Euren dirua nahi dute

Aikor aldizkaria 2016ko api. 5a, 10:59
Testua eta argazkia: Gaizka Eguzkitza
Azken egunotan lagun bi ikusi ditugu Sondikako Banco Popularren aurrean. Eskuetan, “Queremos nuestro dinero” edo “El Banco Popular no me devuelve el dinero de la cláusula suelo” leloak dituzten pankartak daramatzate. José Beltrán eta Pablo González dira. Biek dute hipoteka Banco Popularrarekin eta biek sinatu zuten zoru-klausula, hau da, interes aldakorra duten hipoteketan ordaindu behar den gutxieneko kuota. Banketxean hainbat aldiz alamena eman eta gero, zoru-klausula kentzea lortu dute, baina bikoteak eskatzen dio bankuari, orain arte klausula horren ondorioz ordaindutako dirua itzultzea. “Geurea dena baino ez dugu eskatzen”, esan digute. Bikotearen borroka 2013an hasi zen. Urte horretako maiatzean, Espainiako Auzitegi Gorenak adierazi zuen bankuek zoru-klausula argi eta garbi azaldu behar zietela bezeroei. Bestela, ilegala zela. Hala ere, esan zuen epaiak ez zuela atzeraeraginezko efekturik; baina Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak laster emango du honen gaineko epaia eta adituen ustez, atzeraeraginezko efektua izango du, ziur asko. José eta Pabloren esanetan, banketxeak ez zien argi adierazi zoru-klausula zertan zetzan eta zeintzuk ziren bere ondorioak. “Nik 2007an sinatu nuen hipoteka, baina Auzitegi Gorenaren epaia ikusi nuenean, azalpenak eskatzen hasi nintzen”, esan digu Josék. “Kexa bat bidali nuen idatziz, baina erantzun zidaten ezin zutela ezer egin. Ostean, banketxera etorri naiz sarritan nire kexa adieraztera. Haiekin behin baino gehiagotan ibili naiz negoziatzen, eta azkenean esan zidaten zoru-klausula kenduko zidatela, baina notario baten aurrean egin beharko genuela. Eta nork eta nik neuk ordaindu behar nuela izapidea. Nik ezetz esan nien, xantaia hutsa iruditu zitzaidalako”. Pablo Joséren laguna da. Berak ere badu hipoteka Banco Popularrean eta duela hilabete bi egin zuen bat Joséren salaketarekin. “Frustratuta sentitzen gara, iruzur egin digutelako. Bankuko langileek beti esaten dute haiek ez dakitela ezer, baina hurrengo egunean, izapideak egiteko prest agertzen dira. Bankuak ez du gurekin gardentasunez jokatu eta gainera, era desberdin batean tratatu gaitu: lehendabizi, Pablori kendu zioten zoru-klausula; eta beranduago, niri. Lotsagarria da”, adierazi du Josék. “Nik 30 egunotan lortu dut José azken hiru urteotan eskatzen ibili dena. Bankuaren jarrerak amorrua ematen digu”, gaineratu du Pablok. Kontzentrazioak Josék kalkulatu du behintzat 8.000 euro ordaindu dituela zoru-klausula dela-eta. Pablok, 2.000 euro. Beraz, negoziazioak eta kexak baztertu gabe, bikoteak banketxearen aurrean kontzentrazioak egitea erabaki du. “Batu ginen lehenengo egunean, bankuko zuzendaria atera zen eta bilera egitea eskatu zigun. Azkenean, esan zigun ezin zigutela ordaindu, horrek jarraibidea emango lukeelako, beste batzuek gauza bera eskatzeko”. Aikor! aldizkariak iritzia eskatu dio bankuaren Sondikako bulegoko zuzendariari, baina horrek ez digu erantzunik eman nahi izan. Dena dela, Auzotegi Gorenak baliogabetzat jo zituen Banco Popularraren zoru-klausulak 2016ko urtarrilean, gehiegizkoak izateagatik, eta martxorako bankuak 101.000 bezerori kendu zien zoru-klausula. “Ziur gaude Sondikan beste lagun batzuei gauza bera gertatzen zaiela, eta kaltetu horiek guztiak batu nahi ditugu, indar handiagoa izateko. Beraz, beste kaltetuei deialdia zabaldu nahi diegu gurekin bat egiteko. Epaitegi batzuen epaien haritik, banku batzuk hasi dira ordaintzen, zoru-klausula gehiegizkoa delako, baina Banco Popular, ordea, ez”. Kontsumitzaileen bulegora ere jo dute eta gaur egun abokatu batek hartu du José eta Pabloren auziaren ardura. Bitartean, beren dirua eskatzen jarraituko dute. Kaltetuentzako telefonoa: 657 83 93 98

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).