“Gure kabuz hobetzea lortu dugu, inoren limosnaren beharrik gabe”

Aikor aldizkaria 2023ko urr. 30a, 09:44

Jesus Sustatxa loiuztarrak La anexión expira, la libertad respira liburua kaleratu berri du, eta bertan herriko historia jaso du erromatarren garaiaren aurretik gaur egunera arte.

“Oso herri aberatsa da Loiu, eta historia handia du. Hala ere, lehendik ez da hori kontatzeko libururik argitaratu, eta pentsatu dut Bilbotik desanexioa aukera paregabea zela herriko nondik norakoak ezagutzera emateko”, azaldu digu Sustatxak. “Izan ere, Loiuk eta loiuztarrok poztasun handiak bizi izan ditugu, baina zorigaitz asko ere bai. Adibidez, aireportuak herria erdibitu izanak ekarri du iparraldeko herritarren eta hegoaldeko herritarren harremana urria izatea. Horrezaz gainera, Bilbora 16 urtean anexionatuta egon izanak eragina izan  zuen, alde batetik, utzikeria, eta bestetik, etxebizitza falta zela eta, loiuztar askok herritik alde egin behar izana”.

Liburuak 270 orrialde inguru ditu, eta Sustatxak erromatarren garaira baino lehenagora egin du atzera hainbeste maite duen herriaren historia kontatzen hasteko. Orrialdeetan batu ditu Loiuk gaur egun arte izan dituen aldaketarik eta gertaketarik inportanteenak. Horretarako, arakatu ditu bere argazki-artxiboan, aurretik egindako lanetan, artxibo probintzialean eta Loiuko eta Bilboko-udal artxibategian. Era berean, informazio-iturri eduki du edadeko hainbat eta hainbat herritar. Eta herritarrei dagokienez, loiuztar ospetsuak ere eraman ditu liburura, hala nola Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusia izan zena eta Javier Elordui uso-tiroketaren munduko txapelduna izan zena.

“1.800. urte inguruko dokumentu batean jaso zenez, Lauroetako ermitatik hurbil bazegoen erromatarren inskripzio bat: «Vecunienses hoc munierunt»; baina landen emankortasuna eta lurrak zeharkatzen dituzten errekak eta iturburuak kontuan hartuta, erromatarren okupazioa baino lehen ere berton egonlekuak izan ziren ondorioa atera daiteke”. Eskolatzeari lotutako 1840.eko datua ere batu du. “Garai hartan sei neska zeuden eskolan, eta 20 mutil. Hortaz, argi ikusten da sexu bien arteko arrakala: nahiz eta baserrian ere lagundu, mutilak eskolara bidaltzen ziren; neska gehienek, berriz, etxean gelditzen ziren arropa garbitzen, janaria prestatzen… eta ume txikiak zaintzen”. Antzina, eliza ondoan zegoen harri baten inguruan batzen ziren loiuztarrak herriko beharrizanak aztertzeko, eta hori ere hizpide izan du liburuan. “Garai hartan ez zegoen udaletxerik eta erabakiak han hartzen ziren, ahoz; eta euria bazen, eliz atarian bertan”.

Aldaketa

Bestalde, Dionisio Ibarrondoren agintaldi gorabeheratsua ere azpimarratu du Sustatxak. “Udalbatza 1931n demokratikoki aukeratu zen arrean, hiru aldiz ere utzi behar izan zituzten udal-bulegoak. Azkena 1937ko ekainean izan zen, frankistak herrira sartu zirenean: udalbatza osoa atxilotu, epaitu-edo eta Loiutik urrun espetxeratu zuten; haietako bat kartzelan hil zen”. Eta nola ez, luze hitz egin du Bilbora anexioari eta desanexioari buruz. “Bilboko parte izateak Loiuri abantaila asko ekarriko zizkiola esan ziguten, baina gerora ikusi zenez, gezur hutsa izan zen. Desanexioaren ondoren erakutsi zen moduan, gure kabuz bizi izatea eta hobetzea lortu dugu, inoren limosnaren beharrik gabe, eta herri bizia eta aberatsa dugu”.   

Loiuk azken urteetan izan duen hirigintza-aldaketa ere jaso du liburuan: udaletxea Larrakoetxetik gaur egungo kokalekura ekartzea, frontoia, garbitegia, baserri-inguruen urbanizazioa eta kanalizazioa, babes ofizialeko lehen etxebizitzak, udaletxea handitzea eta eraberritzea eta etxebizitza berriak altxatzeko proiektua, batzuk aipatzearren. “Iñaki Gaztañaga alkate ohiak AENArekin izandako auzia ere azpimarratuko nuke: aireportua handitzeko lanak egiten ziren, baina AENAk ez zuen herriari zegokiona ordaintzen; Gaztañagak Madrilera jo zuen, eta irabazi”. Beste azpiegitura adierazgarri batzuk ere aipatu ditu, esate baterako, abade-etxeak, eskolak, Loiun izandako hiru ermitak, ingelesen hilerria eta San Pedro eliza.   

La anexión expira, la libertad respira liburutik 100 ale kaleratu dira eta ia guztiak Loiuko Azokan saldu ziren urrian. Egileak dei asko jaso ditu lanari buruz galdezka, eta baliteke laster ale gehiago argitara ematea.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).