“Geurea herriko alkarte zaharrena da. Baina kluba ez gara gu, batzarkideak eta agintariak, edo teknikariak eta jokalariak bakarrik; atzean herria dago eta hemen herriko gazte gehienek jokatu dabe. Beraz, ondo pasatu eta urteurrena ospatu gura dogu, baina herria ospakizunetan inplikatzea be gura dogu, eurek be klubeko zati handi bat diralako”, adierazo deusku Jose Luis Larreak taldeko presidenteak. Kluba maiatzean hasi zan urtebetetzea ospatzeko ekitaldiak antolatzen, bai kirol arloan, bai gizarte arloan.
“Gure klubeko maila guztiak gozauko dira urteurrenagaz. Maiatzean haur, kimu eta benjamin mailetako taldeek txapelketa bat jokatu eben. Txapelketea San Joan jaiakaz batera egin zan, eta han Txorierriko (Arteaga, Zamudio, Loiu eta Uritarra) zein kanpoko taldeek (Lemoatik, Mungiatik...) hartu eben parte. Era berean, ekainean, gazte eta kadete mailako taldeek maila bereko Bizkaiko selekzioen kontrako partida bat jokatu eben”.
Ganera, sondikoztarren nagusien taldeak Athleticen kontrako partida bat jokatzea gura dabe. “Oraindik ez dakigu noz, Athleticek esan behar deusku noz datorkion ondo. Gu zain gagoz”. Beste alde batetik, Jose Luis Larrearen taldeak omenaldia egin gura deutso emakumezkoen futbolari, Sondika talde aitzindaria izan zalako. “Gu izan ginan emakumezkoen Lehenengo Mailan jokatu eban Bizkaiko lehenengo kluba eta hori aldarrikatu gura dogu. Horregaitik, Athleticen emakumezkoen taldearen kontra be jokatu gura dogu. Data zehaztu barik dago, agian irailean”.
Gizarte arloan be antolatuko dabez ekintzak. Batetik, kirolari buruzko berbaldiak egiteko asmoa dabe irailean, Kultura Etxean, eta horreetan hainbat gai hartuko dira hizpide: medikuntzea, elikadurea, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko desberdintasunak futbolean... “Ideia polita iruditu jaku, adituak ekarri gura doguzalako. Halanda be, hatako bat Angel María Villar Espainiako Futbol Federazinoaren presidentea zan, eta bera atxilotu dabenez, ez dakigu zer gertatuko dan. Ganera, Julen Lopetegi Espainiako selekzinoaren entrenatzailea eta Josean Lekue Athleticen medikua be ekarri gura doguz”.
Beste ekintza bat antxinako argazki-erakusketea da. Han klubaren historia jasoko da. Erakusketa herriko liburutegian egingo da, eta gero, argazkien panelek herriko hainbat taberna, denda eta txoko bisitatuko dabez. Amaitzeko, azken ekitaldia Santa Kurtze jaien ostean, irailaren 23an egingo dabe Larrabarrenako landan. “Jaiak guk antolatzen doguz eta polita da urteurrenari bertan amaiera emotea. Goizean, beteranoek partidatxo bat jokatu gura dabe eta geroago, kanta-dantza-poteoa egingo dogu. Txuma Olagüe talde koralak, Gorantzaileak dantza taldeak eta Ipar Elaiak herriko txistulariek hartuko dabe parte bertan, baita Garikoitz Mendizabal Bilboko Udal Txistulari Bandako zuzendariak be. Ostean, herri bazkaria antolatu dogu”.
“Sondika bizirik mantendu gura dogu eta horretarako, edozein aitzakia da ona. Eta holan, jente barria, Sondikara azken urteotan bizi izatera etorri dana, erakarriko dogu eta sondikoztar bihurtuko doguz. Hirurogeita hamabosgarren urteurrenenan guztiak inplikau gura doguz. Dantza-poteoa egin gura dogu herriari bizitasuna ekarteko. Herriarentzat jai eguna izatea gustauko litxakigu”.
Gaur egun
Sondika Kirol Elkarteak egitura sendoa dauka gaur egun. Guztira, 160 jokalarik, zazpi taldek eta beste 30-40 lagun gehiagok –teknikari, laguntzaile eta batzarkideen artean– osatzen dabe kluba. Sondikako taldeek maila guztietan jokatzen dabe: Ohorezko, Gazte, Kadete, Haur, Kimu eta Benjamin mailetan.
Halanda be, klubak arazoak be badauz. “Dirua eta jente barria beharko geunkez, beste klubetan gertatzen dan moduan. Ez naz kexatzen, baina Txorierriko beste herrietako Udalek diru gehiago emoten deutsee euren futbol taldeei. Eta ez naz kexatzen, benetan, Udalak itzelezko atxikimendua adierazoten deuskulako. Beraz, diru gitxi dogunez, gogor egin behar dogu lan: txosna ipintzen dogu jaietan; zozketak eta loteria saltzen doguz.... Era berean, belaunaldi barriek lekukoa hartu beharko leukie batzarrean. Guk denpora pilo bat daroagu eta hori ezin da izan”. Arazoak arazo, presidenteak uste dau “klubak, behintzat, beste 75 urte iraungo dauala”.
Futbola orain dala 100 urte jaio zan Sondikan
Sondika Kirol Alkarteak 75 urte daukaz, bai, baina aurretik be jokatzen zan futbolean herrian. Hasiera batean, 1913an, Olan, Izartza bidean egoan futbol zelaia eta bertan Txorierriko zein Bilboko lagunek jokatzen eben. Garai hatan ez egoan Bizkaiko Federazinorik, eta ondorioz, gazteek erronkak botatzen eutsiezan alkarri: auzo batzuk besteen kontra sartzen ziran lehian. Orduan hasi zen Sondika izena erabilten.
Urtebete beranduago, 1914an, futbol-zelai gitxi egoan Bizkaian eta, horregaitik, Bilboko Eusko Gaztedi taldeak Kirolokieta futbol zelaia eraiki eban, Sondikako aireportuko pistaren ondoan. Zelaia handia zan eta bertan 5.600 lagunentzako lekua egoan, haietako 800, jezarrita. Gaur ezagutzen doguzan zelaiak baino, landak ziran, baina tira, bertan futbolean jokatzeaz gain, atletismoa eta palankarien probak be egiten ziran. Zelai horretan Asua Txiki Sondikako taldea be hasi zan jokatzen. Halanda be, Kirolokietak ez eban luze iraun, aireportua handitu behar izan ebelako, eta ondorioz, Kirolokieta bota behar izan zan. Bere ordez, beste bat egin zan handik gertu, Mingolarra.
CD Sondika 1929ko abuztuaren 10ean federau zan, baina urte berean, urrian, izena aldatzea erabagi eben. Antza danez, Athleticek 11 gol sartu eutsozan lagunarteko partida baten eta emoitza lotsagarri hori alde batera ixteko, SD Amaika Bat aukeratu eban izentzat. Azkenean, Sondikako taldeak bere jatorrizko izena berreskuratu eban 1942an eta handik urtebetera, 1943ko ekainaren 15ean, hain zuzen be, barriro sartu zan Bizkaiko Futbol Federazinoan.