Artista anitza

Aikor aldizkaria 2017ko urr. 20a, 11:18

Tom Hennley l sortzailea 

Errenazimentuan, XIV. eta XV. mendeetan, sortzaileek hainbat jakintzagai jorratzen zituzten. Eredu horri jarraituz, Tom Hennley (1991) sondikoztarrak, besteak beste, argazkilaritza, diseinu grafikoa eta literatura lantzen ditu. Aurten bere lehenengo eleberria plazaratu du, Su y el portal inexistente, baina hori Hennley enpresaren lehenengo pausoetako bat baino ez da. 

Aritz Martinez irudimen handiko mutila da. “Txikitan, nire klasekideak gurasoek erositako jolasekin jolasten ziren; nik, ordea, jolasak asmatzen nituen. Irudimena nahikoa da nahi duzuna egin ahal egiteko. Gaur egun, gauza berriak sortu behar ditut etengabe”, esan digu. Horregatik, Arte Ederretako karrera ikasi beharrean, Bilbon diseinu goi-mailako zikloa egitea erabaki zuen azkenean. “Diseinuak erakartzen nau edozein gauza sortzeko gauza naizelako, baita zerotik hasita ere”.

Denboraren poderioz, Aritz Tom Hennley bihurtu da. “Artista handi guztiek izen berezi eta esanguratsu bat izan dute. Ni Kuks Heilen hasi nintzen erabiltzen eta hori Henley bihurtu zen. Henley erregistratzen saiatu nintzen, baina bazegoen beste Henley bat, beraz, Hennley sortu nuen, “n” birekin. Eta gero Tom aukeratu nuen, izen laburrak eta errazak gustatzen zaizkidalako”.  

Diseinu zikloa bukatu zuenean, Tom Getxoko estudio batean ibili zen lan egiten pare bat urtean. “Bertan konturatu nintzen nire kabuz lan egin nahi nuela, nik neuk zuzendu nahi dudalako nire lana, beste inoren agindupean egon barik. Eta horrela sortu zen Hennley enpresaren ideia”, azaldu digu Tomek. Enpresa sei ataletan banandu du: diseinua, ilustrazioa, argazkilaritza, ikus-entzunezkoa, argitaletxea eta galeria. “Diseinuari eta arteari lotutako diziplina anitzeko enpresa bat da. Lan txukuna egin nahi dut, goi-mailako diseinu bat eskaini. Ahal da, besterik ez da gure leloa, hau da, gogoa, denbora eta dirua badago, edozein gauza egin daiteke”.

Hennley enpresa lehenengo pausoak ematen dabil, baina Tom ez da geldirik egon; ezin da geldirik egon. “Hainbat gauza egin behar ditut, monotoniak itotzen nauelako. Hori dela-eta, hainbat kanabera botatzen dituen arrantzalea bezalakoa naiz, baina ikuspuntu artistikoarekin (kar, kar): eskultura, argazkilaritza, diseinua, ilustrazioa eta abarreko arteak landu ditut. Etengabe sortzea da gakoa”. Ildo honi jarraituz, Tomek Jesús Lizaso eskultoreari lan batzuk egin dizkio: bere biografia, katalogo bat, Bilboko Rekalde aretoan ikusgai egon zen bideo bat... Gainera, txikitan asmatutako jolas horietako bat berreskuratu eta era profesional batean garatu du. “Agian inoiz merkaturatuko dut (kar, kar)”.

Liburua

Era berean, Tomek Su y el portal inexistente liburua argitaratu zuen 2016an. Hala ere, gazte sondikoztarrak ez du bere burua idazletzat hartzen. “Literatura errealitatetik ihes egiteko erabiltzen dudan beste era bat baino ez da”. Tomek aitortu digu sei urte eman zituela liburua idazten eta trilogia bateko lehenengo liburua dela. Bigarrena, datorren urteko Gabonetarako espero du plazaratzea. Tomek berak argitaratu du liburua eta lehenengo edizioa arrakastatsua izan zenez, bigarrenari ekin dio.

“Zail egiten zait liburuari buruz hitz egitea. Izan ere, oso argi daukat amaiera eta ez dut ezer aurreratu nahi, bukaera ez zapuzteko. Eleberrian denetarik dago: fantasia, abentura, maitasuna... Errealitatetik hartutako zenbait gauzak osatzen dute istorioa, baina nik genero fantastikoan sartuko nuke. Lehenengo liburu honetan pertsonaiak aurkezten ditut. Beraz, beste biak zirraragarriagoak izango dira”.

Sondikoztarrak ez dio porrot egiteari beldur, bere hitzetan, “horrek irakasten laguntzen dizulako, hobea egiten zaituelako”. Eta horregatik, etorkizunari begira, Tomek hainbat proiektutan jarraituko du lanean. Haietako batzuk duela aste batzuk martxan jarri duen webgunean daude ikusgai. Bere lana oso anitza da, Tom bera ere badelako artista anitza.

 

Informazio gehiago:

www.hennley.com

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).