Antzinako gauzakaz liluratua

Aikor aldizkaria 2018ko mai. 15a, 10:11

Txomin Ibarra Azkorra, Olako bildumagilea

Txominek Olako baserriko portxean egin deusku harrerea, eta, ia gura barik, begiak hormetara joan jakuz, traste bitxiz beteta dagozalako. “Baina zenbat gauza daukazu? Uf! Batek daki!”. Sondikoztarrak antxinako gauzen bilduma egiten dau eta bere zaletasuna euki dogu hizpide. Baita kirol munduan izan dauan ibilpidea be, adierazo deuskun moduan, lehian sartzea be euki daualako afizino.

Txominek mundu osotik egin dau bidaia. Herri batzuk aitatzearren, Australian egon da, Egipton, Argentinan, Costa Rican eta Estatu Batuetan. “Asko gustau jat bidaiatzea, baina orain, hobeto etxean”. Eta egin dauzan bidaia horreetatik guztietatik ekarri dauz oroigarri bitxiak. “Gauza arraroak izaten dira. Esate baterako, Keniako militar bati erositako borrea. Bere formeagaitik, oso bitxia iruditu jatan eta bidaiako gidariari esan neutsan militarrari adierazoteko erosi gura neutsala. Ez, ez. Zuri saldu ezkero, gartzelara joan neinteke… Eta gero galdetu eustan: Beno, zenbat ordainduko zeunskit? (kar, kar). Bidaia horretatik pneumatikoez egindako zapatilak be ekarri ebazan etxera.

Dana dala, portxeko hormetan eskegi dauzan traste eta erreminta gehienak Frantzia aldean erosi dauz. “Hor badago leku asko antxinako gauzak erosteko”. Bertan bere saltsan dagoz, beraz. Txominek herri eta garai askotako objektuak batu dauz: atxurrak, baleak harrapatzeko erremintak, kataloxak, balantzak, antxinako argazki kamera eta trikitixa –oraindino dabilena-, emaztearen izena ipini deutson itsasontzi baten brankea, ingude bat, hauspo handi bat, gurpil zorrotzaile bat, familiarena izan zan kalesea… Zerrendea oso luzea da. “Zaharrena eskopeta bat da. Uste dot 500 urte inguru eukiko dauzala”. Gauza horreek guztiak bereziak dira Txominentzat eta gatxa egiten jako esatea zein dan bitxiena. Guztiek daukielako euren xarmea. “Beharbada, gartzela bateko giltzea. Oso-oso pisutsua da eta pentsa eizue gartzelariak poltsikoan hontako bat baino gehiago eroan behar baeban… (kar, kar). Ez dakit nongo gartzelakoa dan, baina saldu eustanak esan eustan 300 urte baino gehiago eukiazala”. Euki eban lehenengo suhiltzaile kaskoa be ipini dau horman. Txomin suhiltzailea izan dalako, erretiroa orain dala 15 urte hartu eban arte.   

Sondikoztarrak denpora asko inbertitu dau bere zaletasunean. Eta dirua. “Baina ez dogu esango zenbat, ados? Emaztea ez haserretzeko…”. Antxinako gauzak biltzeari “zer edo zer egitearren” ekin eutsan, “geldirik ez egotearren”. Baina, egia esan, Txomin ez da aspertzen dan gizona, lan dezente egiten daualako egun osoan zehar. “Altxau eta jaten emoten deutset olioei, euren lekua atondu eta garbitu egiten dau. Txoriakaz be bardin”. Izan be, oso gauza bereziak ez ezik oso txori bereziak be badaukaz: paumak eta faisaiak, tartean. “Lagunek oparitutakoak dira”. Txoriak patxadan dagoz Txominek prestau deutsen txori toki erraldoian. Leku batetik bestera. “Soloan be egiten dot lan apur bat, eta mandaduak egitera joaten naz. Arratsaldean andreari laguntzen deutsat Bilbora eta ez daukat telebistea ikusteko astirik be. Noizean behin bidaiaren bat egiten dogu…”.

 

Kirolzalea

Txominek 77 urte daukaz eta Larrondokoa da. Halanda be, aireportua egin ebenean handik bota eta Olara etorri zan familiagaz. Eta Olara ezkondu zan, solasean ibili garan baserrira hain zuzen be. Tornulari-mekanikoa izan da, iturgina eta suhiltzailea. “Hiru lanak gustau izan jataz, baina suhiltzaile egin nintzan baldintza hobeak eskaintzen eutsazalako. Baserrian gitxi egin dot lan, ez jat inoz asko gustau”.

Suhiltzaile ibiltzeko, sasoian egon behar da eta sondikoztarra persona kirolzalea izan da beti. “Gazteetan bizikletaz ibilten nintzan eta lasterketa askotan hartu neban parte”. Inportanteena Asturiaseko Itzulia izan zan. Lasterketa horretan parte hartu ahal izateko, tranpea egin eban. “Medikuarenera joan nintzan eta gaixorik nengoala esan neutsan. Bajea emon eustan. Izan be, lasterketak zortzi etapa eukazan eta, ondorioz, Asturiasen zortzi egun egon behar ginan. Etapa sendoak izan ziran, 70 kilometro ingurukoak, eta gu ia entrenau barik joan ginan; ez orain moduan… Bultaco taldeagaz joan nintzan beste bost txirribdularikaz batera. Lasterketea amaitzea bakarrik bik lortu genduan; besteek itxi egin eben”.

Bizikletaz ibilteari 20 urtegaz itxi eutsan. “Afrikara, Melillara, agindu ninduen soldadutza egitera eta profesionalean ibiltzeko taldea baneukan be, bizikletea itxiteko erabagia hartu neban, ia hutsetik hasi behar nebalako”. Orduan, zaldi eta asto probei ekin eutsan. “Familian ez da inor egon zaletasun hau euki dauanik; neu bakarrik. Probak ikustera joaten nintzan eta afizinoa hartu neban. Gainera, konpetitzea beti gustau jatanez, bada, hasi nintzan”. Oraintsu arte ibili da txapelketetan, erronketan eta erakustaldietan parte hartzen, Hego Euskal Herrian zein Iparraldean, eta garaipen asko eroan dauz etxera. “Zaldi onak eduki dodaz, baina txarrak gehiago”. Poniak be izan dauz eta behin zirkoko elefante bategaz ausartu zan arraste-erakustaldia egitera. Era berean, ahari-talketan hartu dau parte. “Egin ez dodana posturea egitea izan da; ez jat inoz gustau”. Proba horreetan parte hartzeari adinagaitik itxi deutso. “Pena izan da, baina kalendario partida daukat (literal, esateko urte asko dituela)”.

 

Eroica

Lehiarako daukan zaletasunak Espainiako Suhiltzaile Beteranoen Txirrindularitza Txapelketan izena emotera animau eban. “Lankide batek joango zala esan eustan eta gogoa biztu jatan… Ni be banoa, esan neutsan hurrengo egunean. Baina ez dozu entrenau! Bardin deutso, erantzun neutsan. Hirugarrena lotu nintzan”. Eta, 61 urte eukiazala, Sondikatik Gorbeiaraino oinez joateko erronkari baietz esatera be. “Ez da erraza 50 kilometro egin behar diralako, eta tontorrera igon. Ez nintzala gauza izango esan eusten, eta erakutsi neutsen banintzala. Bost suhiltzaile joan ginan”.

Semeari lagundu deutso Paris-Roubaix eta Lieja-Bastoña-Lieja lasterketetara, eta igaz, bizikletea hartu eban azken aldia urteak zirala, animau zan beragaz batera Eroica britainiar lasterketan parte hartzera. “Hemendik apur bat entrenatu eta listo!”. Probea Manchesterren izan zan eta parte-hartzaileek antxinako bizikletak erabili behar ebezan, pedal automatiko eta abiadura-kaxa moderno barik eta babes-txanoa. “Hiru ibilpide dagoz: 20koa, 45eko eta 80koa. Semeak 45ekoan emon eban izena, baina hara ailegau ginanean konturatu ginan ez zirala kilometroak, miliak baino: 72,42 kilometro hain zuzen be. Pentsau neban ez nintzala lasterketea amaitzeko gauza izango… Semeak bultzau behar izan ninduan azken kilometroetan eta holan lortu neban helmugara heltzea. Oso esperientzia polita izan zan, errepikatzeko modukoa, baina hurrengoan 20koa egingo dogu! (kar, kar)”.

Nasai bizi da Txomin, bere erretiroaz eta afizinoez gozatzen. Gainera, okintza eta gozogintzarako gaitasuna be badaukala deskubridu dau. “Lagunak, txirrindulari ospetsuak izan diranak, Anton Barrutia, Carlos Etxebarria, San Miguel…, batzuetan etortzen dira txokora bazkaltzera, eta nik ogia eta euskal pastela prestatzen dodaz laban. Arkumea erre… Zerbait egin behar da”. Amaitzeko, sondikoztarra asmatzailea be izan dala aitatu behar dogu. Izan be, txapelketetan, bedar-zamea altxatzeko tripodea berak asmatu eban. Gizon bitxia eta interesgarria da Olakoa, bai horixe!

 

 

Antxinako pasadizoa

Bere zaletasunaz eta kirol ibilpideaz mintzatzen garen bitartean, antxinako pasadizoagaz akordau da Txomin, eta hori idazteko esan deusku, ez dagoalako inon jasota. “1960 edo izango zan, eta Larrondon, Elotxelerriko eskoletan, bozketea antolatu zan: Franco sí ala Franco no. Ez dakit nik beste herri batean be holangoa egingo ebenik… Beno, gauzea da Erregimenaren aldeko bat aitari hurbildu jakola: “Aizu, Fermín! Botoa emongo dozu?”. “Bada, ez, ezin dot, behiakaz joan behar dot”. “Beno, bardin da; neuk emongo dot zure ordez botoa. Izan be, beste batzuen ordez be egin behar dot. Eta badakizu zertarako dan botazinoa?”. “Bada, ez, ez dakit”. “Franco sí o Franco no: Franco sí botetan badozu, Francok poterean jarraitzeko da. Eta Franco no botetan badozu, poteretik kendu ez dagien”. Uste dot bakarrik bi edo hiru falangista joan zirala botoa emotera”. Botazino horren emaitza zein izango zan, botoak zenbatu baino lehen zegoan argi, beraz.    

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).