“Memoria historikoa ez da iraganaz mintzo, orainaldiaz baizik”

Aikor aldizkaria 2018ko urr. 26a, 10:37

Paco Etxeberria, auzitegi-medikua

“¡Nunca más! Imágenes de guerra (1936-1939)” erakusketaren haritik, forentsea eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea Sondikara hurbildu da hitzaldia ematera. Memoria historikoa eta bere lana eduki ditugu hizpide berarekin.   

Memoria historikoa lantzen den herria…

XXI. mendeko herria da, balio demokratikoak politika arloko beste gai batzuen gainetik ipintzen dituena.

Estatu espainiarraren kasua da?

Ez, diktadura frankistaren biktimen eskubideak betetzea saihesten dabiltzalako. Ereduzko trantsizio baten argudiopean, hil zituztenak ez ezik horien senideak eta beste errepresaliatu asko ere utzi dira areketan.

Gerran, guduetan, hil zirenetik aparte, uste da beste 100.000 lagun hil zirela.

Horietako asko gizateriaren aurkako delituak izan ziren, biktimak ez zituztelako inongo erregistro zibiletan erregistratu, eta modu klandestinoan lurperatu zituztelako. Memoria historikoari lotutako mugimendua haiengatik hasi zen, orain beste norabide batzuetara ere zabaldu den arren. Bestetik, Nazio Batuek oso ildo zehatzak ezarri ditu 36ko gerraren testuinguruan zein beste herri batzuetan izan diren hilketei buruz: beti ikertu behar dira, egia ezagutzeko eskubideak  ez duelako inoiz preskribatzen.

Estatu espainiarrean 2.300 hobi baino gehiago daude; horietatik 500 ireki dira eta 8.000 gorpu baino gehiago atera dira lurpetik. Zelan bizi dituzue momentu horiek?

Hurreratzea ikuspegi tekniko batetik egin behar da beti, eta jarrera objektibo eta inpartzial batetik. Gertatzen dena hau da: objektiboa eta inpartziala izan nahi duzun arren, ez duzula nahi neutrala izan; eta are gutxiago giza eskubideei buruz ari garenean. Gainera, biktimek eskubideak badituzte, horrek esan nahi du gizarteak eta agintariek betebeharrak dituztela, eta nik ezin dut dagokidan erantzukizuna baztertu. Baina gero, hobia irekitzen denean, senideak dira “hezurrari mamia” ipintzen diotenak, eta sentimendu asko azaltzen dira. Orduan ulertzen dugu egiten gabiltzan alderik garrantzitsuena irizpide humanitarioei dagoela lotuta, eta alde humano horrek garrantzi handiagoa hartzen du.

Irekitako 500 hobi horietatik bi alde frankistakoak izan dira. Momentua modu berdinean bizi da?

Bai. Alde batetik, metodologia berbera erabiltzen da; eta bestetik, familiako tragediara hurbiltzen zarenean, badaude gauza batzuk berdin-berdin funtzionatzen dutenak. Hala ere, egia da biktima batzuek erakundeen aitorpena dutela, diktadurak berak eman zielako, eta besteek ez dutela inoiz aitorpen hori eduki, nahiz eta orain sentsibilitate handiagoa duten agintari demokratikoak hasi diren biktima horiek aintzatesten.

Biktima guztiak dira berdinak?

Batzuek ulertzen ez badute ere, biktima guztiek eskubide berberak dituzte: egia ezagutu dadila, justizia egin dakizkiela eta kaltea ordaindu dakizkiela. Aintzat hartu ez diren eskubideei eman behar diegu erantzuna. Hori ulertzen dugunean, konturatzen gara memoria historikoa ez dela iraganaz mintzo, orainaldiaz baizik. Gu ez gabiltza itsututa iraganean gertatu zenaren zehaztasunarekin, historialariak daude horretarako; guk geure buruari galdetzen diogu erantzuna eman ez zaion eskubide horrek orainaldian zer adierazten duen.

Espainiako gobernuak Francoren gorpua Erorien Haranetik urtea amaitu baino lehen ateratzeko asmoa du. Zure jarrera askotan adierazi duzu: teknikoki erraza da, eta beharrezkoa ere bada.

Hiru argudio daude Franco handik ateratzeko. Lehena da mausoleo hori gerran hil zirenentzat eraiki zela, eta Franco ez zela gerran hil. Bigarrena da Zapateroren gobernuan osatutako adituen batzordeak adierazi zuela, lekua berriro definitu eta bere sinbologia frankista edo faxista aldatu nahi bazen, lehenengo eta behin Franco handik atera behar zela. Eta hirugarrena da iaz, Madrilen, Parlamentuak hala erabaki zuela. Gaur egun ez da ulertzen hain desgrazia handia eragin zuen pertsonaren gorpuzkiak eraikin publiko batean gordetzea. Familiari dagokio nora eramango duten erabakitzea, baina ezin da herritar guztiona den leku batean egon.

Lekua berriro definitzea aipatu duzu. Posible da hori?

Nik ez daukat horretarako prestakuntzarik, eta batzuetan pentsatzen dut oraindik ez dela jaio lekua erabat aldatzeko gai den aditurik. Izan ere, faxismoen monumentaltasuna du, Espainia artean hondamenditik atera ez zela altxatu zen, eta presoek eraiki zuten. Ezaugarri horiek guztiek zail egiten dute tokiaren sinbologia aldatzea. Baina, hala ere, azaldu beharra dago. Hau da, beste herri bateko bisitaria ezin da Erorien Haranetik irten hori zergatik eraiki zen jakin barik. Urteak pasatuko dira lekua berriro definitzeko gauza garen arte, baina zerbait egin behar da, ezin baita horrela betiko egon.

Erorien Haranera 30.000 lagun baino gehiagoren eskeletoak eraman ziren eta gaur egun 20 eskari inguru daude, senidea handik ateratzeko. Hau ere, zaila.

Ez da erraza, ez, baina zerbait egin ahalko da. Gainera, saiatze hutsa familiek eskertzen duten gauza da. Ezer ez egitea arazoa iraunaraztea delako. Beharbada, ez dugu arazoa konponduko, baina gutxienez esan ahalko dugu saiatu garela.

Besteak beste, Las Malvinas eta Saharan aritu zara, Victor Jararen, Lasa eta Zabalaren, Ruth eta Jose anaia-arreben hilketaren argitzean… Kasu batzuek beste batzuek baino eragin handiagoa izan dute zuregan?

Atzera begiratzen duzunean, bai. Hala ere, lanean zabiltzanean dena modu berdinean egiten duzu, inozentzia puntu batekin ere bai, eta kasuak eduki dezakeen oihartzuna kontuan hartu barik. Esate baterako, Salvador Allenderen heriotza dela-eta, mundu osoko kazetariak eduki genituen aurrean. Niregan eragin handiena eduki duen kasua Lasa eta Zabalarena izan da, ziur asko. Azken batean ikusten genuen oso gauza larriak gertatzen ari zirela: Estatuko agintariak eta indarrak, diru publikoa eta funtzionarioak erabilita, beste estatu subirano batera joan ziren, han bizi ziren pertsonak bahitu zituzten, hona ekarri zituzten, torturatu egin zituzten, hil egin zituzten eta desagerrarazi zituzten. Hori gertatu zen eta frogatu ahal izan genuen. Gero, beste kasu asko ere badaude, komunikabideetan atera ez direnak, baina zuregan eragin handia eduki dutenak, adibidez, txarto argitu dituzulako edo argitzeko gauza izan ez zarelako.

 

Ez ahaztea

Larrabetzu memoria historikoaz arduratuta dabilen herria da eta bertan, Etxeberriak esan duen moduan, badago jendea ez ahaztea erabaki duena. BHK Karraderan elkartea aspaldian dabil Burdinazko Hesiaren aztarnak ikertzen eta 2015ean hitzarmen bat sinatu zuten Udalarekin eta Aranzadi Zientzia Elkartearekin. Handik hona lau borrokalarien gorpuzkiak atera dira lurpetik eta kaskezur bat topatu da. “Tokiak, protagonistak… ezagutzen dituzten pertsonen laguntza barik guk ezin izango genituzke gauza asko egin. Abantaila handia da guretzat eta haien esfortzua eskertu eta aitortu behar da”.

Azaldu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoan memoria historikoari lotutako politika publiko bat egoteak, eta agintariek eta erakundeek hasieratik adierazitako jarrera onak asko errazten dute euren lana. Gogora institutua horren isla da. “Honek guztiak testigantzak jasotzea ahalbidetzen digu, artxibategietan arakatzea, gorpuak lurretik ateratzea… Beste leku batzuetan ez dago ezer, ez nora jo, ez nori galdetu…Nazio Batuen errelatoreak beti aurpegiratzen dio Espainiari gai honekiko duen gelditasuna; salbuespena, Euskal Autonomia Erkidegoa da”.

Sanchezen gobernuak Memoria Historikoko Zuzendaritza sortu du eta, Etxeberriaren ustez, oso pertsona egokia aukeratu dute zuzendari: Fernando Martinez Lopez, besteak beste, Historia Garaikideko katedraduna eta memoria historikoan aditua dena. “Oraindik ez dakigu zein erritmotan eta zein aurrekonturekin, baina ideia batzuk daude eta egin daitekeena pozgarria da, hala nola hobien mapa gaurkotzea, desagertuen errolda ofiziala egitea eta DNA bankua sortzea”.        

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).