“Ez genuen hausnarketarako denborarik izan”

Aikor aldizkaria 2017ko api. 4a, 10:15

Lantegiko langile ohia

Txorierriko emakume langileen artean Eugenia dago. Haraneko emakume askok bizitza landa esparruan eman bazuten ere, Asua eta inguruetako emakume askok industrian eman zuten bizitzako zati garrantzitsu bat, eta Emakumen Nazioarteko Egunaren jaiotzara eraman gaitu SIGA lantegian izandako bizipenaren bitartez. 

Asuako SIGA enpresako sirena goizeko 05:00etan hasten zen zarataka. Alboko herrietan entzun zitekeen langileentzako dei hura. Gaua zen oraindik. Dena ilun ze­goen. Garai hartan, Asuako emakume as­ko ohetik jaiki eta Txorierriko lantegi ba­karrera joan ohi ziren, lan egitera. Eu­geniak 14 urte zituela utzi zuen eskola eta josketa eta bordatu lanetan hasi zen. 15 urterekin SIGA lantegian hasi zen ama eta hiru ahizpekin.

Bizitza osoa lanean eman duen emakume ausarta da Eugenia. Horrela erakusten dute zimurrez beteriko eskuak. Lanez josita dauzka, eta kalean irtetean, etxe aurrean, SIGA enpresa ohia ikusten du egunero, eta oroitzapen ugari dakarkio burura. Etxea fabrikatik kilometro eskas batera zeukan, eta lo gehiago egiteko au­kera zuen. Goizero, loguraz, To­rretas auzotik lantegira abiatzen ziren ama eta hiru ahizpak. “07:00ak aldera Lutxanako trena jendez gainezka heldu ohi zen, ezkerraldetik”, gogoratu du Euge­niak. “Lutxanatik ez eze, Goierri, eta Loiu­tik ere langile asko oinez etortzen ziren”. Edozein lantegitan gertatzen den bezala, langile gehienak gizonezkoak ziren.

Eugeniaren lana gizonek fabrikatzen zituzten metalezko hodiak gomaz txirikordatzea zen, ondoren disoluzio antzeko kola aplikatzeko eta bulkanizatzeko. Az­ken produktu eskuz egindako 20 metroko mahukak ziren. Amak eta ahizpek alboko pabilioietan egiten zuten lan, etxetresna elektrikoetarako gomak sortuz, besteak beste. “Gure pabilioian 40 gizon zeuden hodiak egiten eta lau emakume horiek guztiak txirikordatzen eta beste hiru zilindroak batu eta galdaretara eramaten”. Beste alde batean zapatagintza pabilioia zegoen. “Han egiten zuten lan emakume gehienek: galdaren gelan dozena erdi gizon baino ez zeuden eta 100 emakumek baino gehiagok egiten zuten lan”.

Lan baldintzak oso gogorrak izan ohi ziren. “Ama hasi zen garaian 24 pezeta irabazten zituen astero, 1937 urtean; nire az­ken urteetan 100 peseta irabazten nituen. 06:00-14:00 eta 14:00-22:00etarako lan txandak zeuden eta ordu erdiko etenaldia geneukan gosaltzeko. Horrela­ko lanaldiak ziren astelehenetik larunbatera”. Horrez gain, Eugeniak gizon eta emakumeen soldataren artean sekulako diferentzia zegoela adierazi du, eta sarritan euren lana ikuskatzen zuen arduraduna zegoen. “Pa­bil­ioi bakoitzak arduradun propioa zeukan eta gure kasuan gure lana kronometratzen zuen gizon bat izan ohi genuen: zortzi orduko lanaldian zenbat hodi txirikordatu ahal genituen jakiteko”.

“Txarrena arduradunen errietak izan ohi ziren, askotan era txarrean esaten zizkiguten gauzak”, errepikatu du hainbat al­diz elkarrizketan. “Hala ere, gutxirekin konformatzen ginen eta ondo pasatzen genuen denon artean: emakumeen arteko harremana oso sanoa izan ohi zen”. Lanetik irten bezain pronto, joste lanak eta bordatuak egiten zituen, bai etxerako, bai partikularrentzat. “Ezkontzetarako apaindura ugari egin nituen”.

Igandeak disfrutatzeko egunak izaten ziren. “Eskola garaian plazan eman ohi ge­nituen igandeak, eta lantegiko garaian, Ro­sarioko mezaren ondoren zinemara eta gero erromeria joan ohi ginen, dantza egitera. Zineak 60 zentimo balio zuen, eta auzotarrek 10 zentimorekin laguntzen ziguten sarritan”.

 

Ezkontzaren madarikazioa

1961. urtean Eugenia ezkondu egin zen, eta garai hartako emakume gehienei gertatu zitzaien bezala, bere bizitza profesionala egun hartan amaitu zen. Lana utzi eta etxeko lanei dedikatu zien bizitza, gaur egun arte. “Senarra emakumeekin lan egindakoa zen, eta ez zuen nahi ni emakume horiek bezalakoa izatea”. Ho­rrela, 14 urte fabrikan eman ostean etxera itzuli zen, etxeko behar guztiez gain, josi eta bordatuak egitera. Ondoren, seme-alabak izan zituen, eta gero, ilobak.

“Emakumeok aurrera egin dugu baina ez dugu berdintasuna lortu. Garai hartan ez genuen hausnarketarako denborarik izan, lan egiteko bizi ginen”. Gaur egun Sangroizeko trenbide ondoan dagoen BEAZ enpresa-haztegi bihurtu da, eta Eu­ge­niak behin eta berriro ikusten duen irudia da, etxetik irteten den bakoitzean. Be­ra bezalako emakumeen aztarnak ezabagaitzak izango dira, be­tiko.

 

 

Odolezko bataioa

1857. urteko martxoaren 8an, New Yorkeko ehungintza lantegi bateko ehunka emakume kalera irten ziren, euren lan baldintzak salatu eta soldata duinak eskatzeko: gizonezkoek jasotzen zutenaren erdia kobratzen zuten. Baina poliziak martxari eraso egin eta berdintasuna eskatzen ari ziren 120 emakume kolpeka hil zituen. Handik urte bira emakume langileek lehen sindikatua sortu zuten.

Martxoaren 8a sinbolo bihurtu zen, eta harrezkeroztik egun horretan protestak egiten hasi ziren. 1909an Emakumeen Egun Nazional ofiziala egin zen, AEBetako alderdi sozialistak otsailaren 28an izendatua “Ogia eta Arrosak” lelopean (ogia, segurtasun ekonomikoa bermatzeko; eta arrosak, bizi-kalitatea). 1910ean Emakume So­zia­listen Nazioarteko II Hitzaldia egin zen Kopenhagen, zeinetan emakumeen sufragio unibertsala eskatu zen eta Clara Zetkinek Emakumeen Nazioarte­ko Eguna martxoaren 8an izatea proposatu zuen. Esan eta egin, proposamena aho batez onartu zuten 17 lurraldetako 100 emakumek.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).