Margotzea adierazteko modua da Zubirirentzat. Izan ere, bere esanetan, koadroen bidez askoz hobeto adierazten du hizketan baino. “Ondo sentitzen naiz. Margotzen dudanean ez dago gehiagorik eta mundua da momentu horretan egiten nabilena. Mundu hori neurea da bakarrik, eta erakusketaren bidez partekatu egin dezaket”. Horrela, margolanetan oso ikuspegi berezia islatzen du naturari, teknologiari eta ametsei buruz. Batzuk kolore biziko lanak dira; beste batzuk kritika zorrotzez beterik daude; eta beste batzuk, egilearen barneko munduak kanporatzen dituen zuri-beltzeko surrealismoz.
Natura ezinbestekoa du sondikoztarrak, eta naturara jotzen duenean lasaitu egiten dela esan digu. “Bizirik sentitzen naiz eta indar hori koadroen bitartez adierazten saiatzen naiz, bai kolorea, bai mugimendua erabilita ”. Naturak mugimendua du eta uneoro aldatzen ari da; horregatik, bere ustez, paisaiak oparia dira. “Bidaia guztietan mugimenduari eta paisaiari begiratzen diet beti, eta bolumenak, formak… hartzen ditut. Koloreari ere erreparatzen diot. Udazkena asko gustatzen zait, baina udaberria zoragarria da: kolorez beterik dago”.
Bestalde, mundu digitalak gero eta indar handiagoa du gizartean, eta Zubirik uste du horrela jarraituz gero gizakiok sentimenduak azaltzeko gaitasuna galdu genezakeela. “Nik edonori bidal diezaioket mugikorretik musu bat; aitzitik, ezin diot edonori musu bat eman. Hortaz, musuaren benetako sakontasuna eta sentimendua galtzen ari dira”. Munstro itxurako pertsonak protagonista dira bere koadro batzuetan, zeren eta kezkatuta baitabil teknologiak gugan sortuko duenarekin. “Behin, gazte batek esan zidan berarentzat teknologia bizitzeko organoa zela; beste batzuentzat erlijioa da”.
Teknologia berriei esker dena eskura izatea ere ez da lagungarria, bere iritziz. “Informazioa arin eta bideoen bidez, esaterako, jasotzen dugu, eta bideo horietan irudia eginda dator; ez dugu geuk egiten. Ondorioz, askoz gutxiago pentsatzen dugu eta askoz gehiago manipulatzen gaituzte: nahiz eta helmugara lehenago ailegatzen garen, ez goaz geuk egindako bidetik. Horregatik pentsatzen dut irakurtzea ezinbestekoa dela irudimena lantzeko”. Teknologiak alde ona eta alde txarra ditu, eta margolanetan pertsonok gatibu bihurtzen gaituzten alderdiak kritikatzen ditu. “Mundu guztia ikusten duzu pantailari begira; ez dakit ez ote dugun pentsatzeko gaitasuna ere galduko”.
Margotzea oso zaletasun entretenigarritzat du, eta aitortu du pintatzen edo marrazten lasai asko zortzi ordu pasa ditzakeela. Ametsak irudikatzen dituzten lanak berez sortzen ditu, emaitza zein izango den jakin barik. “Margotzen hasten naiz eta, adibidez, musika etortzen zait burura. Orduan pentsatzen dut musikak nigan zer sortzen duen, nola sentitzen naizen… eta joaten naiz horretaz pintatzen. Koadro magikoak dira niretzat”. Natura ez ezik gure gogo-aldartea ere aldakorra da eta, logikoa denez, momentuko sentsazioek eragina dute Zubiriren lanean. “Koadro bati begiratzen diozunean barrutik mugitu behar zaitu, onerako zein txarrerako”.
“Kuadro bati begiratzen diozunean barrutik mugitu behar zaitu, onerako zein txarrerako”
Bihotzean
Kultur Birikara eramandako margolanak azken urte bi eta erdian pintatu ditu, hiru izan ezik. “Horiek lehenago margotu nituen, Miamin bizi nintzenean; hala ere, hobetuko nituelakoan, zenbait ukitu eman dizkiet”. Margolanak egiteko, olioak, errotuladore akrilikoak eta rotrinak erabiltzen ditu. “Gazte-gazterik hasi nintzen margotzen eta gero diseinu grafikoa ikasi nuen. Margolaritza eskola jaso dut txikitan zein gaztetan, eta nire kabuz ere ikasi dut; gaur egun edozer gauza ikas dezakezu zure kabuz”. Pintore kutun asko ditu eta batzuk aukeratzea zaila den arren, hiru aipatu dizkigu: Escher, Kandinsky eta Munch.
Zubirik sustrai euskaldunak ditu eta euskalduna sentitzen da, baina bihotzean beste herrialde batzuk ere baditu: Venezuela eta Argentina kasu. “Leku askoan bizi izan naiz eta azkenean toki bakoitzetik hartzen duzu zerbait. Argentinara itzultzeko gogoa dut, oso aberatsa da kultura arloan; orokorrean, eta salbuespenak salbu, Hego Amerika osoak du oso kultura bizitza aberatsa”. Margolanak batez ere Venezuelan ipini ditu ikusgai, eta Deriokoa Euskal Herrian egin duen bigarren erakusketa izan da. “Kultur Birika oso aproposa da erakusketarako: areto zabala eta argitasun handia ditu. Ikuspegiak ere oso politak dira”. Datozen hileotan Basaurira eta Barakaldora eramango ditu koadroak eta haiekin batera naturari, teknologiari eta ametsei begiratzeko bere modu berezia.