Ion Batis Irusta, waterpoloko jokalaria

“Asteburua noiz etorriko zain izaten naiz, uretan nire onena emateko”

Aikor aldizkaria 2020ko ots. 25a, 11:43

Hogeita bat urteko sondikoztarrak 11 urte daramatza waterpoloan jokatzen, Claret Askartza klubean. Igeriketa egiten zuen bertan, eta behin, jakin-minez irrikan zegoela, aitarekin joan zen kirol honetako entrenamendu bat ikustera. “Hasiera-hasieratik harrapatu ninduen; izan ere, igeri egiteaz gainera, baloia zegoen eta hura jaurti behar zen; txunditu ninduen jokalariek zelan jokatzen zuten, zelan mugitzen ziren…”.

Kanpotik ikusita, oso kirol gogorra ematen du.

Bai. Lagunek askotan galdetzen didate nola aguanta dezakedan partida oso bat uretan. Baina urte asko dira waterpoloan jokatzen eta azkenean ohitura hartzen duzu. Gaur egun atezain nabilen arren, ez naiz beti atean egon: behin, Getxoko taldearen aurkako partida batean, atezain barik gelditu ginen eta azkeneko zatian atean ipini nintzen; ondo egin nuen eta B taldeko atezaina naiz orain. Egia esan, atezainon entrenamenduetara ohitzea gogorra izan zen, batez ere hankak landu behar baitira. Oso gihar-min handiak izan ohi nituen!

Gustatzen zaizu atezaina izatea?

Bai, jakina. Behin esan zidatenez, atezaina taldearen % 60-80 da. Partida batean taldea ondo ez badabil, atezainak fin ibili behar du eta bere onena eman. Gainerako jokalariak motibatzeko modua ere bada, gainera.

Atezain fina zara?

Bueno, egunero hobetzen saiatzen naiz. Atezain arrunta naizela esango nuke.

Nolakoak dira atezainen entrenamenduak?

Astean lau egunetan entrenatzen dugu eta ordu bi eta erdiko saioak izan ohi dira. Lehenengo eta behin, igeri egiten dugu berotzeko, eta horren ostean gure zatiari ekiten diogu: pisuak erabilita hankak indartzeko ariketak, uretan modu egokian mugitzeko ariketak… Gorputzaren goiko aldea lantzeko ariketak ere egiten ditugu, baina horiek lehorrean dira. Bestalde, udaletako eta ikastetxeetako igerilekuetan entrenatzen dugunez, waterpoloko jokalarion entrenamenduak nahiko berandu hasten dira, 20:30ak inguruan. Partidak asteburuetan izaten ditugu eta batzuetan gerta daiteke 22:30ean-edo hastea. Ikastaroak-eta amaitu arte itxaron behar dugu.

Elikadura bereziki zaindu behar duzue?

Ez gaude behartuta: fisikoki oso kirol gogorra denez, denetarik jan dezakegu. Dena dela, nik elikadura zaintzen dut, nahi dudalako. Orain lau urte aldakako ebakuntza egin zidaten eta konturatu nintzen elikadura zaintzea lagungarria zela. Goizean fruta hartzen dut eta saiatzen naiz hidrato askorik ez jaten. Nolanahi ere, entrenamendutik etxera ailegatzen naizenean, afaltzeko nahiago dut zerbait beroa eta arina hartu, adibidez, purea edo zopa.

Hain kirol gogorra izanik, inoiz pentsatu duzu waterpoloa uztea?

Nekeagatik edo gogortasunagatik, ez; inoiz ez. Waterpoloa egin barik gehienez urtebete eman dut, baina lehen aipatutako ebakuntzagatik izan zen. Betidanik gustatu izan zait uretan egotea eta igeri egitea… Hala ere, badakit lana edo beste kontu bat dela-eta gerta litekeela utzi behar izatea, baina niri waterpoloan jokatzen ahalik eta urte gehien ematea gustatuko litzaidake.

Zer da kirol honetatik gehien erakartzen zaituena?

Txikitatik ezagutzen dugu elkar eta oso lagunak gara; familia, azken batean. Bestalde, Espainiako txapelketetan ere izan naiz eta jende asko ezagutzen duzu; lagunak betiko egiten dituzu.

Askartzako B taldean zaude.

B taldea filiala da, eta Euskal Herriko ligan jokatzen dugu. A taldeak lehenengo nazionalean jokatzen du; futbolarekin alderatuta, bigarren mailan. Partida batzuk jokatu ditut lehen taldearekin eta oso esperientzia ona izan da. Bestetik, kirol honetan oso zaila da dirua lortzea. Askartzaren babesle nagusia Bizkaialde Fundazioa da eta diru guztia A taldera zuzentzen da. B taldekoek bidaiak ordaindu behar ditugu, arropa, urteko kuota…

Nolako denboraldia egiten zabiltzate?

Bada, nahiko txarto hasi dugu. Nik senior kategorian jokatzen dut eta denboraldi honetan gazte asko igo dira gure mailara; beraz, dinamika hartu behar dute. Horri lotuta, Askartzaren helburua da umeak klubean txikitatik hasi eta filialetik lehen taldera pasatzea, fitxaketak egiteko dirurik ez baitago. Hala eta guztiz ere, fitxaketa bakan batzuk egiten dira; esaterako, estatubatuarren bat egon da lehen taldean eta talde horretako gaur egungo atezaina portugaldarra da.

Zein helburu duzue denboraldiaren amaierara begira?

Pixkanaka-pixkanaka aurrera egitea eta denboraldia ondo amaitzea. Gure izena entzun dadila eta aurkariak gure beldur izatea, apur bat behintzat (kar-kar).

Urte hauetan izandako lorpen aipagarririk?

Bai. Behin Espainiako bosgarrenak gelditu ginen Terrassan, eta bestetik, oso talde gaztea ginela lortu genuen bigarren nazionalera igotzea: batez besteko adina 16,4 urtekoa zen. Edonola ere, Askartzak oso izen ona du waterpoloan.

Zein egoeratan dago waterpoloa?

Taldeak daude Euskal Herrian: Getxo, Portu, Eibar, Sestao… Nire ustez, kirol hau pixkanaka-pixkanaka doa aurrera eta gero eta entzunagoa da. Partida batzuk telebistan ematen hasi dira eta horrek jendearen kuriositatea piztu du. Partidetan nabaritzen da.

Kataluniakoak onenak omen dira.

Egia da lehenengo mailako ekipo gehienak katalanak direla. Ez dakit besteon aldean baliabide gehiagorik izango duten, baina ikusi dudanez, % 100 ematen dute entrenamenduetan; egunero entrenatzen dute eta oso jokalari onak ateratzen dituzte.

Zeintzuk dira zure asmoak kirolean?

Lana topatu arren, waterpoloan jokatzen jarraitu nahiko nuke, kirolaz asko gozatzen dudalako. Gehienetan asteburua noiz etorriko zain izaten naiz, jokatzeko eta igerilekuan nire onena emateko.

 

 

Soroslea, Bakion

Sondikoztarrak laster bukatuko ditu elektronika eta elektrizitate ikasketak eta praktikak hasiko ditu. Abenturazko liburuak gustatzen zaizkio, eta, beldurrezkoak izan ezik, edozein generotako pelikulak. “Batez ere Star Wars sagako filmak ditut gustuko: osaba zale handia da eta nik uste dut bere eraginagatik dela”. Lagunekin egoteko tartea beti ateratzen du, eta urte bitik ona sorosle egiten du lan Bakioko hondartzan. “Egunero uretan egonda, aitak animatu ninduen sorosle-titulua ateratzera. Kasu egin nion eta han eman ditut azken uda biak”.    

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).