Olaia Aurrekoetxeak altu egiten du hegan

Aikor aldizkaria 2019ko mar. 15a, 10:12

Sondikoztarrak 22 urte ditu, eta uztailetik hona pilotu dabil Adria Airways Esloveniako hegazkin-konpainian. Aurrekoetxeak Europa osora egiten du hegan, baita Errusiara eta Balkanetara ere.

Gazteak bost urte zituela adierazi omen zien gurasoei hegazkinak pilotatu nahi zituela, baina aitortu digu ez duela gogoratzen. Berak gogoratzen duenetik, 15 urterekin hasi zen abiazio-munduan interesa izaten. “Familiako lagun bat ere pilotua da eta Londresera eraman ninduen, hegazkin-konpainien eta eskolen batzar batera. Lagunak hainbat aholku eman zizkidan, eta non ikasi gomendatu ere egin zidan. Poloniako eskola batean ikasi dut. Noiz konturatu nintzen benetan pilotua izan nahi nuela? Bada, eskola horretan bertan, hegazkin bat lehen aldiz pilotatu nuen egunean”.

Sondikoztarrak urte bi eman ditu Poloniako pilotuen eskolan ikasten. “Bost lizentzia atera behar dira, eta hori jarraian egin daiteke –unibertsitatean bezala, adibidea ipintzearren– edo lizentziak banan-banan atera daitezke, moduluetan eta bakoitzak bere erritmora”, azaldu digu. “Lehenengo eta behin, pilotu pribatuaren lizentzia atera behar da, eta gero, gaueko hegaldietakoa. Hirugarren lizentzia lortzeko, 14 azterketa gainditu behar dira eta gutxienez 100 orduko praktika egin behar da. Ondoren, pilotu komertzialaren lizentzia ateratzen da eta, azkenik, hegazkineko tresnen erabilerari dagokion lizentzia. Horrez gainera, simulagailuko proba gainditu behar da, hegazkin-konpainia batean lan egin ahal izateko. Oso saiatua izan behar da: ikasi ahala konturatzen zara denak logika duela”. Hegaldi-irakaslea lehenengo 10 orduetan baino ez dute ondoan; handik aurrera beraiek bakarrik gidatzen dituzte hegazkin txikiak. “Hamar ordu ez dira nahiko abioneta guztiz menderatzen ikasteko, eta errespetua ematen du, batez ere haizea dabilenean. Baina moldatzen zara: ni hara eta hona ibiltzen nintzen”.

Adria Airways hegazkin-konpainiakoak Poloniako pilotuen eskolaren bidez ipini ziren Aurrekoetxearekin harremanetan. Elkarrizketa hau egin orduko sondikoztarrak zeruan 300 ordu eginda zituen. “Pilotu juniorra naiz. Mila eta bostehun ordu egiten dituzunean, juniorra izateari uzten diozu eta alkandoran hirugarren marra ipintzen dizute –nik marra bi ditut orain–. Kapitainak lau marra daramatza alkandoran: konpainia bakoitzak erabakitzen du zenbat ordu behar diren kapitaina izateko”. Gazteak CRJ 700 eta CRJ 900 hegazkinak gidatzen ditu. “Berdin dio hegazkin txikiak edo handiak pilotatzea: sentsazio berbera da. Zaila da sentsazio hori zein den azaltzea; lurrean ez dago ezer modu horretan sentiarazten nauenik. Arreta hegan egitean ipintzen duzu eta beste guztia desagertu egiten da”. Hegazkinak gero eta automatikoagoak izateko joera dago; hala ere, gazteak gidatzen dituenek esku aginteak dituzte. “Nahiago dut, izan ere, ziurrenik ia bizitza osoa emango dut hegazkin automatikoak gidatzen, eta hobe da hasieran jakitea eskuz zelan egiten den”.

 

Bizitza “kaotikoa”

Pilotuek hegazkina aireratu baino bat lehenago egon behar dute aireportuan: meteorologia aztertu behar dute, irteerako eta helmugako aireportuetan egon daitezkeen gorabeherak, segurtasuna… “Pilotu bi gaude: bata pilotu monitorea da, eta bestea hegazkina gidatzen duena. Azken horrek hegazkinaren barruko guztia ondo dagoela ziurtatu behar du; eta pilotu monitoreak, kanpoaldeko guztia: hegoak, erregaia… Airean gaudela, pilotu monitoreak kontrol-dorrearekin egiten du berba, frekuentziak aztertzen ditu, nahikoa erregai dagoela egiaztatzen du… Eta gidariak hegaldia lasai egiteko ardura du. Joanaldian pilotu monitore ibili bagara, hegazkina gidatzen dugu itzuleran, denerik egin ahal izateko”. Pilotuek lasaitasunari eutsi behar diote. “Zerbait larria gertatzen bada, jakin behar dugu lasaitasunez jokatzen. Ni ez naiz inoiz horrelako egoera batean egon, baina nire ikaskide bat, bai: leihoko kristala zarata egiten hasi zen, apurtzekotan balego bezala. Kapitainak adierazi zion zer egin”.

Ordutegiak direla eta, pilotuek bizitza “apur bat kaotikoa” dute. Aurrekoetxeak bost egunean jarraian egiten du lan, eta hiru edo lau egun ditu libre neguan; egun bi edo hiru, udan. Urtean 30 eguneko oporraldia du, baina ezin ditu egun guztiak aldi berean hartu. “Egunean gutxienez hegaldi bi egiten ditugu, eta gehienez, lau. Batzuetan, bost hegaldi ere egin ditzakegu; hala ere, ez da ohikoa. Ez dugu ordutegi finkorik: izan daiteke egun batean goizeko 6etatik arratsaldeko 6etara lan egin behar izatea; eta hurrengoan, goizeko 11etatik gaueko 11etara. Horregatik ezin dugu planik egin. Lagunekin geratzea korapilatsua da benetan, baina, bueno, banekien non sartzen nintzen. Oporretan nagoenean, edo jarraian egun libre batzuk ditudanean, Sondikara etortzen naiz; osterantzean, ez du merezi: Esloveniatik ez dago zuzeneko hegaldirik eta 6-7 ordu behar ditut hona ailegatzeko”. Ordutegiak alde batera utzita, pozik dago hartutako erabakiarekin. “Munduko bazter guztietako lagunak ezagutzeko balio du, eta paisaia harrigarriak ikusten dira zerutik. Oso polita da”.

Pilotuek mundua goitik behera ezagutzen duten ustea dago; hau da, beren lanbideak turismoa egiteko aukera paregabea eskaintzen diela. Ez da sondikoztarraren kasua. “Hori hegazkin-konpainiaren arabera da. Nik aireportuak ezagutzeko denbora baino ez dut; egia da hegaldi luzeagoak egiten dituztenek, ordea, turismo apur bat egiteko aprobetxa dezaketela”.

 

Mikromatxismoak 

Kontatu digun moduan, oso emakumezko pilotu gutxi daude. “Nire hegazkin-konpainian, esate baterako, 300 pilotu gaude eta soilik bi gara emakumeak: kapitain bat eta biok. Horri lotuta, badago konpainia bat saiatzen dena bere pilotuen % 20 emakumezkoak izaten. Beti esan digute pilotuak gizonezkoak direla, eta hegazkineko laguntzaileak, emakumezkoak. Are gehiago, gogoratzen dut eskola garaian, ogibideei buruz hitz egitera etortzen zirenean, arlo batean gehienak gizonezkoak baziren, ikasgelan bakarrik gizonak azaltzen zirela. Beraz, emakumerik ikusten ez denez, batek ez du pentsatzen norbera ere arlo horretan saiatu daitekeela. Bestetik, honen moduko abentura batean hasten zarenean, ezinbestekoa da babesa izatea: nik gurasoen laguntza barik ezin izango nuen pilotu izatea lortu”.

Zeruan ere egin du matxismoarekin topo. “Mikromatxismoak dira, oso barneratuta dituztenak, eta askotan ez dira ezta konturatu ere egiten. Batzuetan, gogorarazi behar zaie norberak ere beraiek beste proba eta elkarrizketa egin behar izan dituela horrelako lekuan egoteko”. Etorkizunari begira, hegaldi luzeagoak egitea gustatuko litzaioke, eta, horrela, munduko hainbat herri ezagutu ahal izatea. “Hegazkin-irakaslea ere izan nahiko nuke”. Hegazkina hartzen dugun hurrengo aldian adi egongo gara, ea kabinatik agurtzen gaituena bera den.    

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).