Ursula Tomas Almagro, psikologoa

“Buruko gaixotasunaren pandemia beti egon da”

Aikor aldizkaria 2021ko aza. 24a, 11:39

Osasun mentaleko profesionalek adierazita, pandemiak eta haren harira hartutako neurriek ondorio latzak ekarri dizkio biztanleriaren zati handi bati. Ursula Tomas psikologo sondikoztarrak 20 urteko esperientzia du umeekin zein helduekin. Neuropsikologoa ere bada, eta emozioez, estresaz eta antsietateaz gainera, neurogarapenaren nahasmenduak ere tratatzen ditu, hala nola autismoa, hiperaktibitatea eta dislexia.   

Zeintzuk dira ondorio emozional horiek?

Bizitza sozial zabala dugu Euskal Herrian eta bat-batean esan ziguten ezin ginela lagunekin eta senideekin elkartu, pertsonen artean distantzia handia utzi behar genuela eta ezin ginela leku batetik bestera askatasunez joan. Horrek, besteak beste, estresa eta antsietatea ekarri dizkie pertsona askori. Ondorio horiek agerian izan dira, adibidez, adinekoengan: asko bakarrik bizi dira eta, jubilatuen etxeak itxita, ez dute izan norekin hitz egin. Bakarrik egoteagatik hil dira asko. Bestalde, ikusi da gure osasun publikoa ez dagoela prest nerabeen buruko gaitzei aurre egiteko eta horregatik zabaldu da haientzako psikiatria-modulu berri bat Bilbon; baina, hala ere, ez da nahikoa izango. Suizidio-saioen tasa handitu da nerabeen artean eta psikologoen elkartea eskatzen dabil gai horren gainean gehiago hitz egiteko, kasuak errazago antzemateko eta laguntza eman ahal izateko. Kontuan hartu behar da nerabezaroan oso inportantea dela lagunekin egotea, eta haientzat gogorra izan da etxean gelditu behar izatea.

“Agerian utzi da osasun publikoa ez dagoela prest nerabeen buruko gaitzei aurre egiteko”

Gazteen jarrera asko kritikatu da.

Bi motatako pertsonak daude: alde batetik, gaixotasuna hurbil-hurbiletik bizi izan dutenak –senideren bat hil izana ere izan daiteke– eta oraindik beldurrarekin dabiltzanak, eta bestetik, urtebete bat galdu dutela uste dutenak. Azken horiek une honetan daude: orain galdutako denbora berreskuratu eta disfrutatu behar dut. Gainera, bihar zer gertatuko den oso argi ez dagoenez, aprobetxatu behar da. Asko hitz egin da gazteen botilioiei buruz, baina botiloiak beti izan dira. Gauza da, haien lokalak eta diskotekak itxita, aisialdia beste modu batean ematen saiatu direla, eta beharbada esku artetik joan zaie.

Umeek jaso dute kalterik handiena?

Umeak oso kutsakorrak zirela esan zen, parkeak itxi, eskolan maskara jantzi behar, burbuilak… eta orain bueltaka gabiltza umeen txertoarekin. Bitartean, helduok gure bizitza soziala “berreskuratzen” hasi gara eta gure erabakien ondorioak haiek ere pairatuko dituzte: gurasoak kutsatzen badira, umeak ere konfinatu beharko dira eta, era berean, euren ikasgelako beste ume batzuk. Beste aldetik, parkera joan eta beste ume batzuekin jolasteko ohitura dutenek txarto pasatu dute, baina kalera gutxiago ateratzen direnak eta eskolan zailtasunak dituztenak emozionalki askoz hobeto egon dira etxean, ez dutelako eskolako presiorik izan. Hala ere, iazko irailean itzuli behar izan zuten eskolara eta, hainbat kontu berreskuratu behar denez, presioa askoz handiagoa da. Batzuk oso txarto pasatzen ari dira.

Informazioa helarazteko modua ere ez da oso lagungarria izan.

Ez, ez dute batere ondo kudeatu eta beldurtuta ibili gara: ez atera etxetik, ez ukitu hori, ez kendu maskara, kutsatu ahal zarelako eta ondorioz familia osoa ere bai, txertoak eta bere ondorioak… Helduok beldur izan gara eta umeek horren ondorioak jasan dituzte; pentsatu behar dugu, esaterako, nola kontatu diegun birusa zer den. Batzuk beldur dira oraindik eta ez dute inoiz maskara kentzen. Nolanahi ere, umeek helduok baino hobeto eraman dute orokorrean, egoeretara moldatzen eta ohitzen direlako; beste gauza da, jakina, umeak dibertsitate funtzionala badu, zailtasunak beste batzuk dira eta.   

Nolako eragina egon da aurretik buruko gaixotasuna zutenengan?

Egoerak okerrera egin du osasun mentalean. Izan ere, tratamendu batzuk eta terapiak bertan behera gelditu ziren, eta gero, terapiak online egiten hasi zirenean, gaixo batzuei ez zitzaien era hori gustatu. Ez da egon behar zen moduko jarraipenik eta batzuek tratamendua utzi dute, edo behar ez zutena hartu dute.  

Nola egin diezaiokegu aurre egoerari?

Edozein egoeratan jarraitu beharreko hurrengo arau honi jarraituta: momentuan bizi, eta ez etorkizunean; orain hemen nago eta oraingoa egingo dut, eta bihar ikusiko dugu bihar zer gertatuko den. Era berean, mentalitate hau izan behar dugu: lagunekin egotea, umeek euren urtebetetzea ospatzea, senideekin elkartu eta bazkaria edo afaria egitea… horiek guztiak beharrezkoak dira, ez dugu hori ukatuko, baina burua erabilita egin ditzagun; hau da, maskara jantzita, eskuak sarri garbituz, pertsonen artean tartea utziz eta indarrean dauden osasun-neurriei eutsiz. Pandemia hau guztioi dagokigu eta indarrak batuz gero errazagoa izango da egoera honetatik ateratzea.

“Edozein egoerari aurre egiteko, komenigarria da momentuan bizitzea eta ez etorkizunean”

Zein egoeratan aterako gara osasun-larrialdi honetatik?

Agintariek ez dute argi hitz egiten eta badirudi hau ez dela inoiz bukatuko; hortaz, nekatuta gaude, eta normala da. Pandemiak agerian utzi du herritar batzuen alde ona, baina beste herritar batzuen alde txarra ere bai. Konfinamenduak ekarri zigun auzokideengana hurbiltzeko aukera, eta batzuek hori baliatu dute pertsona zabalagoak izateko; beste batzuek, berriz, “normaltasuna” berreskuratu dugun heinean, utzi diote auzokideekin harremanetan egoteari eta euren aurreko errutina berriro hartu dute. Berekoikeriaz jokatzen dutenak ere badaude, ondorioetan pentsatu barik. Komunikabideek horien berri eman dute eta pentsa liteke asko direla, baina, zorionez, gutxi dira.

Buruko gaixotasuna hurrengo pandemia izango dela diote.

Buruko gaixotasunaren pandemia beti egon da. Haginetako mina dugunean, dentistarenera joaten gara arazo barik, baina buruko gaitza edo sentimenduei lotutako arazoa dugunean, kostatzen egiten zaigu psikiatrarengana edo psikologoarenga jotzea eta askotan azken momentura arte itxaroten dugu. Bestalde, pandemia hasi zenetik entzuten gabiltza oso inportantea dela burua zaintzea; hala ere, errealitatea hau da: osasun publikoan ez dago behar beste profesionalik eta jende askok ezin du osasun pribatuaren zerbitzua ordaindu. Psikologoen elkargoak luze darama eskatzen anbulatorioetan gutxienez psikologo bat egotea, zeren familia medikuarengana jotzen duten gaixoen portzentaje handi batek laguntza psikologikoa behar baitu. Egoera horretan, familiako medikuak bi aukera ditu: berak errezetatu zer hartu, “intrusismotzat” har daitekeena, ala gaixoa osasun mentalera zuzendu, luze jo dezakeena.  

“Familiako medikuarengana jotzen dutenen portzentaje handi batek laguntza psikologikoa behar du”

Zein da txertoa?

Estigma kentzea beharrezkoa da, eta, esan moduan, osasun sarean psikologo gehiago egotea. Era berean, psikologo bat egon beharko litzateke ikastetxe guztietan, eta hura hezkuntzan ez ezik klinikan ere trebatuta egon. Horrela, irakasleei jarraibideak emateaz gainera, lehenago antzeman litezke gazteen arazoak.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).