galder Perez, antzerkigilea eta kazetaria

"Irratiak eta antzerkiak zerikusi handia dute"

a: EiTB 2020ko urt. 8a, 11:55

Abenduan, Glu-glu konpainiak Mari Errauskin ipuin klasikoaren moldaketa aurkeztu zuen Sondikan. Galder Perez da bere egilea eta bera ezagutzeko aukera aprobetxatu dugu. Galder ezaguna da irratian urte asko eman duelako lanean, baina antzerkian ere badauka esperientzia.

Mari Errauskin antzeztu da Sondikan. Zer nahiago duzu: ipuin jakin bat moldatzea ala zerbait berria sortzea?

Norberak egitea beti da hobea. Hala ere, moldaketa bat egiteak ere aukera hori ematen dizu. Testu jakin baten moldaketa egiten duzunean, zeurea egitea da kontua. Mari Errauskin antzezlan honetan ipuin klasikoa hartu dugu, eta gaur egunera ekarri. Gainera, gai batzuk jorratu ditugu:  bullyinga, maitatzeko aniztasuna...    

Eta umeentzat idaztea? Publiko erraza da?

Ez dago publiko errazik, denak zorrotzak baitira. Umeentzako zein helduentzako idaztea antzekoa da. Tira, hizkuntza ezberdina da, baina, azken batean, gauza bera da. Gizarteak, ordea, biak bereizten ditu, eta normalean garrantzi gutxiago ematen dio umeentzako sorkuntzari. Baita komediari ere. Eta horiek biak lantzen ditut nik normalean (kar, kar).

 

"Normalean gizarteak garrantzi gutxiago ematen dio umeentzako sorkuntzari"

 

Ez da Glu-glu konpainiarako egin duzun antzezlan bakarra izan. Nolako harreman duzu haiekin?

Elkarlanean gabiltza aspalditik. Batzuetan haiek proposatzen didate ideiaren bat; eta beste batzuetan, nik haiei. Elkarrekin hartzen ditugu erabakiak: bilera, afari eta brainstorming asko daude tartean (kar, kar).

Horretaz aparte, zeure konpainia duzu, Gilkitxaro.

Bai, nerabeak ginela, lagun batzuk Gilkitxaro taldea sortu genuen ikastolan. Anjel Zelaieta idazlea eta gure irakaslea zenak animatu gintuen Arestiren testu batzuk taularatzera eta horrela sortu genuen taldea. Geroago, Deustuko gaztetxean batzen ginen eta jarraipena eman genion proiektuari. Hasierako taldekide gehienek alde egin dute, baina Ane Zabalak eta biok jarraitzen dugu eta bikote artistikoa osatu dugu azken 10 urteotan. Oso gustura gabiltza.    

Zelan dabil taldea gaur egun?

Zoragarri, inoiz baino hobeto. Durangoko Azokan antzezlan berri bat estreinatu dugu, ETAren agiri bulegoa. Gainera, udaberrian, beste bat taularatuko dugu: Identitarteak, Lutxo Egiaren testua, hain zuzen ere.

Antzerkian aktore, zuzendari eta gidoilari ibili zara. Dena kontrolatzeko grina ala baliabide gutxi? Zer nahiago duzu?

Antzerkia Euskal Herrian oso txikia da, eta, horregatik, egoerak behartuta gauza gehiegi kontrolatu behar dituzu. Baina pozik nago, garai batean antzerkitik bizi izan nintzen eta oso zoriontsua izan nintzen. Baina gauza asko egin behar genituen bizirauteko eta denetik ikasten duzu.

Hainbeste gauza egin eta gero, zer ogibide jasotzen du zure nortasun agiriak: aktorea, zuzendaria…?

(Kar, kar) Gaur egun, antzerkigilea eta kazetaria. Teatrero hitza politagoa da eta agian euskaraz "antzerkilari" hitzaren antzekoa da.

 

"Sariak politak dira, horien bidez zure lanak ikusgarritasuna lortzen duelako”

 

Sari batzuk jaso dituzu. Zelan hartzen dituzu sariak?

Politak dira, zure lana ontzat hartzen dutelako, zelan ez. Horiei esker ate batzuk zabaltzen zaizkizu eta, garrantzitsuena, zure lanak ikusgarritasuna lortzen du.

Irratia ere aipatu behar dugu. Antzerkiarekin badauka zerikusirik?

Bai, irratiak eta antzerkiak zerikusi handia dute: mikrofonoaren aurrean zein taulen gainean egotea antzekoa da. Agian salbuespena albiste-saioak dira. Irratiko lankideak ez dira jakitun egongo, beharbada, baina denok mikrofonoaren aurrean jartzen garenean, jarrera zehatz bat dugu, hau da, pertsonaia bat aukeratzen dugu. Era berean, irratian sormena oso garrantzitsua da. Eta noski, antzerkia eta irratia komunikazioa dira. Antzerkian ikasi ditudan hainbat gauza oso baliagarriak izan dira irratian. Batak bestea elikatzen duela esango nuke. Biak izan dira afizioa eta ofizioa.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).