Leire Barcia I atleta

“Kirol-azpiegitura gehiago behar dira, gazteok berton entrenatu eta lehiatu gaitezen”

a: Aitor Sanchoyerto 2020ko api. 22a, 19:18

Leire Barcia Díaz (Sondika, 2003) bederatzi urterekin hasi zen atletismoa egiten. Zazpi denboralditan hainbat distantziatan ibili da eta hainbat entrenatzaile izan ditu; orain bere lekua topatu du Loiuko Beste Bira kirol-klubean eta 400 metroko distantzian, entrenatzaile Enrique Castelo duela. Atletak kirol hau gozatzen du eta berari esker hazi da atleta moduan eta jendea ezagutu du, nahiz eta entrenamenduak Faduran egin behar dituen, Sondikan ez baitago atletismo-pista egokirik. Neguko denboraldia amaituta, kirol honi buruz duen iritzia helarazi digu.

Zergatik hasi zinen atletismoan?

Inguruko jende guztiak egiten zuelako. Hala ere, apur bat burugogorra naizenez, hasieran ezetz esan nuen eta beste kirol batzuetan saiatu nintzen, harik eta lagun batek atletismoan izena eman zuen arte: berarekin hasi nintzen.

Zein kiroletan saiatu zinen atletismoan baino lehen?

Apur bat denerik egin nuen: igeriketa, futbola, igeriketa sinkronizatua, baita balleta ere. Egia esan, kirol batean eta bestean ibili nintzen, ez nuelako topatzen gustukoena.

Atletismoan hasi zinen eta erabat erakarri zintuen. Exijentzia handiko kirola da?

Bai, atletismoa gehien gustatzen zaidan kirola da, erabat erakartzen nau eta ez dut inoiz pentsatu hori egiteari uztea. Eta bai, exijentzia handiko kirola da: ia egunero entrenatu behar naiz, eta kostatu egiten da. Hala ere, oso ondo daramat.

 

“Exijentzia handiko kirola da: ia egunero entrenatu behar naiz, eta kostatu egiten da. Hala ere, oso ondo daramat”

 

Zer da gehien gustatzen zaizuna?

Korrika egiteaz gainera, beste proba batzuk egiteko aukera dagoela. Nik 400 metroko distantzia egiten dut orain, hura da nire espezialitatea, baina 60 metroko eta 200 metroko distantzietan ere banabil abiadura lantzeko.

Herri txikia izan arren, Loiuk atletismoaren aldeko apustua egin du. Beharrezkoak dira Beste Bira bezalako proiektuak, gazteek kirola eta hainbat espezialitate egin ahal izateko?

Loiuk atletismo klubaren aldeko apustua egin izanak asko pozten nau. Nahiz eta atletismoa egiten zuen jendea egon, ez zegoen klub bat guztiok batera egin ahal izateko eta, futbola eta saskibaloia barik, gazteok beste kirol batean ibili ahal izateko.

Ume-kopuru handia dago klubean. Atletismoa egitera animatzen dituzu?

Bai, jendea atletismoan saiatzera animatuko nuke, niri gertatutakoa beraiei ere gerta dakieke eta: egun batean saiatzen zara, gustatzen zaizu eta azkenean atletismoa egiten duzu. Saiatu daitezela.

Eredua izan zaitezke korrika egiten hasten diren umeentzat?

Ez dut neure burua eredutzat hartzen, baina uste dut nire eredua lagungarria izan daitekeela atletismoan hasi daitezen.

 

“Nire eredua lagungarria izan daiteke umeak atletismoan hasi daitezen”

 

Ikasketak eta kirola uztartu daitezke?

Bai. Kirolak denbora kentzen duela egia bada ere, ondo antolatu behar dugu, eta denerako denbora atera: egin daiteke.

Beti egin duzu kirola Txorierrin?

Ez. Sondikako eskolan futbola egin nuen, baina gainerakoan beti ibili naiz Txorierritik kanpo. Nire ustez, kirol-azpiegitura eta proiektu gehiago behar dira eskualdean, gazteok berton entrenatu eta lehiatu gaitezen eta Bilbora edo Fadurara joan behar ez izateko. 

Izan ere, haranean abiadura behar moduan lantzeko lekurik ez dagoenez, Faduran entrenatzen zara, ezta?

Bai, horrela da; Faduraraino joan behar dut, hurbilen dagoen pista delako eta, gainera, orain entrenatzailea, Enrique, han dudalako. Ez da arazoa niretzat, baina egia da Txorierrin atletismoa egiteko azpiegitura egokiak behar direla, ez baitago. Klubeko txikiak Larrondoko eta Derioko frontoietan entrenatu daitezke neguan, udalak konprometitu direlako; hala ere, horietatik aparte ez dago ezer.

Zamudion entrenatu zara inoiz. Pena ematen du hain txarto dagoen 400 metroko pista bat izateak?

Entrenamenduak egin ahal izateko, niri eta taldekide askori primeran etorriko litzaiguke behar den moduko pista bat izatea; eta ziur nago jende gehiago animatuko litzatekeela atletismoa egitera.

Emakumea zaren heinean, zer esango zenieke zure adineko neskei?

Animatu daitezela, atletismoan emakume gehiago behar ditugu eta.

Zer eman dizu atletismoak orain ar­te?

Dibertsioa eta jendea ezagutzea. Irabazten zein galtzen ikasi dut, eta ahaleginak egiten, hau banakako kirola delako. Gauza bat lortzeko entrenatzen bazara, egin dezakezu.

Erreferenterik baduzu?

Trihas Gebre gustatzen zait: krosean Espainiako txapelduna izan da zenbait aldiz. Txikia nintzenetik ezagutzen dut eta lagunak gara. Bere etxean izan naiz eta senideak izango bagina bezala tratatzen nau.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).