autoestimuari eta garapen pertsonalari. BBK Ekin programak egitasmoa saritu du aurten, eta loiuztarra buru-belarri dabil lanean, hura aurrera ateratzeko.

MakHaziart proiektuak Camposen lanean bertan du jatorria. Gizarte-hezitzailea artean ikasketak amaituta ez zituela, 19 urterekin, hasi zen lanean; harrezkero 10 urte pasatu dira eta hainbat arazo dituzten pertsonekin egiten du lan. “Oso giro kutsatuta batean ibiltzen gara eta beti saiatzen gara estimulu politak eta atseginak topatzen. Harreman estu-estua dut artearekin eta hasi nintzen lanean arte-tailerrak antolatzen”, kontatu digu. “Tailerren helburua da pertsonei gauzak ulertzeko eta komunikatzeko tresnak ematea, eta arreta bereziki buruko osasunean ipintzen da. Horretarako, lantzen ditugu norbanakoaren garapena, emozioak adieraztea, motibazioak eta lortu nahi diren helburuak. Nolanahi ere, tailerretan ez dugu «egundoko txaparik» botatzen; sentsazioen bitartez egiten dugu lan. Argizari-arkatzak erabiltzen ditugu, akuarelak, espraiak, akrilikoa, buztina… Artelan politak egiten ditugu, horma-pinturak eta guzti. Baina benetan polita da halako ekimenek duten harrera eta parte-hartzaileengan aurrerapauso txikiak ikustea. Izan ere, batzuetan hitzak erabilita azaldu ezin duguna errazago azaltzen dugu modu plastikoan”.

Halako dinamikak adin-tarte guztietako pertsonekin saiatu ditu eta emaitza beti izan da positiboa: nagusiekin, helduekin, gazteekin, nerabeekin zein umeekin. Lanean izandako esperientziei eta egindako tailerrei forma eman eta MakHaziart egitasmoan batu ditu. Egitasmoa lanetik harago eraman nahi du, eta, hortaz, eskolekin, udalekin eta gizarte-izaerako elkarteekin harremanetan ipintzeko asmoa du. “Pandemian ikusi genuen gutariko bakoitza orekaren bila ibili ginela, eta batzuek ekin edo berriro ekin zioten margotzeari, idazteari, musika egiteari… Beraz, olatu hori aprobetxatu, eta egunerokotasuneko zalantzei eta gatazkei aurre egiteko egokia izan daitekeen tresna hau eskainiko dut”.

Loiuztarrak bereziki azpimarratu nahi du buruko osasuna zaintzearen garrantzia. “Kontuan hartu behar da, buruko edo bestelako arazoak direla eta, Espainiako estatuan urtean 4.000 pertsonak baino gehiagok euren buruaz beste egiten dutela. Egitasmo honen bidez, arazo edo egoera horiei aurre egiteko, edo prebenitzeko, lagungarriak diren tresnak eskaini nahi ditut; ze guztiok ditugu lanari, familiari… lotutako itxaropenak, baina oso gutxitan sakontzen dugu buruko orekan, norbanakoaren garapenean edo emozioen adierazpenean… Eta, azken batean, horrek zerikusi handia du gainerakoekin eta inguruarekin erlazionatzen garen moduarekin”.

Loiuztarra ia «nahi gabe» da gizarte-hezitzailea. “Zer ikasi erabakitzeko ordua ailegatu zenean pentsatu nuen irakasle-ikasketak egitea, baina ni neu ikasle trebea ez naizenez, bertan behera utzi nuen aukera hori (kar-kar). Pertsonekin lan egitea, hala ere, izugarri gustatzen zait, eta Gizarte Hezkuntza aukeratu nuen”. Zenbait zentrotan ibili da lanean, oso bestelako arazoak dituzten lagunekin; justizia-arazoak, buruko gaitzak, menpekotasunak... “Lan «potentea» da, pertsona horiek euren «motxila» dutelako; eta zuk, zurea. Baina asko gustatzen zait lana, nahiz eta askotan zuk dena eman eta ordainean ezer ez jaso. Beste batzuetan, ordea, aurrerapauso txikiak ikusten dituzu, eta gustukoa da beste pertsona batzuei lagundu ahal diezula sentitzea, eta orain landatutako haziek etorkizunean euren fruituak eman ahal dituztela, eta pertsona horiei egunerokotasunean lagundu”. Udako oporrak amaituta, gizarte- eta hezkuntza-zentro komunitario batean hasi da lanean. “Gazteekin ez ezik euren familiekin, eskolarekin, auzokideekin… ere lan egiten dugu, kirol- eta kultura-ekintzez baliatuta eta gazteei inguru horietan garatzeko tresnak emanez”. 

Jakin-mina 

Gogora ekarri duenez, Olentzerok beti ekartzen zizkion margoez, akuarelez, koloretako arkatzez betetako estutxeak. “Orduak eta orduak ematen nituen marrazten eta margotzen, eta eskolako liburuak eta koadernoak ere marrazkiz beteta nituen. Nerabezaroan, identitate bila horretan, graffitiak ere egiten hasi nintzen”. Autodidakta da artean, eta beti dabil besteek egiten dutenari eta erabiltzen duten teknikari adi, zer ikasi dagoelako eta oso jakin-min handia duelako. Margolanetan errealismoa eta abstraktua nahasten ditu, eta inspirazioa oreka ekartzen dioten gauzetan topatzen du, batez ere itsasoan. Margolanez gainera, olerkia eta mikroipuinak ere idazten ditu.

Kirola da bere bizitzaren beste ardatz bat. Errugbi-jokalaria izan da eta gaur egun surfa egiten du. Herrian gazteentzako aisialdi-ekintzarik ez egoteak bultzatuta, hainbat lagunekin batera Loiuko Bakarrak gazte-elkartea sortu zuen duela urte batzuk. “Oso ahalegin kolektibo garrantzitsua egin genuen gazteok; hori ezean ezinezkoa izango zatekeen elkartea aurrera ateratzea. Adierazi nahi genuen gazteok ez geundela bakarrik parrandan ibiltzeko, eta laguntzarik jasoz gero, gai ginela hainbat ekintza egiteko, herria egiteko; adibidez, aurten antolatutako Arte eta Kultura Azoka”.

Bere margolanak, olerkiak eta ipuinak hainbat gunetara eraman ditu ikusle eta entzuleekin partekatzeko, eta espero du etorkizunean haiek partekatzen jarraitzea. “Oso polita da ikustea zuk sortu duzunak besteak hunkitzen dituela”. Idatziak liburu batean jasotzea ere gustatuko litzaioke. Hala ere, lehentasuna du gaur egun: MakHaziart egitasmoa aurrera ateratzea. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).