Apaizei eta dantzei buruz

Aikor aldizkaria 2007ko urt. 17a, 09:56

Asko dira urteetan zehar Sondikan izan diran pasadizoak eta bitxikeriak. Endika de Mongrobejok parrokia-liburuak aztertu eta pasadizook Sondika´ko elizatearen kondaira liburuan bildu zituan 1987. urtean. Guk orrialde honetara ekarri doguz horreetako batzuk. Parrokia-liburuetan azaltzen dan legez, meza entzutera inguruetako elizetara joatea debekatu jaken Sondikako eliztarrei 1657. urtean. Herritarrek, beraz, derrigorrean entzun behar eben Meza Nagusia San Joan Bataiatzaile elizan. Arrazoia hau zan: bertako parrokoa eliztarrek atabakan utzi zituen dohainetatik bizi zan eta hareek beste eliza batera joanez gero, ez eban nahikoa diru-sarrera izango. Domingo de Legina Ofizio Santuko komisarioak Sondika bisitatu eban behin, Bernardo de Hontiveros Calahorrako apezpikuaren izenean. Eliza inguruetan egiten ziran jaietan mutil eta neska gazteek eben dantzatzeko erak kezkatzen eban komisarioa. Izan be, bere esanetan, jai horreek ez ziran santuen ohorez egiten, gazteak lizunkerietan ibiltzeko baino. Komisarioak eliztarrei kargu hartzeko agindua emon eutsan herriko apaizari, gazteek “jainko paganoen ohorez” egiten zituen dantzak eraldatzeko. Horrezaz ganera, abade batzuen ohiturak be zigortu zituan Domingo de Leginak. Azaldu eban bezala, abade batzuk mozorrotu egiten ziran herri antzerkietan parte hartzeko eta tabernarik taberna ibiltzen ziran. Abade horreei eskumiku nagusia emongo eutseelako mehatxua bota eutseen eta, penitentzia moduan, zigor hau ezarri eutseen: zapatu guztietan, arrastiz, Salbea abestu behar eben Arimenean. Endika de Mongrobejok beste bitxikeria bat topatu eban parrokia-liburuetan. 1668. urtean dantza egitea debekatu zan Sondikan. Baina, paradoxikoki, sei urte geroago parrokoak berak 80 erreal emoten eutsan herriko danbolinteroari, urte osoan zehar egiten zituan emanaldien ordainetan. Parrokoa 1684. urtean, barriz, ez zan hain eskuzabala izan danbolinterogaz, horreri 72 erreal baino eutsan ordaindu eta.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).