Goian bego “fielatoa”

Aikor aldizkaria 2019ko uzt. 4a, 13:30

Atzo, 80 urte zituela, Koldo Agirre Athleticen futbolari ohia hil zen Bilbon. Sondikoztarra herriko taldean hasi zen futbolean jokatzen, baina, denboraren poderioz, talde zuri-gorriaren historiako futbolari handienetarikoa bihurtu zen. Erdilari fina izan zen, Guardiola edo Xaviren antzekoa, jokoa eraikitzen duen horietakoa, eta, horregatik, fielatoa” esaten zioten. Garai batean, “fielatoek” dena antolatzen zuten merkatuetan. Hileta bihar, uztailaren 5ean, Deustuko San Pedro elizan egingo da 18:00etan.

Agirrek utzi digun ondarea itzela da. Batetik, kalitate handiko jokalaria izan zelako; eta bestetik, klubean hainbat urte eman zituelako, jokalari ez ezik, entrenatzaile eta ordezkari ere. Guztira, 12 denboraldi eman zituen Athleticen futbolari, 1958tik 1969ra bitartean. Erdilariak 302 partida jokatu zituen, eta 63 gol sartu. Tarte horretan, kopa bi irabazi zituen, 1958an eta 1969an. Lehenengoa historikoa da, “11 aldeano”-ena, Athleticek Erreal Madrili non eta Madrilen bertan irabazi ziolako 0 eta 2. Garai hartako Madrilgo taldea handia zen, Ligako eta Europako txapelduna 1958an, eta bertan Di Stefanok jokatzen zuen. Era berean, 1969an, Athleticek 1 eta 0 hartu zuen mendean Elx taldea.   

Ostean, entrenatzaile aritu zen. Erandio, Villosa eta Alaves taldeak zuzendu eta gero, Bilbao Athleticen teknikaria izan zen, eta 1977tik 1979ra bitartean, Athleticena. Agirre lehenengo taldeko zuzendaria zela, klubak beste momentu gogoangarri batzuk bizi izan zituen. Esate baterako, 1977an, Athleticek final bi jokatu zituen, baina biak galdu zituen. UEFA Kopakoa, Juventus talde handiaren kontra; eta Kopakoa, Betisen kontra penaltietan. Final horretan, Rafael Iriondo zen Betisen entrenatzailea. Iriondo ere izan zen Athleticen jokalari handia, baita Koldoren lagun mina ere. “Porrot horiek biak dira Athleticen ditudan gogorapen txarrenak”, aitortu zuen 2006ko urrian, Aikor! aldizkariak egindako elkarrizketa batean. 

Azken aurreko zerbitzua

Agirrek 1979an utzi zuen Athletic, eta ondoren, Hercules, Logroñes, Mallorca, Lleida eta Valentzia taldeak entrenatu zituen. Valentzian egon zela, azken aurreko zerbitzua eskaini zion Athletici, Liga irabazten lagundu ziolako. Izan ere, 1983an, bere taldea 1 eta 0 nagusitu zen Erreal Madrilen kontra Ligako azken partidan. Bitartean, Athleticek 1 eta 5 irabazi zion Las Palmas taldeari, eta, ondorioz, Liga irabazi zuen. “Horri esker, Athleticek gabarran paseatzera gonbidapena egin beharko zidakeen”, esan zigun txantxetan.   

1992an Athleticera itzuli zen, beheko kategorietako entrenatzailea izatera. Eta zelaitik bulegora pasatu zen: teknikaria izatetik klubaren ordezkaria izatera. Athleticen webgunean duela hiru urte argitaratutako elkarrizketa batean, Agirrek hau esan zuen talde zuri-gorriari buruz: “Betiko jarraituko dugu horrela, desberdinak gara eta harro sentitzen naiz klub honen barruan hainbeste esparrutan parte hartzeagatik”. Koldo ere bazen desberdina eta bera ere izango da betiko. Goian bego! 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).