Ekologistak Martxanek salatu du Asua ibaia kutsatuta dagoela

Aikor aldizkaria 2021ko mar. 23a, 11:21

Atzo, Uraren Munduko Eguna izan zen eta Ekologistak Martxan elkartea Sangroiz Sondikako industriagunera azaldu zen bertan industria-hondakinen zabortegi zahar bat dagoela salatzera. Azaldu zutenez, industriaguneko enpresa kimiko bateko euri-urak husteko saretik Asua ibaira isurtzen dira, besteak beste, cotrell hautsak, artsenikoa, beruna eta kadmioa.  

“Zabortegia duela 15 urte ezarri zen eta ordutik hona ez du inolako jarraipenik eta segurtasun- edo kontrol-neurririk izan, ingurumen-eraginak ezabatzeko edo murrizteko; batez ere ibaian. Lixibatuen isuria ez kontrolatzeaz gainera, ez dago inongo itxiera perimetralik, ezta hondakinak isolatzeko edo seinalatzeko sistemarik ere”.  

Ekologistak Martxan elkartearen kideek lixibatuen fluxuak antzeman zituzten, eta uraren eta lurren laginak hartu. Era berean, hondakinak dauden lekuak seinaleztatu zituzten arriskutsuak direla jakinarazteko, eta 112 telefono-zenbakira deitu zuten kutsadura-fokuaren berri emateko eta osasun publikorako eta ingurumenerako duen arriskua salatzeko. Esandakoaren arabera, lekura Ertzaintza eta Uraren Euskal Agentziako teknikari bat agertu ziren egin beharreko izapideak egitera.

Elkarteak jakinarazi duenez, Asua ibaia Bizkaiko ibairik kutsatuenetako bat da, batez ere beheko arroan eta horrek eragina du Nerbioi-Ibaizabal estuarioaren ingurumen-degradazioan. “Azken hamarkadetan etengabe agertzen dira kutsatzaile arriskutsuak, hala nola zianuroa, artsenikoa eta HCH-lindanoa, eta egoerak ez du hobera egiteko itxurarik”. Elkartearen ustez, kutsaduraren jatorria da ibaiaren arro hidrografikoan segurtasunik eta kontrolik gabeko zabortegi zaharrak egotea, Sangroizekoa kasu.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).