“Akatsik ohikoena txakurrak humanizatzea da”

a: Maied Urrutia Parra 2018ko ira. 7a, 11:09

Jatsu Guaresti Landeta, txakurren hezitzailea

Altzora Sondikako euskara elkarteak antolatuta, txakurrak hezteko ikastaro bat eman du adituak eta erakustaldia ere eskaini zuen herriko jaietan. Txakurrak modu egokian hezteko jarraibideak partekatu ditu gurekin.

Beharrezkoa da edozein txakur heztea?

Badaude txakurrak pertsonekin bizi izateko jaio direla ematen dutenak, eta horiek ez dute inoiz arazorik emango. Baina badaude beste batzuk hasiera-hasieratik arreta, ardura… handiagoa eskatzen dutenak. Hala ere, txakur guztiak hezi beharko lirateke hasiera-hasieratik, pertsonei modu egokiagoan lotzen direlako, eta eskubideak eta mugak eduki behar dituztelako. Azken batean, txakurra heztea txakurra ezagutzea da, eta momentu guztietan eduki dezakeen jarrera aurreikustea, erabaki egokiak hartu ahal izateko. Txakur bat zer den jakin behar dugu, baita bere izaera nolakoa den ere.

Txakur helduak ere hezi daitezke?

Txakur helduek ere ikasten dute, baina hobe da gazteak direnean heztea. Izan ere, bi hilabetetik lau hilabetera bitarteko etapan txakurrak “esponja txikiak” dira eta beren bizitzan topatuko dituzten estimuluak kudeatzen ikasiko dituzte.

Eta gure txakurra txikitan hezi ez badugu, noiz jo behar dugu profesional batengana?

Ahalik eta lasterren. Jende askok arazoa handiegia bihurtu arte itxaroten du, eta arazo horrek benetako oztopoa ekartzen die beren egunerokotasunean.

Zeintzuk dira arazorik ohikoenak?

Beldurrak, agresibitatea… Arazoak sortzen dira pertsonen eta animalien arteko lotura txarto ezartzen delako, eta humanizazio bat dagoelako. Era berean, gerta daiteke beren izaeragatik edo tamaina handiegiagatik txakur batzuk ez direla egokiak pertsona batzuekin bizi izateko. Gurekin eta gure egunerokotasunarekin bateragarria den txakurra aukeratu beharko genuke, eta ez gahien gustatzen zaiguna. Jabeen ezagutzarik eza ere bada beste arazo-iturri bat.

Humanizazioa aipatu duzu.

Beren jarrera ulertzeko, txakurrei giza ezaugarriak emateko joera dugu. Guk bezala pentsatzen dutela uste dugu, eta ez da horrela. Txakurrak hierarkikoak dira, eta euren gunea babesten dute. Sozialak ere badira, baina askotan ez dagozkien giza ezaugarri horiek ematen dizkiegu.

Nolakoa da heziketa-saio bat?

Saioak helburuen araberakoak izaten dira. Txakurkumeak direnean aurre-heziketa bat egiten da eta saioak oso dibertigarriak eta positiboak izaten dira. Etorkizunean jarrera zehatz batzuk edukitzeko prestatzen ditugu, eta horretarako, jokoak, janaria… erabiltzen da. Hala ere, txakurrak bere jarrera aldatzea nahi badugu, txakurrarengana zein gizabanakoarengana egokitu beharko gara, eta momentu bakoitzean hobea den metodologia erabili. Ez ditugu berdin tratatuko txakur beldurti bat eta txakur oldarkor bat.

Gizabanakoengana egokitu?

Arreta txakurrarengan ipini behar dut, noski, baina askotan psikologoarena ere egiten dut. Biengana egokitu behar dugu.

Txakurrak modu positiboan hezi behar dira beti?

Modan ipini da metodologia positibo hori, eta lehengoak guztiz kontrakoak ziren. Nire ustez, muturrak ez dira onak. Bizitza ez da arrosa kolorekoa, ez guretzat, ez txakurrentzat, eta okerrak zuzendu behar dira. Baina jakin behar dugu zuzenketa hori modu proportzionalean egiten. Horrela, ez dugu zuzenketa bera erabiliko sentikorra den txakur batentzat eta gogorragoa den beste txakur batentzat. Metodologia positiboa erabiltzen duten batzuek antsiolitikoak eta guzti agintzen dituzte, txakurrei zigorrik ez emateko. Eta kasu larrietan, animalia hiltzeko aholkua ere eman dute. Nik uste dut inportanteena txakurraren bizitza salbatzea dela. Beraz, bere jarrera aldatzeko, zigorren bat erabili behar badut, ba, erabiltzen dut eta bere akatsa zuzentzen dut.

Zein da jabeen akatsik ohikoena?

Lehen aipatutakoa: animaliaren humanizazioa. Esate baterako, etxera ailegatu gara eta ikusi dugu zarama sukaldean sakabanatuta dagoela, txakurrak zarama-poltsa apurtu duelako. Errieta egiten diogu, pentsatzen dugulako txakurrak badakiela haserre gaudela zarama-poltsa apurtu duelako. Baina ez da horrela. Txakurrak, adibidez, orain dela bost ordu apurtu du poltsa eta, ondorioz, ulertzen duena hau da: nire jabea etxera itzultzen denean, haserretu egiten da lurrean zarama badago. Ez du haserrea poltsa apurtu izanarekin lotuko, eta hortaz, berriro egingo du.

Zer egin beharko genuke orduan?

Egoera birsortzea. Hiru segundo baino ez daude, txakurrak gauza bat egin eta bere ondorioz jabetu dadin. Bere jarrera beranduago zuzentzen badugu, alferrik da. Autoritatea eta diziplina erakutsiko dizkiogu eta, beharbada, begirune handiagoa edukiko digu, baina ez du ezer ikasiko. Eta gero arazoak etorriko dira.

Zein aholku emango zenieke txakurkumea hartu berri dutenei?

Txakurtxoak hilabete bi betetzen dituenean hezitzailearengana eraman dezatela, adin horretatik aurrera animalia sozializatzen hasi behar delako. Gauza asko ikasten dute eta gero, etorkizunean, itzel nabaritzen da aurre-heziketa jaso duten edo ez.

 

Hezitzailea

Jatsu orain dela zortzi urte hasi zen txakurrak hezten. “Etxean beti eduki ditugu txakurrak, eta beti entzun dut beharrezkoa dela horiek heztea, baina ordura arte ez nuen burutik pasatzen heziketa mundu hau. Ikastaro bat egin nuen, hezitzaile aritzeko asmo barik; hala ere, gauza bat dela, bestea dela, ba, hemen nago”. Bere esanetan, txakurren hezitzaileak neurriko pertsona izan behar du, eta aktore ona, eta indarrak biltzen jakin behar du. “Egun onak eta txarrak eduki ditzakegu, noski, baina txakurrak ez daki hori. Beraz, pertsona orekatuak izaten saiatu behar gara”. Esfortzu handiagoa edo txikiagoa erabilita, txakur bakoitzarengana egokitzen jakin izan du eta animaliak aurrera ateratzea lortu du. “Eta haiei esker pertsonak tratatzen ere ikasi dut”. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).