“Gaur eguneko sorkuntza estetikan galtzen da”

Aikor aldizkaria 2017ko mar. 31a, 14:02

Eñaut Elorrieta, Ken Zazpi taldeko abeslaria

Gernikako taldearen bira bukatzen ari da, Phoenicoperus azken diskoarekin.  Sondikako inauterietan eskaini zuten eta jende mordoa erakarri zuen. Azken diskoko abestiak eta garai guztietakoak entzun ahal izan ziren bertan. Karpa erraldoia adin askotako jendez bete zen ia ordu biko zuzenekoa entzuteko, eta Ken Zazpik ez zuen hutsik egin. Hala ere, abeslariak aipatu du gaur eguneko musikak ez diola behar besteko garrantzirik ematen kantuari, estetikari baizik.

Zelan dabil taldea?

Ondo. Urtebete daramagu biran. 40 kontzertu egin behar genituen eta 43 daramatzagu. Kontzertu potenteak izan dira, eta poz-pozik gaude. Momentu honetan hurrengo saioa prestatzen ari gara eta kontzertu data berriak irteten doaz.

Zelako garapena izan duzu Ken Zazpik hasi zinenetik gaur egun arte?

Lehen diskan ez geneukan argi zer egin nahi genuen, baina sorkuntza aldetik abestiak oso freskuak ziren. Rockarekin jolasean ibili ginen. Bigarren diskoan, Bidean-en (2003), kantu gogorrenak daude Haizea eta Ilargiarekin batera. Kontrasterik altuena duen diskoa da. Bigarren diskotik aurrera atzean utzi genituen soinu gogorrak eta beste mundu baten explorazioan murgildu ginen. Hirugarrena, Gelditu Denbora (2005), akustikoa izan zen eta beste bide batzuetatik esperimentatu genuen. Ondoren Argiak (2007) heldu zen, nire ustez diskorik definituena, Rafa Sardinarekin Los Angelesen grabatutakoa. Tendentzia rockeroak, poperoak… nahastu genituen bertan. Horren jarraipena izan zen Ortzemugak Begietan (2010).

Inflexio puntua izan zen disko hori

Bide horrek eman behar ziguna agortu genuen. Ken Zazpik diskorik diskora erronkak markatu behar ditu, eboluzionatzen ari garela sentitu behar dugulako. Momentu hartan Orkestra Sinfonikoarekin grabatu genuen eta hausnarketara eraman gintuen. Bideak agortu genituen eta horren ostean krisia heldu zen. Krisiak beharrezkoak dira aurrera egiteko, edozein harremanetan bezala.

Orduan Phoenicoperus heldu zen

Ilusioa berpiztu zaigu disko berri honekin. Phoenicoperus-a errautsetatik altxatzen den Ave Fenix-a da, taldeak nolabait hori bera bizi izan duelako. Motibatuta gabiltza eta errepertorioa berritzen ari gara. Taldea osasuntsu dabil krisia gainditu genuenetik.

Zeintzuk osagai ditu azken disko honek?

Elektronikoagoa eta organikoagoa da. Esperimentalagoa da, eta ez gara kantu errazara joan. Edizio perfektuaren bila joan beharrean; inperfekzioa eta soinu zikina bilatu nahi izan dugu.

Maniarik  baduzue edozein kontzertu hasi baino lehen?

Denok elkarrekin egoteko momentua bilatzen dugu. Talde sentsazio hori bizi, hitz egin, elkarren artean ukitu. 

Ilargia. Eztanda izugarria izan zen, da eta izango da. Zergatik?

Ez dakit. Inork ez daki. Ilargia besteko kantu bat konposatzea planteatuko banu orain, ziur nago ez nukeela lortuko. Ez dago formularik, zorionez. Ez da egin dudan kanturik onena, baina egia da jendeak oso maite duela eta ate pilo bat ireki dizkigula.

Nola dago musikaren egoera Euskal Herrian?

Garaiak aldatzen ari dira. Aukera zabalak daude duela urte batzuekin alderatuta. Internetek gure bizitzak aldatu dituen bezala, musikarekin antzekoa gertatzen da: internetek informazio asko eskaintzen du, baina kontua informazio hori ulertzea eta aukeratzen jakitea da. Euskal Herrian askotariko estiloetako proiektu interesgarriak egiten dira. Gu hasi ginenean disketxeak oso potenteak ziren, eta diskoak eurek argitaratzen zituzten. Gaur auto-ekoizpena da nagusi, taldeek internet erabiltzen dute bere bidea jorratzeko…

Garai batean baino gauza interesgarriagoak egiten dira?

Zalantzak dauzkat. 70. hamarkadako musika entzuten ari naiz egun hauetan. Bidean zeozer galdu dugula uste dut. Garai hartako kantuak, bere sinpletasunean oso organikoak ziren. Kantuek ez zuten gaurkoek erabiltzen dituzten parafernaliarik. Gaur eguneko sorkuntza estetikan galtzen da: baliabide pilo bat daude eskura, baina egiten den horri arima falta zaio, eta erakusleihoan geratzen gara, azalean. Kantuaren esentziari baino, azalari ematen diogu eta denok galdu gara pixka bat. Niri kantua gustatzen zait.

Ametsik?

Amets asko bete dituen taldea gara. Ezer eskatzekotan, pausu berriak emateko aukerak izaten jarraitzea eta ondo aprobetxatzea. Azken batean, bide honetan jarraitzea, bizirik jarraitzea da.

Erlazionatuak

Ken Zazpi, Sondikako Inauterietan

Gaizka Peñafiel 2017 mar 06 Musika

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).