Koro Rey Aguado, Politika Zientzien ikaslea

“Nire inguruaren errealitatea aldatu nahi dut”

Aikor aldizkaria 2022ko ots. 10a, 10:24

Hogeita bat urteko sondikoztarrak azterketak amaitu berri ditu eta oso ondo irten zaizkiola esan digu. Hainbat lan-aukera ditu politologo moduan, esaterako, ikertzaile politiko gisa inkestak egiten, politika-aholkulari moduan, udaletxe edo enpresa pribatu batean, merkatu-ikerketak egiten…; hala ere, argi du politikan aritu nahi duela, herritarren arazoez kezkatuta dago eta.

Ikasturte honetan hasi zara Politika Zientziak ikasten, zergatik?

Marketin goi-gradua egin nuen, ez nuelako oso argi zer egin, baina konturatu nintzen benetan Zientzia Politikoak ikasi nahi nituela. Hainbat arrazoirengatik: gure iritzia ematen dugunean, gazteoi esaten digutelako ez dakigula ezer; lagun batzuek Derioko Kultur Birikara joan behar dutelako ikastera, hango ikasgelaren ordutegia askoz luzeagoa da eta; nire adineko gazteek ez dugulako herriko jaietan parte hartzen… Arrazoiak batuz joan nintzen eta nire buruari hau esan nion: “Hori guztia aldatu behar duzu”. Nire inguruaren errealitatea aldatu nahi dut.

Politikan ibiltzea gustatuko litzaizuke, beraz.

Bai, eta, ahal dela, etxean bertan, Sondikako udaletxean lan egin nahiko nuke, ingurua aldatu nahi badut herritik hasi beharko dudalako, ezta? (kar-kar). Esaterako, Izartza inguruko plaza behingoz konpondu dezatela dut helburu: arazoak izan ziren eraikuntza-enpresarekin eta lanak ez dira behar moduan bukatu; ondorioz, euria egiten duenean garajeak hartzen ditu urak, eta plazan ere pertsona batzuk erori dira edo erortzear egon dira… Behin bideoa grabatu eta gizarte-sareetara igo nuen, herritarrek ikusteko garajea nola zegoen. Udalak ur-ponpa ipini zuen ura kentzeko, baina, bueno, arazoak hor jarraitzen du… Udal- eta estatu-politika interesatzen zaizkit, niregan eragin zuzena dute eta.

“Udal- eta estatu-politika interesatzen zaizkit, niregan eragin zuzena dute eta”

Hitz egin apur bat ikasketei buruz.

Lau urteko karrera den arren, Zientzia Politikoak eta Soziologia gradu bikoitza egiteko aukera dago (sei urte) eta hori hain zuzen da nire helburua; hortaz, ahaleginduko naiz ikasturte honetan ahalik eta notarik hoberena ateratzen, ea gradu bikoitzean sartzerik dudan. Lehen ikasturtean batez ere teoria ikasten gabiltza, askotarikoa: ekonomia, konstituzioa, soziologia… Gaurkotasuna jorratzen dugu eta oso interesgarria da. Gainera, oso harreman ona dut ikaskideekin eta horrek ere animatzen nau aurrera ateratzera. Ahal badut, gustatuko litzaidake hirugarren mailan Erasmus programan parte hartu eta Italiara edo Greziara joatea. Azken batean, ikuspegi zabala izan behar dut beste herri batzuetan gertatzen denari buruz eta beste pertsona batzuen ideologia eta kultura ezagutzeko aukera izango nuke.

“Ikuspegi zabala izan behar dut beste herri batzuetan gertatzen denari buruz”

Zer pentsatzen duzu gaur egungo politikariei buruz?

Nire ustez, berdinak dira guztiak eta bereizten dituen bakarra ideologia da. Ez dute herritarrengan pentsatzen: eztabaidatzen dutenean –hori eztabaidatzea bada, jakina–, bakarrik boterea dute helburu; bakarrik esaten dute “zu okerragoa zara”. Guztiak langabezira bidali beharko genituzke, eta, ideologia alde batera utzita, haien ordez ikuspegi eta iritzi zabalak dituzten pertsonak ipini. Bakarrik dirua nahi dute eta gehiegi irabazten dute. Ikaskideen artean asko eztabaidatzen dugu politikarien portaerari buruz, kafetegian. Bakoitzak bere ideologia duen arren, gustatzen zaigu eta zenbait gairen inguruan ados ipini gara batzuetan.   

“Gaur egungo politikarien ordez ikuspegi eta iritzi zabalak dituztenak ipini beharko genituzke”

Zelan dabiltza pandemia kudeatzen, zure ustez?

Egoera zein den kontuan hartuta, uste dut Espainiako gobernua nahiko ondo dabilela hura kudeatzen: ezin dugu beste alderdi batzuekin konparatu, azken horiei ez zaielako tokatu pandemia-garaian gobernatzea. Eusko Jaurlaritza, bestalde, ahaleginetan dabil, baina ez du lortzen. Esaterako, seigarren olatua izango zela argi zegoen abenduko zubitik, baina ia Urtezahar-gauaren bezpera arte itxaron dute neurriak zorrozteko, ostalariak eurei begira zutela. Beste aldetik, nire iritziz, pandemiari buruz hitz egiteko, politikariek orokorrean protagonismo handiagoa eman beharko geniekeen medikuei eta zientzialariei, azken horiek direlako adituak eta badakitelako zertaz ari diren. Politika alde batera gelditu beharko zatekeen, eta zientziari utzi hitz egiten.

Politikan asko hitz egiten da kutunkeriari buruz.

Bai. Horri buruzko eztabaidak ere baditugu ikaskideon artean… Adibidez, Pablo Iglesiasek Irene Montero entxufatu duela… Izan daiteke, baina, egia esan, Irene Montero oso lan ona egiten dabil.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Oso positiboa naiz eta uste dut nahi dudana lortuko dudala, izan ere, beti oso burugogorra izan naiz. Eta helburu handia dut, Europako Parlamentuan ibiltzea gustatuko litzaidakeelako. Horri dagokionez, pentsatu dut gradu bikoitza egin ondoren nazioarteko harremanei lotutako zerbait ikastea, esate baterako, master bat. Bestalde, ikaskideoi bururatu zaigu alderdi politiko berria sortzea (kar-kar). Hainbat ideologiatako lagunok osatuko genuke, azken batean elkar ulertu beste erremediorik ez dugu, herritarren onurarako lan egin nahi badugu.

“Elkar ulertu beste erremediorik ez dugu, herritarren onurarako lan egin nahi badugu”

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).