Laguntzak arau-eremu bitan bereizten dira: dirulaguntzen eta zuzeneko sustapenaren bidezko laguntzak eta udal-zergen bidezko laguntzak. Lehenengoei dagokienez, udalak 40.000 euro bideratuko ditu familiei laguntzeko. Diru horretatik, 11.000 euro tupper solidarioetara zuzenduko dira; eta 30.000 euro, Gizarte Larrialdietarako Laguntzen aurrekontua osatzera (orotara 101. 000 euro). Beharrezkoa izanez gero, urte amaierara arte, Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara diru gehiago bideratzeko konpromisoa hartu du udalak. Bestalde, 105.000 euro erabiliko dituzte ekonomia berpizteko: 75.000 euro autonomoei, dendariei, ostalariei eta zerbitzuei zuzenean laguntzera bideratuko dira (eskatzaile bakoitzeko 950 euro); eta 30.000 euro, uda ostean, herrian kontsumitzeko bonu-kanpaina bat sustatzera.
Zergei dagokienez, neurri hauek hartu dira: trakzio mekanikoko ibilgailuen zergak ekainetik aurrera ordaintzea; ostalaritzako terrazak handitzea aztertzea; alarma-egoeraren eraginez etxebizitzetan eta auzo-erkidegoetan gelditutako obren lizentzia kostu gehigarririk gabe zabaltzea; egin gabeko ikastaroen eta kiroldegiaren kuoten zati proportzionala itzultzea; eta zaborrari eta estolderiari lotutako zerga ekainaren 1etik aurrera ordaintzea. Gainera, zerbitzu profesionalek jarduerarik gabeko lokalak balira bezala ordainduko dute zerga hori.
Sondikako Udalak herrian kontsumitzeari lehentasuna emateko deia egin die herritarrei. “Merkataritza eta ostalaritza ezinbestekoak dira gure herrian. Sondikoztarrei kalitatea eskaintzeaz gainera, bizia ematen diete kaleei. Sektoreak inoiz baino gehiago behar du gure laguntza, erosteko orduan gure lehen aukera izateko. Funtsezkoa da herritarrek hori barneratzea”, adierazi du Xabier Zubiaur alkateak.
Koronabirusaren azken datuak Txorierrin hemen