Akordeoia, hurbilago

Aikor aldizkaria 2016ko mai. 5a, 12:51
Pentagrama Sondikako Kultura Elkarteak ateak zabaltzeko eguna antolatu du aurten, lehenengo aldiz, akordeoia herritarrengana hurbiltzeko. “Helburua, publikoak gu hurbiletik ezagutzea da”, esan digu Yolanda Ugarte zuzendariak. “Gure lana ezagutzea nahi dugu. Orkestra bat zer den ikasi dezaten eta, jakina!, akordeoia zein motatako instrumentua den ikasi dezaten, nondik datorren, zerez dagoen egina, zelan jotzen den…”. Horretarako, elkarreragitea nagusi izan zen ekitaldi bat antolatu zuten. “Publikoarekin zuzeneko harremana eduki nahi izan dugu. Ekitaldiari amaiera emateko, adibidez, perkusiozko instrumentuak banatu ditugu haien artean, eta gurekin batera jo dute Athleticeko himnoa. Oso dibertigarria izan da eta jendeari asko gustatu zaio”. Horrezaz gainera, beste abesti batzuk ere jo zituzten ekitaldian zehar, hala nola Leonard Cohenen Hallelujah, Melendiren Caminando por la vida eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen Maite zaitut. Era berean, akordeoiaren gaineko gakoak azaldu zituzten eta zalantzak ere argitu zituzten. “Izan ere, badago jendea akordeoia trikitiarekin nahasten duena”. Eta trebetasun berezirik eduki behar da akordeoian hasteko? “Baldintza bakarra jotzeko gogoa edukitzea da. Eguneroko lana da. Praktikatu behar da, eta interesa eta ilusioa duen jendeak, bada, lortu egiten du”. Yolandaren esanetan, akordeoia edonora eraman daitekeen instrumentua da, eta, gainera, ez du beste instrumentu baten laguntzarik behar, musikak behar bezala jotzeko. “Oso instrumentu alaia da eta jendeari asko gustatzen zaio”. Pentagrama Sondikako Kultura Elkartea orain dela 19 urte sortu zen. Orkestra gaztea da, ezohikoa, eta hura 14 akordeoilarik, baxu-jotzaile batek, gitarra-jotzaile batek, bateria-jotzaile batek, tronpetari batek eta zuzendariak osatzen dute. “Estilo guztietako musika jotzen dugu, rock, pop, soinu-bandak, baladak… Baita musika klasikoa eta euskal musika ere. Orkestra gaztea gara eta ideia da normalean entzuten dugun musika jotzea. Abesti horiek akordeoirako moldatu behar ditugu, noski, baina gustura egiten dugun gauza da. Eta musikarientzat ere eragingarri bat da haiek ezagutzen dituzten abestiak jotzea. Gauza interesgarria da, polita eta ezohikoa. Nik ez dut ezagutzen gure moduko beste orkestrarik”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).