Gasolina eta kimikoen analogian

Aikor aldizkaria 2017ko mar. 1a, 10:12

Jon Inza, mekanikaria 

Goitik behera ikusita, Jon Inza beste garai batetik datorren gaztea dirudi: Marteens botak, praka estuak, poloa eta bigarren eskuko larruzko motozalearen jaka. Eskumuturrean pilarik gabeko erloju analogikoa darama. Hanka artean 50 ccko Aprilia RSa. Motorren burrumba eta negatiboen kimikoen maitalea, 22 urteko Inzaren ametsa motorraren munduaz bizitzea da, mekaniko bezala, inolako luxurik gabe.

Diferentea da. Motorra daukan gazte zaratatsu asko dago Txorierrin, baina bera salbuespena da. Duela urte batzuk elektromekanikako erdi-mailako zikloa egin zuen, eta iaz Deustuko garaje batean mekaniko lan egiten egon bazen ere, lanik gabe dabil momentu honetan. Automobilismoa bere pasioa da eta hainbat motor izan ditu momentura arte: “Motorrak erosi, konpondu eta saldu ditut. Burdin asko izan ditut esku artean txikitatik”, adierazi du Sondikakoak.

Motorrarekiko pasio hau betidanik izan du etxean: “Aita eta osaba motozaleak dira, eta nik bizitza motorraren inguruan eraiki dut”. Osaba Tito Inza da, eta moto klasikoetan parte hartzen du askotan: “Duela urte batzuk Sangronizen egindako Sondika Urban Circuit-en parte hartu zuen, eta azken boladan osasunez makal egon bazen ere, moto bi karro batean igo eta Spako moto kontzentraziora joan zen bere kabuz (Belgika). Estatu mailan, motorra hartu eta Gijonera abiatu zen, kontzentrazio batera”, azaldu du gazteak.

Hiru urterekin lehen motorra oparitu zioten Joni: Bultaco Chispa bat: “Harrez geroztik etxean gordetzen du osabak” azaldu du. Bederatzi urterekin 250 ccko Sherco bat izan zuen. Hortik aurrera hainbat Mobilette oparitu zizkioten, piezatan: “Momentu hartan hasi nintzen mekanikaren munduan musturra sartzen”. Pieza horiekin lehen motorra montatu zuen, 12 urte zituela. Urte batzuk geroago Montesa Cota 309a erosi zuen, bere lehen motorra. Urte batzuk geroago mendiko 250 cc-ko Suzuki RM batengatik aldatu zuen. Ostean 350 cc-ko Yamaha RDa erosi zuen, eta aurrerago, Kawasaki KX 250 bat. Gehienak antzinako motorrak dira, bere janzkerarekin bat datozen horietakoak: “Yamaha RDa udazkenean saldu nuen”, adierazi du.

 Motorrak salerosteaz gain, Jonek berak egiten dizkie mantentze-lanak Algortako lonja txiki batean: “Espazioa berez oso txikia da, baina momentuz ondo konpontzen naiz behar ditudan konponketak egin ahal izateko”, adierazi du.

 

 Altxor baten oinordekoa

Aitite argazkilaritzaren maitalea zuen eta amamak film karreteak errebelatzen laguntzen zion. Aitite hil zenean, antzinako argazki kamera ugari hartu zituzten herentzian, aitak, osabak eta Jonek. “Helburua ez da argazkilaritzan era pofesionalean aritzea, hobby batean baizik”. Zaletasun modura beraz, Jonek argazkiak bere kabuz errebelatzen ditu. Bakarrik batzutan, lagunekin, beste batzutan. Aitite-amamak egiten zuten bezala.

Jonek ez dauka argazki kamera digitalik: “Behar dudanean lagunei lapurtzen diet”, aitortzen du. Ateratzen dituen argazkiak ez ditu inolako blog edo webgunera igotzen, Facebookera baizik. Joan Fontcuberta argazkilari katalanak esaten du argazkilaritza hil egin dugula, gaur egun argazkilaritza-ondokoaren aroan bizi garela. Argazkilariaren esanetan, antzina, argazki bat betiko gogoratzeko helburuarekin egiten zen. Gaur, ostera, milaka argazki egiten dira minuturo eta sare sozialetara igotzen dira, ia pentsatu gabe.

Jonek formatu ezberdinetako hainbat argazki kamera heredatu ditu: 120 mmko Kiev 88 bi, 35 mmko Pentax bat, Leica bat, Rolley bat, 60. hamarkadako 35mmko Kodak bat…: “Aukera bi nituen: apalategi batean hautsa hartzen utzi edota konpontzen saiatu. Konpontzeko saiakeran apurtzeko arriskua dago. Apurtuz gero, berdin-berdin jarriko nituzke apalategian”. Hortaz, martxan jarri zen: pazientziaz eta ordu asko emanez, Jonek kamerak banan - banan ireki, garbitu eta konpondu ditu. Joan den mendeko altxor horiek martxan dauzka 2017 urtean.

 Jonen ametsa trankil bizitzea da, inolako luxurik gabe, eta maite duen hori egiten: mekaniko-lanak. Horretarako, garaje propioa duen etxea izatea gustatuko litzaioke, ez horrekin negozioa egiteko, baizik eta lana gustura egin ahal izateko. Etorkizunean motoetan lehiatzea gustatuko litzaioke, hori bai, klasikoetan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).