Koronabirusa

Sondikako joskintza udal-ikastaroko lagunak maskarak egiten dabiltza

Aikor aldizkaria 2020ko mar. 24a, 13:49

Marisa Sanchez irakasleak azaldu duen moduan, 260 maskara inguru egingo dituzte eta udalari emango dizkiote, behar dituzten lagun-taldeen artean banatu ditzan. Sanchez koordinazio-lanetan dabil, eta bereziki ikastaroko partaideen meritua azpimarratu du.

Maskarak egiteko, lagun batek mutilentzako bainujantziak egiteko zuen oihal-soberakina erabiltzen dabiltza, eta Sanchezek zuen materiala, esate baterako, goma eta alanbrea. “Beharbada, ez dira maskararik eraginkorrenak izango, baina oso oihal trinkoa da, eta ezer ez ipintzea baino hobea izango delakoan gaude”.

Orotara 35 lagun daude joskintza ikastaroan eta bakoitza ahal duen neurrian eta erritmoan laguntzen dabil. Sanchezek bideo tutorial bat grabatu du, ikasleek maskarak egiteko pausoei jarraitzeko, eta argazkiak ere egin ditu. Aurreikuspenaren arabera, 260 maskara inguru egingo dituzte. “Udalari emango dizkiogu, haien ustez, behar dituzten lagunen artean banatu ditzaten, adibidez, zaharren egoitzan edo boluntarioen artean, batzuk aipatzearren. Haiek ikusiko dute nori eman”.

Sanchezek espero du maskaren lehen sorta aste honetan bertan ematea. Esan digunez, maskara bakoitza esterilizatuta eta setazko paperean bilduta jasoko da. “Maskara egin ostean, xaboi neutroa erabilita garbitzen da, uretan eragiten da eta, gero, hiru minutuan izan behar da ur irakinetan, goma kanpoan uzten dugula; bestela, gomak eman egingo luke. Maskara sikatu, eta setazko paperaz biltzen da. Bestalde, maskarak garbitu daitezke”. Sanchezek ikasleei irakatsi die nola egin prozesua, eta zeintzuk diren hartu beharreko higiene-neurriak. Irakasleak “bere nesken” meritua azpimarratu du, eta adierazi du ahal izanez gero gustatuko litzaiokeela beste bideo tutorial bat egitea jendeari etxean maskarak egiten irakasteko.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).