Hemen eta orain bizi

Aikor aldizkaria 2025ko uzt. 14a, 13:57

Saioa Goikoetxea Markaida · Sortzailea

Bi Saioa daude: COVID-19 aurrekoa eta birus ostekoa, eta azken hori da hemen eta orain dagoena. Berrogeita bi urteko loiuztarra andereño da ofizioz, eta sortzailea terapiaz, baina batez ere bizitzari baikor begiratzen dion emakume ausarta da, zeren eta, bizitza batzuetan garratza den arren, ahalegin handiak egiten baititu momentua hemen eta orain gozatzeko.  

Alaba txikiak izan ezik, etxeko gainerako guztiek COVID-19 birusa harrapatu zuten 2021eko urtarrilean. Saioa aldebiko pneumonia zuela ospitaleratu zuten eta 10 egun eman zituen bertan. “Azken egunetan odola izan nuen gernuan, baina alta eman zidaten. Hurrengo egunak gogorrak izan ziren, eta ospitalera itzuli behar izan nuen, ezin nuelako txizarik egin eta min handia nuelako”, kontatu digu loiuztarrak. Probetan ikusi zuten bere maskuria ez zela husten. “Iraka-tsi zidaten zunda sartzen. Bestalde, Gurutzetako urologoak esan zidan pilulak hartuta hobekuntzarik izan ezean maskuria kendu beharko lidaketela, eta poltsa jarri. Shock itzela izan zen, eta bigarren iritzia eskatu nuen”.

Basurtuko ospitalera bideratu zuten orduan. “Azaldu zidaten Donostian neuromoduladorekin probak egiten zebiltzala eta nire espedientea bidaliko zietela ea programan onartzen ninduten. Neuromoduladoreak taupada-markagailuen antzekoak dira, baina gerrian ipintzen dira, sakro inguruan, eta biz- kar-hezurrera lotzen dira, nerbioetara, burmuinera informazioa bidaltzeko”. Programan onartuta, luze itxaron behar izan zuen lehen neuromoduladorea ipini zioten arte. “Gogorra izan zen, anestesiarik gabe egin behar delako. Izan ere, kablea sartzeko, estimulua dagoen lekuan sastatu behar da, eta lokartuta egonez gero, ez dago estimulurik. Hasieran behin-behinekoa da, eta gorpu- tzak arazo barik onartzen badu, gorputz barruan sartzen dute. Nik bi neuromoduladore ditut ipinita: bata eskuinaldean, eta bestea ezkerraldean. Lehenengoa ipini zidatenean, hobera egin nuen apur bat, baina ez nuen zunda utzi; bigarrena jarri ondoren lortu nuen zunda erabiltzeari uztea”.

Nolanahi ere, loiuztarrak oso errutina zorrotz bati jarraitu behar dio ondo sentitzeko. “Goizean altxatu eta komunera joan, ordutegi zehatza izan, ordu bietan bazkaldu, arratsaldean atsedena hartu, lasai egon, ez egin ez kirol askorik, ez esfortzu handirik… Errutina horri jarraitzen ez badiot, adibidez, lagunekin plana dudalako edo egun-pasa egiten dudalako, ondorioa izan daiteke zunda berriro ipini behar izatea, ohean gelditu, mina izan… Horregatik, balan- tzan ipini behar ditut ondorio onak eta txarrak; hau da, hausnartu senideekin edo lagunekin ezohiko plan batez gozatzea merezi duen”.

Maskuri-arazoak nolabait konponduz joan diren arren, Saioak beste gaixotasun batzuei ere egin behar die aurre. “Medikuek esan didate beharbada osasun-arazo horiek latente izan ditudala eta COVIDak piztu dituela. Endometriosia, esaterako, areagotu zait eta umetokia kendu behar izan didate, digestio-arazoak ditut, baita arazo kognitiboak ere… Nerbio-sistema autonomoa galdu dut, eta hortaz, burmuinera ailegatzen zaidan informazioa, minari lotutako informazioa kasu, batzuetan erreala da, eta beste batzuetan ez dago ezer min hori eragiten duenik”. Medikuek aipatu diotenez, Saioa bat egon da COVID aurretik, eta orain, birusaren ostean, beste Saioa bat dago, ezin dituena hainbat gauza egin. “Irakaslea naiz, eta, mediku-epaimahaiaren aurrean adierazi nuen moduan, ez naiz gauza nire ardurapean 3 urteko 25 ume izateko, bat-batean zorabiatzen naizelako, giharretako atrofia dudalako, takikardia izaten dudalako… Gauza da ni irakasle bokazioz naizela, eta gogorra da… Internista batek esan zidan behin beharbada nire buruari esan behar niola lehen egiten nuen hori guztia jadanik ezingo nuela egin; beharbada ez nuela okerrera egingo, baina hobera ere ez… Eta ikasi beharko nuela egoera berria onartzen”. 

EGUNEAN-EGUNEAN

Hori egunean-egunean ikasten da. “Sei hilabeterik behin joaten naiz ospitalera tratamendua hartzera eta han gela partekatzen dut beste gaixo batzuekin, batzuetan oso egoera latzak pairatzen dabiltzan pertsonekin… Edo umeak ikusten dituzu… Eta pentsatzen duzu: Hauek guztiak aurrera egiteko borrokan dabiltza; beraz, nola ez naiz ni borrokatuko?”. Hala ere, batzuetan bestelako akuilua behar da bizitzaren etapa gogorrei aurre egiteko, eta, familiak animatuta, Saioak sormena terapia bihurtu du gaixotasuna eramangarriagoa izan dadin. “Asko gustatzen zait marraztea eta irudiak sortzea; irudi abstraktuak egiten ditut. Orduan, pentsamendua horretara eraman, eta Hemen eta Orain egitasmoa sortu nuen”. Izan ere, Saioa berriak momentuari ematen dio balio eta gauza txikiak nahiago ditu. “Sare sozialak nire egoera azaltzeko zabaldu nituen, baina, aldi berean, adierazteko batzuetan tontakeria mundu bihurtzen dugula eta ez diegula eguneko gauza onei erreparatu”.

Ikasketa luzea da, jakina, eta Saioak ez du etorkizunean pentsatzen, momentua hemen eta orain delako. “Tratamendua ondo doa, zunda utzi dut eta: zunda ipinita oso gogorra da bizitza. Beste aldetik, hau bidaia luzea da, eta ikusi dut ondoan zeintzuk ditudan eta benetako besarkadak zer diren. Denbora luze eman dut ospitalean, 10 ebakuntza egin dizkidate bi urtean, eta egunero 22 pilula hartu behar ditut… Baina, esan didatenez, hau da nire momentua. Hobera ez dut egingo; txarrera? Baliteke baietz, baina, beharbada, nagoen moduan ere gelditu naiteke, eta honekin bizi. Etorkizuna, beraz, ez da existitzen”. 

Mantra

Loiuztarra sormenetik hurbil ibili da beti. “Zentzurik ez duten marrazki linealak egiteak laguntzen dit kontzentratzen, eta lanean gustatzen zait ikasgela apaintzen. Hori dela eta, beharbada, lotu ditut artistikoa eta terapia”. Hemen eta Orain egitasmoa sortzeko indarra topatzea ez zen erraza izan, baina bere txokoa atondu du, eta bertan, musikak lagun diseinatzen ditu kamisetak, poltsak, sudaderak, nezeserrak… Euskarazko mezu positiboak dituzten irudiak ere egiten ditu. “Izugarri lagundu dit ospitaleratze luzeetan. Gainera, azoketan eta topaketetan ibil-tzen naiz batzuetan, eta jendea hurbil- tzen zait galdezka eta mezua zabaltzen dela ikusten dut. Are gehiago, pertsona batek nik sortutako irudiaren tatuajea egin du, minbizia gainditu berri zuela. Konturatu naiz hemen eta orain bizitzea zein garrantzitsua den, bizitza momentu honetan delako, eta hemen, ez dakizulako bost minutu barru zer gertatuko den. Hemen eta orain da nire mantra, eta espero dut pertsona askorena ere izatea”.