Maiatzaren lehen zapatuan, hilak 4, Loiuko Gazte Eguna ospatu zen zortzigarren aldiz. Loiuko Bakarrak gazte-elkarteak antolatuta, egun osoko egitaraua antolatu zen herriko zein inguruko gazteentzat: sormen-tailerra, trikiti-poteoa eta gazteen bazkaria. Horrezaz gainera, Sakatu elektrotxarangak arratsaldea girotu zuen, eta agertokira igo ziren Nazka, Steady Rockets eta Amooma musika-taldeak. “Oso ondo irten zen dena, espero genuena baino askoz hobeto. Gainera, eguraldia lagun izan genuen eta jendea animatu zen Gazte Egunera etortzera”, azaldu dute Loiuko Bakarrak elkarteko kideek. Esan digutenez, Loiuko Gazte Eguna urterik urte joan da hobetuz eta azken edizio honek zerikusi gutxi izan du hasierakoekin. “Barne-antolakuntza, esaterako, asko hobetu da eta ingurukoen babesa gero eta nabariagoa da. Horrek aurrera egiten lagun- tzen digu”.
Nolanahi ere, Gazte Eguna ez da Loiuko Bakarrak gazte-elkarteak urtean zehar antolatzen duen ekintza bakarra, duela bi urtetik hona Arte eta Kultura Asteburua ere antolatzen dute eta. “Batez ere jaiei begira egin dugu lan, eta herriari beste ekintza-mota bat eskaintzeko gogoa genuen. Arte eta Kultura Asteburua aukera paregabetzat hartu genuen, herrian egiten den kultura zabaltzeko”. Izan ere, ekintza horrek tokiko artez eta kulturaz betezen du Loiu, euren adina edozein dela ere, herriko artistek kalera ateratzen baitituzte euren lanak. Ekintzetan parte hartzeko deialdia herritar guztiei egiten diete, eta arte-erakusketez eta -erakustaldiez gainera, beste diziplina-batzuetarako lekua ere badago, adibidez, antzerkirako eta musikarako. Azken edizioan, bestalde, kanpoko artistak ere gonbidatu dituzte euren lana Loiun aurkeztu zezaten.
Loiuko Bakarrak gazte-elkartea duela 11 urte ipini zuten martxan. “Herriko jaietan gazteentzako eskaintzaren falta zegoen eta hutsune hori betetzeko sortu genuen elkartea”. Hasierako partaideek jakin izan dute herriko gazteak erakartzen, eta gaur egun 30 lagun inguru daude elkartean. “Bi adin-tarte nagusi daude gurean: alde batetik, elkartea sustatu zuten partaideak, 30 urte ingurukoak direnak; eta beste aldetik, urte hauetan elkartearekin bat eginez joan den jende berria, 20 urtetik 25 urtera bitartekoak. Gure profilari dagokionez, hainbat estilotako jende ugari daukagu; hala ere, guztiok dugun ezaugarria da herriarekiko konpromisoa”.
Herriarekiko konpromisoak, hain zu-zen ere, bultzatzen ditu herriko bizitza sozial eta kulturalean parte hartzera. Horrela, Gazte Eguna eta Arte eta Kultura Asteburua antolatzeaz gainera, herriko jaietako egitarauan ere hartzen dute parte. “Barikuan, gazteen eguna prestatzen dugu, elektrotxaranga, gazteen bazkaria eta kirol-txapelketa eta guzti. Beste alde batetik, beste mota batzuetako musika-ekitaldiak ekartzen ahalegintzen gara; adibide bat ipintzearren, behin Akelarre abesbatza ekarri genuen elizara”. Hiru finantzazio-bide nagusi dituzte ekintzak aurrera atera ahal izateko: Loiuko Udalak ematen dien dirulaguntza, txosnan ateratzen duten dirua eta zozketen bidez lortzen duten dirua. “Horiekin ateratzen dugu urtean garatzen ditugun ekintzak ordaintzeko dirua”.
Ekarpena
Beraz, Loiuko Bakarrak gazte-elkarteak ekarpena egiten dio herriari, euren ekin-tzen bidez, haiek ere aletxoa ipintzen dutelako herrian giroa sortzeko. “Horrela, herria egiten dugu. Gainera, gazteok gazteontzako jaiak egiten ditugu, eta gazteon arteko hartu-emanak sortzea ahalbide- tzen dugu”. Dena dela, herriko gainerako elkarteekin ere harremana dutela aipatu digute. “Gehienbat Danontzat elkartearekin, Irtzanekin eta Lauroetako eta Larrondoko Gautxoriak jai-batzordeekin”.
Loiuko Gazte Eguna pasatuta, hurrengo hitzordua herriko jaietan izango dute. “Lehen esan moduan, ekainaren 28an gazteen eguna antolatuko dugu jaietako egitarauaren baitan. Bestetik, etorkizunari begira, ildo beretik jarraitzea aurreikusten dugu: Gazte Eguna eta Arte eta Kultura Asteburua antolatzen jarraitzeko asmoa dugu, baita beste arlo batzuetako ekin-tzak ere”.
Antolatzen dituzten ekintzak ez ezik, kezkatzen dituzten gaiak ere hizpide izan ditugu Loiuko Bakarrak gazte-elkartearen partaideekin. “Herrian, urtean zehar, ez dago gazteentzako eskaintza handirik. Gainera, ez dago kiroldegirik eta garraiobide-eskaintza ere ez da oso handia. Baina gehien larritzen gaituena da herrian etxebizitza-eskaintzarik ez egotea. Horren ondorioz, elkarteko hainbat partaidek herritik joan behar izan dute pena handiz”. Nolanahi ere, zailtasunak zailtasun, herria girotzen eta gazteen- tzako ekintzak antolatzen jarraituko dute gogotsu eta ilusioz beteta.