Salaketa ipintzeko, langileen testigantzak hartu zituzten oinarri. Sindikatuaren hitzetan, altuerako lanetan beharrezko segurtasun-neurririk hartzen ez zirela salatzeaz gain, hainbat irregulartasun jaso zituzten salaketa-dokumentuan, hala nola amiantotik babesteko eta hura kentzeko, garraiatzeko eta biltegiratzeko neurri egokirik ez ezartzea; nork bere burua babesteko ekipo egokirik ez izatea; gehiegizko lan-orduen kopurua ez errespetatzea; langileei informazio orokor eta espezifiko nahikorik ez ematea; eta langileen aurkako zigorrak. “Salaketak bakarrik egiaztatu zuen langileek ez zutela behar bezalako informaziorik eta formakuntzarik eta ez zietela mediku-azterketa egokirik egiten. Beraz, uste dugu kasu honetan zein gainerako kasu larrietan oso beharrezkoak direla ikerketa sakonagoak eta presentzialak. Horretarako, funtsezkoa da erakundeen kontrola, lan-osasunari buruzko araudia behar bezala bete dadin”. Halaber, sindikatuak adierazi du enpresak “lan-baldintza prekarioak ezartzen dituela eta langile migratu eta arrazializatuen egoera zaurgarriaz baliatzen dela”.
Sindikatuak ezinbestekotzat jo du patronalari lan-osasunerako araudia betearaztea, “behar bezalako baliabideak eta neurriak hartuz. Izan ere, behartzen ez badira, inpunitate osoz hiltzen gaituzte”. Era berean, eskatu dute enpresa ikertzeko eta bere kontra hartu beharreko neurriak hartu daitezela. Baita lan-istripu gehiagorik ez gertatzeko neurriak hartzeko ere. “Amianteceko langileek lan-baldintza egokiak dituztela bermatzen ez den bitartean, enpresaren jarduna bertan behera uzteko eskatzen dugu”.
Bestalde, LAB sindikatuak bat egingo du gaur, urriak 17, Orduñan zein Loiun egingo diren mobilizazioekin, eta herritarrei deitu die bertan parte hartzera. Loiun, elkarretaratzea egingo da 17:30ean, udaletxeko plazan.