Talde-eragilearen partaideak izan dira Josune Landeta, Jesús Mari Astobieta, Mikel Gana, Trini Olabarrieta, Jose Angel Trabudua, Maria Luisa Orroño, Iñaki Dobaran eta Juana Mari Dobaran. “Eskerrak eman behar dizkiegu antolatzaileei. Asko eta asko urteetan egon gara elkar ikusi barik, eta hunkigarria izan da berriro elkar besarkatu ahal izatea. Larrondoko eskola auzotar batzuen lanari eta ardurari esker eraiki zen, eta aireportuak behera bota zuen. Horri, gainera, gehitu behar zaio jende askok herritik alde egin behar izan zutela. Bizitzak aurrera eramaten gaitu, baina umeetan egindako sustraiak betiko gordetzen dira”.
Topaketa egin ahal izateko, Loiuko Udalaren laguntza izan dute, ekintza antolatu ahal izateko baliabideak euren eskura ipini ditu eta. Horrela, frontoian 200 lagunentzako tokia atondu zuten, elkarrekin bazkaldu zezaten. Iñaki Basabe musikariak bazkalostea eta arratsaldea girotu zituen.
Itziar Mateos loiuztarrak Antzinako paisaia biziberritzen liburuan (2022) jaso zuenez, Elotxelerri-Larrondoko eskola 1935. urtean zabaldu zen eta mistoa zen. “Auzokoek eraiki zuten, auzo-eskoletarako Ricardo de Basterrak egindako diseinuaren arabera. Garaiko Diputazioak ordaintzen zituen, besteak beste, irakasle edo ikasmaterialen gastuak. Eskolaren hezkuntza-jarduera 1972-1973 ikasturtera arte luzatu zen. Izan ere, eraikina 1973ko abuztuan eraitsi zen”. Auzokoek sinadurak bildu zituzten haren ordez beste eskola bat eraikitzeko, baina eskaerak ez zuen aurrera egin.