“Antzerkiagaz zerikusia daukan zerbait egin gura dot; berdin deust zer”

Aikor aldizkaria 2018ko mai. 9a, 09:53

Maren Bidaurrazaga Irazabal, aktorea

Gabonetan Oliver Twist antzezlana aurkeztu zan Euskalduna jauregian eta oholtza gainean ikusi geinkean aktoreetariko bat Maren izan zan. Sondikako gazteak antzezteko gaitasuna dauka eta bere ibilbidea hortik jorratu gura dau. Bere proiektuak euki doguz hizpide.

Zein da zure papera Oliver Twist musikalean?

Paper bi daukadaz: alde batetik, Noah Claypole naz, Oliver istorio osoan zehar izorratuko dauen ume “nazkagarritxua”; eta bestetik, Oliver doan gordelekuko umeetariko bat be banaz. Noahena paper handiagoa da. Dana dala, ez dot inongo arazorik euki paper biak ikasi eta buztarteko orduan.

Zelan etorri jatzun musikal horretan parte hartzeko aukerea?

Lagun batzukaz joan nintzan castingnera, erdi txantxetan eta hartuko ninduen esperantza gitxigaz. Baina akabuan ez zan hain txarto urten (kar, kar).

Hasieratik euki dozu argi musikalak egin gura zenduzala?

Ez, abotsa intonatzen banekian be, abotsa lantzen hasi arte ez neban inoz pentsau kantatzeko gauza nintzanik. Halanda be, esan behar dot Oliver Twist ez dala nire lehendabiziko musikala izan. Hamabi urte neukazala, Sonrisas y lágrimas musikalerako hartu ninduen ordezko moduan. Ez nintzan agertokian azaldu, baina entseguak-eta egin behar izan nebazan, badaezpada.

Eta zelan izan zan agertokira abestera urten zinan lehenengo aldi hori, Oliver Twist musikalean?

Oso ondo urten zan, izan be ni beti egon naz oso gustura eszenatoki ganean; ez naz inoz urduri ipini… eta Euskalduna oso areto handia da, gainera. Urte oso bat euki dogu musikala prestetako eta, hasierako entseguak apur bat gogorrak izan badira be, dana euki dogu prest estreinaldirako eta azken egunotan oso lasai ibili gara.

Eszenatoki gainean oso gustura zagozala dinozu. Izan be, aurretiko esperientzia be badaukazu.

Sondikako Gaztetxean dagoen antzerki tailerrean egon naz eta SKAn antzeztu doguz zenbait lan. Iragarki batzuk be egin dodaz telebistarako eta enpresa baten barne-komunikaziorako, eta gaur egun ETBko Bago!az saioan hartzen dot parte. Hori talent show bat da eta irabazten dauena Go!azen telesailera doa.  

Pozik zagoz?

Oso. Gainera, ez neban pentsaten inoz abestuko nebanik, eta gero bazoaz ikastaroak egiten eta akabuan ez dago hain txarto. Oliver Twist disko baten grabatu dogu; 12 abesti dira.

Zure ibilbidea hortik, musikaletatik, bideratuko dozu?

Ez dakit; dana ikutu gura dot. Nik antzerkiagaz zerikusia daukan zerbait egin gura dot, telebistan, plato batean edo oholtza gainean… bardin deuts zer. Gustura nago baten zein bestean.

Zer daukazu orain esku artean?

Beste musikal bat prestetan gabilz. Esan neiken gauza bakarra da familia osoari zuzendutako lana dala eta muina betiko ipuinak dirala. Uste dot Gabonetarako estreinatuko dala. Bestetik, uste dot Oliver Twist Bilboko jaietan antzeztuko dogula.

Noz erabagi zenduan aktorea izan gura zenduala?

Txikitan. Antzerkigintzea beti gustatu jat eta eskolan hasi nintzanetik beti egin dot eskolaz kanpoko ekintza moduan. Paper ezbardinak antzeztea gustetan jat.

Zein da zure prestakuntzea?

Lehen esan moduan, Gaztetxeko antzerki taldean ibili naz, baina aurten ezin izan dot bertan izena emon, ordutegia txarto jatortalako. Orain Bilboko akademia baten nago eta esku artean daukadana amaitzen danean, saiatuko naz antzerki eskolaren baten sartzen.

DBHko laugarren kurtsoan zagoz. Institutukoaz ganera gidoiak be ikasi behar dozuz. Gatxa da biak buztartzea?

Egia esateko, ez jat kostatzen. Dana eroaten dot ondo.

Aktore moduan, zelan ikusten dozu etorkizuna?

Gatx. Halanda be, uste dot nahiko suerte handia daukadala, 16 urtegaz nahiko gauza egin dodalako.

Antzerkigintzaz ganera, beste ikasketa batzuk egiteko asmorik badaukazu?

Filologiaren bat ikasiko dot: euskal filologia, ingelesa… Aktorea ez banaz, maisua izatea gustauko litxakit.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).