Desadostasuna Sondikan, Inauteriak ospatzeko lekuaren inguruan

Aikor aldizkaria 2019ko urt. 16a, 12:34

Martxoaren 8an eta 9an, Inauteriak egingo dira Sondikan, eta jai-gunea non kokatzeak arazoak sortu ditu antolatzaileen (herritarrek osatutako Sondikako Inauterien Elkartea) eta Udalaren artean (babesle nagusia). “Iaz, Udalarekin batera erabaki genuen karparen kokalekua aldatzea, batez ere segurtasun arloko arrazoiengatik. Orain arte, Inauteriak tren-geltokiaren ondoko aparkalekuan egin dira, baina hori leku itxia da, sarrera-irteera bakarra duena, eta zerbait gertatuko balitz, arriskutsua izango litzateke”, esan digu Jone Karkamo elkartearen kideak.

Azaldutakoaren arabera, azken urteotan gero eta jende gehiago hurbiltzen da Sondikako Inauterietara: 5.000 lagun baino gehiago. “Orain arte izan dugun karpan, aldiz, 2.000 lagunentzako lekua baino ez dago. Ez da segurua”. Jai-gunea herrigunetik gehiegi ez urruntzeko, antolatzaileek karpa bi jartzeko proposamena egin diote Udalari. “Bata, Iturrikosolo kalean; eta bestea, Lehendakari Agirre kalean, lehen azokan jartzen zen moduan. Lekua apur bat txikiagoa izango litzateke –lehen 875 m2 zeuden; eta orain, 700 m2– , baina aukerarik onena dela iruditzen zaigu: ez dago itxita eta karpatik kanpo egoteko aukera ere badago. Hala ere, Udalak ez du gure proposamena onartu, eta leku txikiago bat eskaini digu”.

Elkartekideak urrian batu ziren Udalarekin, horren inguruan hitz egiteko, eta Sondikako agintariek urtarrilaren 10ean jakinarazi diete behin betiko erabakia. “Inolako ikerketa teknikorik edo argudiorik aurkeztu barik, Inauterietarako hilabete bi falta direla, karpa bakarra jarriko dutela adierazi digute. Karpa Iturrikosolo kalean kokatzeko asmoa dute, eta askoz txikiagoa izango da: 601 m2-koa. Gure ustez, Udalaren inposizioa oso kaltegarria izango da guztion artean eraiki ditugun Inauterietarako”.

Elkarteak ohar bat zabaldu du gizarte sareetan, egoeraren berri emateko eta herriari babesa eskatzeko. “Sondikako Inauteriak herrikoiak dira, eta hainbat lagunek hartzen dute parte bai antolatze-lanetan, bai ekintzetan. Denboraren poderioz, gero eta arrakastatsuagoak dira, eta Udalak esaten duen moduan antolatzen baditugu, uste dugu ospe hori galdu ahal dela. Eta pena da, denbora asko inbertitu eta lan itzela egin dugulako. Inauteriak bai ala bai egingo dira, baina ez dugu amore emango eta jarraituko dugu ahalik eta Inauteririk onenak ospatzeko borrokatzen”. Gaur beste bilera bat egingo dute Udalarekin.

Bestetik, Aikor! aldizkaria Xabier Zubiaur Sondikako alkatearekin ipini da harremanetan, Udalaren iritzia ezagutzeko, baina momentuz ez dugu erantzunik jaso.