Iskanbila Sondikako Udala eta udaletxeko langileen artean

Aikor aldizkaria 2017ko ots. 22a, 10:41

Pasa den otsailaren 15ean, ELA sindikatuak Sondikako Udaleko 16 funtzionario lan-etenaldia egitera deitu zituen Udaleko langile baten lanpostuaren amor­tizazioa dela-eta. 2014ko hasieran, ofizio-lanetan zebilen udaletxeko langile bat jubilatu egin zen, eta harrezgeroztik lanpostu hori libre dago. Udalak kanpoko enpresa bati eskainiko dio lanpostua.

“Egoera oso larria da, eta are gehiago egiten dituzten lanak kontuan hartuta. Langile hauek ehorzketa-lanetan ibiltzen dira, eta zerbitzu horiek oso bereziak dira udaletxe batean eman behar diren zerbitzuen artean”, adierazi du ELA sindikatuak komunikatu batean. Andoni Berazak, Uda­leko ordezkariak, lanpostu hori Txo­rie­rritik kanpoko enpresa pribatu batek beteko duela adierazi du El Correo kazetan. Langileak, aldiz, ez daude ados: “Lan­postu hori behar bezala bete behar da Uda­larekin kontratua daukan langile ba­tekin”, aldarrikatu dute. “Eta Udalak hartutako erabakiak aurrera egiten badu lanpostu bat desagertuko da, Udalak eman behar dituen zerbitzuetan atzera-pausua eman eta lanpostu prekarioak sortuko dira”. “Langileek greba egiteko eskubidea erabat errespetatzen dugu”, adierazi du Xa­bier Zubiaur alkateak prentsa-ohar ba­tean. “Erabaki horren helburua baliabide kopurua handitzea da. Horrela, sondikoztarrek merezi duten zerbitzu kalitatea bermatuko dugu”. Udalak argitaratu duen jakinarazpenean, gaur egun Sondikako brigadak eskaintzen duen zerbitzua kanpoko enpresa baten bidez hobetu nahi dela aipatzen da: “Gaur egungo langileak momentura arte lan egin duten bezala jarraituko dute eta, horrezaz gain, lan hori osatzeaz arduratuko den enpresa egongo da, aktibitatea bikoiztuz. Eraba­kiak ez du eraginik izango gaur egungo lan-taldearen lan baldintzetan”. Zu­biaurrek azaldu duenez, Bizkaiko bestelako herrietan modelo bera ezarri da, “eta ez da greba kasu bakar bat ere eman”. Bertan antzeko kasuak ematen direla aipatu du: “Sondikan barneratu dugun modeloa da: lorezaintza, bide-garbiketa, zabor-bilketa, argiztapen sistema, arratoi-ezabatze sistema...”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).