"Zoriontsua naiz, nire lana izugarri gustatzen zaidalako"

Aikor aldizkaria 2019ko urt. 7a, 10:18

Leticia Hidalgo, barne-diseinatzailea

Leticia Hidalgo ekintzailea da oso. Sondikoztarrak 25 urte ditu, eta, duela hile batzuk, barne-diseinuko enpresa sortu zuen Bilbon. Gainera, Wolcirt arropa marka ere garatu zuen orain dela urte batzuk. "Anbizio handiko neska naiz", esan digu.

Sondikan jaio zinen, baina nolako harremana duzu herriarekin?

Sondikan hazi naiz. Gurasoak hemen bizi izan dira beti, eta gaur egun aitarekin bizi naiz bertan. Txikitan ludotekara-eta joaten nintzen, baina, egia esan, ez dut inoiz bizitza handirik egin herrian: Bilboko eskola batean ikasi nuen, eta lagunik onenak han ditut. 

Zergatik erabaki zenuen barne-diseinua ikastea?

Gaztetan arkitektoa izan nahi nuen, baina hori ikastea oso zaila zela ikusi nuenean, barne-diseinatzailea izatea erabaki nuen. Izan ere, Arkitekturan gehien gustatzen zitzaidan zatia barne-diseinua zen, egiturak kalkulatzea baino. Ez nintzen oso ikasle ona, eta horregatik aldatu nuen; bide erraza hartu nuen. Eta pozik nago hartu nuen erabakiarekin. Ikastea garrantzitsua da; baina lan egiteko gogoa eta jarrera, askoz garrantzitsuagoak. Horiek bereizten zaituzte. 

Zertan datza barne-diseinua?

Barne-diseinuak lan txikiekin dauka zerikusia, hau da, zure etxean egin ahal dituzun berrikuntzekin. Etxeko gelak apaintzen ditugu, altzairuak-eta non eta zelan kokatu… Lana oso anitza da, bezeroaren betebeharren eta jarreraren arabera. Bezero batzuek ardura osoa uzten dute nire esku: etxeko giltza eman eta handik aurrera nik egiten diet proiektua, langileak kontratatzen ditut eta altzariak aukeratzen ditut; beste batzuek, ordea, proiektua baino ez didate eskatzen eta eurek hartzen dute lanaren ardura. Bezeroak erabakitzen du, denboraren eta diruaren arabera. 

Nolako bezeroak dituzue? Dirudunak dira guztiak?

Ez, ez pentsa. Bezeroak du azken hitza, bere aurrekontuaren arabera. Batzuetan, gure arteko konfiantza dirua baino askoz garrantzitsuagoa da. Bezeroak nire lanean sinetsi behar du, bestela jai dugu… Bezeroak funtsezkoak dira, ogibide honetan ahoz ahokoa oso garrantzitsua delako. 

Zein izan da zure lan ibilbidea?

Denerik egin dut. Ikasketak bukatu nituenean, ez nuen lanik topatzen eta Londresera joatea erabaki nuen, ingelesa ikastera. Londresen, 21 urte nituela, zerbitzari ibili nintzen sei hilean. Nire ustez, ingelesa oso garrantzitsua da eta horri esker, hain zuzen ere, lan aukera batzuk sortu zaizkit: Italiako enpresa batek eskaini dit lana, yateak dekoratzeko. Eta azoketara joan behar naiz Estatu Batuetara edo Europara. Londresetik itzuli nintzen, lana Bilbon atera zitzaidalako. Urtebete eman nuen barne-diseinu enpresa batean, eta geroago, beste batean. 

Oso ekintzailea ematen duzu. 

Bai hainbat lan izan ditut, nire ikasketekin zerikusia ez dutenak: zerbitzaria, areto-laguntzailea, jostuna, banatzailea... Bizimodua atera behar da. Aitak horrela hezi nau. 

Zer eman dizute orain arte egindako lanek?

Batez ere, eskarmentua. Ia guztiek irakatsi didate zerbait. Candanchu herriko jatetxe batean, sukaldeko laguntzaile ibili nintzen eski denboraldian, esate baterako, eta sukaldaria gaixorik jarri zen. Ja­tetxea leporaino zegoen, noski; beraz, langile guztiok bete-betean ekin egin behar izan genion, sukaldariaren baja betetzeko. Jostuna izateak pazientzia irakatsi zidan; laguntzaile izateak, jendaurrean egoten… 

Zergatik ireki duzu zeure enpresa? 25 urte baino ez dituzu... 

Bizkaian eta Bilbon, barne-diseinuko enpresa txikiak eta ertainak daude. Eta horietan soldata ona izateko, 10 urte pasatu behar dira. Eta, gainera, enpresa behar bezala ibili behar da. Negozio honetan dirua irabazi daiteke, gauzak ondo eginez gero. Eta horregatik hartu nuen nire kabuz hasteko arriskua. Lana gogorra da, ordu askokoa, baina sakrifizioak merezi du, etekina norberarentzat bada. Dirua banuen, eta anbizio handiko neska naiz. Beraz, zergatik ez? Eta txarto ateratzen bazait, eskarmentu handiagoa izango dut. Beti dago denbora beste estudio batera lan eske joateko edo, bestela, beste lan batera, denda edo taberna batera. Orain gaztea naiz eta ez dut ez seme-alabarik, ez ezer. Momentu ona zen enpresa sortzeko.

Zelan dabil enpresa? Damutu zara? 

Ez, momentuz ez nago damututa. Bost hile daramatzat Uribarri auzoan, Bilbon. Higiezinen agentzia batean daukat bulegoa, kalearen parean. Bulegoa bertan izatea oso aukera ona da niretzat, haien bidez bezeroak lortzeko aukera dudalako. Pozik nago, lana dudalako. Eta lanik izango ez banu, ikasi egingo nuke, ogibide honetan etengabe ikasi behar duzulako: joera berriak, modak, azokak… Baina hori ni­retzat zoragarria da. Nire lana izugarri gus­tatzen zait, eta zoriontsua naiz horregatik. 

 

 

 

 

Leticiaren ametsa

Leticiak aspaldian sortu zuen arropa marka bat, Wolcirt, eta aurten bultzada bat eman nahi dio. "Wolcirt, a dream between clothes, oihalen arteko ametsa. Batez ere surf eta skate kirolei dago lotuta: motxilak, txanoak, kamisetak, kirol-jertseak… Datorren urtean, yoga egiteko arropa linea bat jarriko dugu martxan. Laguntzaileren bat beharko nuke, marka aurrera ateratzeko, ni barne-diseinuan murgilduta nagoelako. Niretzat Wolcirt ez da diru-iturri garrantzitsu bat izango, baina gustatzen zait, nire ametsa da eta".

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).