Nahia Valle, kirol-monitorea eta HHko irakaslegaia

“`Kañeroa´ naiz: orain dena emanda ez banabil, noiz, bada?”

Aikor aldizkaria 2021ko urr. 28a, 14:29

Sondikoztarrak 20 urte ditu eta, Haur Hezkuntzako irakaslea izateko ikasketak egiten ibiltzeaz gainera, kirol-monitorea da Bilboko gimnasio batean. Bere lanaren eta itxaropenen berri emango digu hurrengo lerroetan.

Batxilergoa amaitu, eta kirol gradu bat egin zenuen; Haur Hezkuntzan irakaslea izateko ikasten zabiltza orain…

Ez nuen oso argi batxilergoaren ondoren zer egin, eta gizarte- eta kirol-animazioa asko gustatzen zaidanez, erabaki nuen kirol gradu bat egitea. Ikasketa horiek amaituta ere ez nekien oso ondo lan-ibilbidea nora zuzendu, eta umeak asko gustatzen zaizkidanez, Haur Hezkuntzako irakaslea izateko ikasketak egitea pentsatu nuen. Ikasturtea hasi berria den arren, esan dezaket orain arte ikusitakoa eta ikasitakoa asko gustatzen zaidala.

Ikasteaz gainera, Bilboko gimnasio batean egiten duzu lan. Gimnasio hori bakarrik emakumeentzat da, zein da arrazoia?

Gimnasioa duela urtebete zabaldu zen. Zuzendaria gizonezkoa da, eta gainerako guztiak, emakumeak. Askotan, muskulazio-geletako erabiltzaile gehienak gizonezkoak dira eta gerta daiteke emakumezkoak eroso ez sentitzea. Gimnasio honen helburua da emakumeak animatzea beren-beregi haientzat diren kirol-jarduerak egitera, eta lotsa-edo galdu dezatela. Maiatzean hasi nintzen bertan lanean eta oso pozik nago. Besteak beste, funka, barrea (gluteoak, sabelaldea eta hankak lantzea), yoga eta pilatesa egiten ditugu.  

Zumba-monitore ere ibilia zara, ezta?

Bai, Gorlizen izan nintzen urte bian. Graduaren lehen ikasturtean hasten da praktikak egiten eta ni dantza munduari lotuta nagoenez, bada, eskaini zidaten zumba-saioak ematea. Hasieran apur bat lotsatuta-edo nengoen, baina gero esperientzia hartuz joaten da.

Zein da dantzekin duzun harremana?

Egia esan, ez dut inoiz serio-serio dantzatu; hau da, ez naiz inoiz akademia batera joan. Bospasei urte nituela, udalak antolatutako dantza modernoaren ikastaroan eman nuen izena eta institutuan egonda ere jarraitu nuen dantzan. Baina lagunak apurka-apurka uzten joan ziren, eta azkenean nik ere bai. Handik urtebetera dantzatzeko gogoa piztu zitzaidan berriro eta Amaia Urkijorekin egin nuen topo, nire irakasle kutuna dena. Dantza urbanoa lantzen nuen berarekin eta hasi nintzen apur bat serioagoa dantzatzen, lehiaketetara joaten ginen eta. Egiten duena gustatzeaz gainera, Amaiak dantzariak motibatzen ditu eta, nire kasuan, asko animatu ninduen zenbait arlotan saiatzera. Hala ere, oso gustura egon arren, iaz utzi behar izan nuen, ez nuelako denetarako denborarik. 

Penatuta?

Bai, dantzatzea liberazioa delako: arazoak alde batera utzi, eta arreta osoa dantzan ipintzen duzu. Gustatzen zaizuna egiten duzu, eta, gainera, zure zaletasuna ere baduen jendearekin. Baina gaur egun ez dut dantzatzeari berriro ekiteko denborarik… Bueno, lanean ere dantza egiten dut, bi ordu-edo astean, eta horrek nolabait arintzen dit bihotza… Bestalde, lasaitasun apur bat ere ondo datorkit (kar-kar).

Zelan zabiltza lan aldetik?

Lan-eskaintza handia dago gimnasioetan, bajak-eta egiteko. Hori bai, zaila da gimnasio berean zortzi orduko lanaldia izatea: normalean, ordu batzuk egiten dira leku batean, beste ordu batzuk, beste batean… Nik arratsaldean egiten dut lan eta momentuz ez dut arazorik lana eta ikasketak uztartzeko.

Monitore “kañeroa” zara?

Bai! Gustatzen zait ikasleak “estutzea”. Batzuetan kexatzen dira, baina denetarik dago: gehiago eskatzen dutenak eta erlaxatzeko eskatzen dizutenak. Gainera, 20 urterekin dena emanda ez banabil, noiz ibiliko naiz, bada? (kar-kar).

Bereziki zaintzen duzu elikadura?

Ez, eta zaindu beharko nuke, oso-oso txarto elikatzen ez banaiz ere. 

Konfinamenduan modan ipini ziren kirola edo ariketa fisikoa egiteko bideoak. Arriskutsua izan daiteke ariketak nork bere kabuz egitea?

Ez dut uste arriskutsua denik, alde batetik, bideoan agertzen den pertsona aditua delako eta ez digulako esango zerbait kaltegarria egiteko, eta bestetik, ziur nagoelako minik izanez gero ariketa egiteari utziko diogula. Hala ere, baliteke ariketa behar moduan ez egitea eta guk pentsatzea ondo egiten gabiltzala. Nire ustez, askoz hobea da zuzeneko saioa egitea, tratu hurbilagatik eta motibazioagatik.  

“Askoz hobea da zuzeneko saioa egitea, tratu hurbilagatik eta motibazioagatik”

Lagundu dizue “moda” horrek?

Bai, orain gimnasioetara jende gehiago hurbiltzen delako. Nolanahi ere, pandemiaren hasieran jende asko beldurtuta ibili zen: areto txiki batera sartuko naiz beste pertsona batzuekin, izerdia…

Zuek ere lan egiteko modu berrietara egokitu beharko zenukete.

Pandemia hasi zenean Gorlizen nengoen zumba-monitore. Astean bitan eskola-saioa grabatzen nuen eta zuzendariari bidaltzen nion ikasleen artean zabaltzeko. Gehieneko edukierarena asko igarri dugu, eta batez ere maskara jantzita lan egin behar izatea. Ariketa biziak egiten dituzunean, airea, oxigenoa… falta zaizu askotan; bada, pentsa ezazue maskara jantzita! Batez ere hasieran, gero ohitura hartuz joaten zara… Beste aldetik, materiala eta erabiltzen den guztia desinfektatu behar da. Horri lotuta konturatu naiz, beharbada, lehen ere sarritan desinfektatu beharko zela, baina ez orain bezainbeste!

Zer nolako planak dituzu?

Gaur egun nagoen gimnasioan jarraitu nahiko nuke, ikasketak amaitu, oposizioak egin eta ikastetxe publiko batean lan egin. Ahal dela, hezkuntza eta gimnasioa uztartuko nituzke.  Ez dut neure burua ikusten bakarrik kirol-monitore moduan; izan ere, ordu asko eginez gero, neketsua izan daiteke.  

“Gimnasioan jarraitu nahiko nuke, ikasketak amaitu eta oposizioak egin”

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).