Andoni Fernandez "Oli", futbolaria

"Lehenengo Mailan jokatzeko ametsari eusten diot"

Aikor aldizkaria 2020ko urr. 6a, 11:04

Andoni Fernandezek (Sondika, 1996) bizitza osoa eman zuen Athletic Cluben, baina duela urte bi talde zuri-gorritik atera behar izan zuen. Lehenengo geldialdia Bigarren B mailako Amorebieta taldean egin zuen eta, hurrengo urtean, Hirugarren mailako Barco taldean, Galizian. Gustura ibili da bertan, baina aurten Bigarren B mailara itzuli nahi du eta talde bila dabil.   

Andoni ala Oli esango dizut? Nondik datorkizu Oli ezizena?

Berdin dio: bata zein bestea erabil de­zakezu. Oli ezizena Danok Bat taldeko entrenatzaile batek jarri zidan, gol asko sartzen nituelako. Garai hartan, Oliver eta Benji marrazki bizidun japoniarrak oso famatuak ziren eta protagonista, Oliver, goleatzaile fina zen. Hortik dator.

Zelan hasi zinen futbolean jokatzen?

Kalean, Sondikan, lagunekin. Lehenengo taldea Gorondagane eskolakoa izan zen eta handik, Danok Bat taldera, Bilbora joan nintzen.

Eta gero, Athleticera. Goiz-goiz sartu zinen taldean, ezta?

Bai, bederatzi urte nituela sartu nintzen Athleticen. Ia ibilbide osoa egin nuen bertan, kimu mailatik, Bilbao Athleticera, Bigarren B mailara. Txikitan hainbat txapelketa jokatzen genituen Euskal Herrian zehar eta proba batzuk gainditu behar izan nituen Athleticen sartzeko. Nirekin batera, Danok Bat taldeko beste zazpi mutil fitxatu zituen Athleticek urte hartan.

Zelan esperientzia? Athleticek zu fitxatu izana berezia izango zen...

Oso polita da Athleticen jokatzea, noski, desberdina da. Nire bigarren etxetzat jotzen dut. Izan ere, txikitan, arratsaldero 19:00etatik 22:00etara bitartean Lezaman egoten nintzen. Gogoratzen dut Erandiogoikoko Markel Etxebarriarekin joaten nintzela autobusez.

Polita dela diozu, baina baita gogorra ere, ezta?

Bai, oso gogorra. Oso nekatuta heltzen nintzen etxera eta umea baino ez nintzen, beste gauza batzuk ere egin nahi nituen. Baina, oro har, esango nuke merezi izan zuela. Futbolari hobea izaten ez ezik, pertsona hobea izaten ere laguntzen dizute Athleticen, balioak irakasten dizkizutelako: errespetua, esfortzua, lana...

 

"Athleticen jokatzea polita zein gogorra da, baina merezi du, bertan balioak irakasten dizkizutelako" 

 

Ia azken urratsera heldu zinen. Zer gertatu zen, azkenera, lehenengo taldera, ez iristeko?

Lagunarteko partida batean jokatu nuen lehendabiziko aldiz lehenengo taldean eta askotan haiekin entrenatzen nuen. Zer gertatu zen? Ez dakit, entrenatzaileek beste jokalari batzuk aukeratu zituztela. Dena dela, Lehenengo Mailan jokatzeko ametsari eusten diot.

Athleticetik alde egin zenuenean, bertan jokatzeko aukerarik eman ez izana leporatu zenion klubari.   

Bai, oharra argitaratu nuen horren berri emateko. Ez zitzaidan gustatu Athleticetik atera behar izatea, taldea nire etxea zelako. Klubeko langileek primeran tratatu ninduten, baina azken urteotan ez nuen gehiegi jokatu eta ez zidaten beste talde batean utzita jokatzeko aukerarik ere eman. Horregatik kexatu nintzen. Gaur egun uste dut horrek ikasten eta azken batean hazten lagundu zidala.

Athleticekin hainbat jokalari eta entrenatzaile ezagutu zenituen eta gaur egun horietako batzuk lehenengo taldean aritzen dira: Cordoba, Nuñez, Iñigo Vicente, Gaizka Garitano...

Guruzeta eta Villalibrerekin ere jokatu dut. Bai, Gaizka oso entrenatzaile hurbila izan zen, nirekin asko hitz egiten zuen. Berari esker izugarri ikasi nuen, gehiegi jokatzen ez nuen arren. Eta besteak oso onak ziren, noski: Nuñez oso indartsua zen eta argi zegoen lehenengo taldera iritsiko zela. Era berean, Iñigo Vicente jokalari ezberdina da. Besteek ikusten ez dutena Iñigok ikusten du. Ea bere maila erakusteko aukera ematen dioten!

 

"Garitano oso hurbila izan zen nirekin. Berari esker izugarri ikasi nuen, gehiegi jokatzen ez nuen arren"

 

Duela urte bi, Athletic utzi zenuen eta Amorebieta taldera joan zinen, Bigarren B mailara. Zergatik utzi zenuen taldea denboraldi erdian?

Hasieran poz-pozik ibili nintzen, baina  jokatzeari utzi nion eta nire ordez, askotan gertatzen den moduan, ni baino eskarmentu gehiago zuen jokalari bat jarri zuten. Beraz, denboraldiaren erdian, urtarrilean, onartu nuen Galizia aldetik etorritako eskaintza, Hirugarren mailan jokatzeko.

Gogorra izan zen 22 urte zenituela Ourensera joateko erabakia hartu izana?

Kostatu zitzaidan, noski. Zornotzan dena nuen eskura: klub polita, familia gertu-gertu... Hala ere, aldaketa bat behar nuen, futbol zein pertsona mailan hazten jarraitzeko. Iker Revueltak nirekin jokatu zuen gaztetan eta bera bertan zegoen, beraz, horrek lagundu zidan erabakia hartzen. 

Zelan Galizian, Barco taldean?

Oso ondo. Urte eta erdia eman dut bertan eta oso gustura ibili naiz. Lezama zoragarria da baliabide guztiak eskura dituzulako, baina Barco taldean nire etxean sentitu naiz, oso hurbilak izan dira, primeran tratatu naute. Gainera, ia beti jokatu dut eta iaz oso denboraldi ederra egin genuen: laugarren gelditu ginen ligan eta igotzeko kanporaketa Compostelaren kontra galdu genuen. Klubekoek kontratua luzatzeko eskaintza egin zidaten, baina ezetz esan nien. Izan ere, beste aurrerapauso bat eman nahi dut eta Bigarren B mailako talde batean jokatu nahi dut.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).