Zergatik da ezinbestekoa emakume zientzialarien lana ikusgai egitea?
Bigarren mailan, ezkutuan, izan delako beti. Orain ez da hainbeste gertatzen, baina lehen lorpen guztiak gizonenak zirela pentsatzeko joera zegoen eta egia da lorpen edo aurkikuntza horietako askoren atzean emakumezko laguntzaileak izaten zirela. Ez dut inondik inora esan nahi gizonezko zientzialarien lana garrantzitsua ez denik: gizonezko zientzialarien lana eta emakumezko zientzialariena bezain garrantzitsuak dira eta biak utzi behar ditugu agerian.
Zientziei lotutako ikasketetan neska gutxi daudela entzuten da askotan.
Ikaslea zein irakasle hasi berria nintzela, nesken kopurua eta mutilen kopurua antzekoa zen ikasgeletan, nahiz eta mutilak gehiago izan. Hala ere, aldea nabarmenagoa zen ikasketa-motaren arabera: adibidez, kimika irakasle ibili nintzen Fisikako karreran eta bertan handiagoa zen mutilen kopuruaren eta nesken kopuruaren arteko aldea. Esango nuke gaur egun Kimikan neska gehiago daudela; hala ere, kopurua txikiagoa da ingeniaritza kimikoan edota gradu teknikoagoetan. Inportantea da neska gazteak ikasketa horietara bideratzea, jakina. Dena dela, argi utzi behar dut ni ikasleen kopuruaz ari naizela eta horrek ez du adierazten ikasketak bukatu ondoren lana zientzia arloan topatzen duten ala ez.
Zergatik erabaki zenuen Kimika ikastea?
Kimikari asko gara etxean: aita kimikaria zen eta bederatzi anai-arrebetatik bost kimikariak gara. Baina ez pentsa etxean kimika eguneroko gaia zenik! Ez horixe! Ez dakit genetan-edo dugun… (kar-kar). Egia esateko, nik Biokimika ikasi nahi nuen, baina garai hartan ez zegoen karrera hori eta Biologian matrikulatu behar izan nuen, gero Biokimikan espezializatu ahal izateko. Eta niri ez zitzaidan Biologia batere gustatzen… Hortaz, unibertsitateko matrikula egin behar izan nuen egunean, nire txandaren zain nengoela, zalantzan izan nintzen ilaran: Biologia ala Kimika. Nire txanda ailegatu zen eta leihatilan bertan erabaki nuen Kimikan izena ematea.
“Aita kimikaria zen eta bederatzi anai-arrebetatik bost kimikariak gara; ez dakit genetan-edo dugun… (kar-kar)”
Inoiz damutu zara erabaki hori hartu izanaz?
Ez. Edozein arlotan gertatzen den moduan, nik ikuspegi erromantikoa nuen karrerari buruz, kimikaria laborategian kokatzen nuen beti, baina gero errealitatea beste bat da, zeren eta, laborategian aritu ahal izateko, teoria asko ikasi behar baita, eta oinarrizko maila garrantzitsua lortu. Baina pozik nago.
Nolakoa izan da zure lan-ibilbidea?
Bost urteko lizentziatura zen eta bosgarren urtean laborategi batean sartu nintzen ikerlanak egitera eta, bitartean, tesina egin nuen. Karrera 1989an bukatu, eta Eusko Jaurlaritzaren beka bat lortu nuen doktoretza egiteko. Lau urteko beka izan zen eta ikerkuntza eta tesia egitea uztartu nituen denboraldi horretan. Nire espezialitateak dira Kimika Organikoa eta Kimika Fisika, eta tesia espektroskopiari buruz egin nuen. Donostiako Kimikako fakultatean irakasle ibili nintzen bi ikasturtean eta 1999tik irakasle titularra naiz EHUko Zientzia eta Teknologiako fakultatean, Leioan; Kimika Fisikoko departamentuko irakaslea naiz.
Ikerkuntzan ere bazabiltza; zein nahiago duzu: ikerkuntza ala irakaskuntza?
Ezin dut aukeratu, biak izugarri gustatzen zaizkidalako. Asko disfrutatzen dut irakasten, eta ikasgai teorikoak zein praktikoak irakasten ditudan arren, laborategiko lana nahiko inportantea da, praktikak ematen baititut lehenengo eta hirugarren mailetan. Gainera, gaur egungo metodologia dela eta, askoz harreman estuagoa dugu ikasleekin eta, irakaslearen eta ikasleen harremanetik harago, askotan parekoen arteko harremana da. Eta polita da. Bestalde, esan behar dut gaur egun ikerkuntza gutxi egiten dudala, zeren, laborategiko lanaz gainera, ikerkuntzari lotutako beste alderdi batzuk ere kudeatu behar dira eta ez dago horretarako denbora askorik: ikasi, artikuluak idatzi, proiektuak eskatu, txostenak egin, ekonomia kudeatu… Proiektu baten atzean zientifikoa ez den lan handia dago, eta batzuetan pentsatzen dut kimikariaren lana baino nirea administratzailearen lana dela.
“Irakaslearen eta ikasleen harremanetik harago, askotan parekoen arteko harremana dago laborategian”
“Proiektuei dagokienez, batzuetan uste dut nirea gehiago dela administratzailearen lana kimikariarena baino”
Zure taldearen arloa espektroskopia da, zer ikertzen duzue?
Argiaren eta materiaren arteko elkarreragina ikertzen dugu, koloratzaile fluoreszenteak oinarri ditugula. Koloratzaile horien erabilerak aldatu egin dira denboraren poderioz. Adibidez, ni arlo horretan hasi nintzenean, laserrak lortzeko erabiltzen ziren eta gaur egun hainbat esparrutan erabili daitezke: zelula fotovoltaikoetan, eguzkiaren argia xurgatzeko eta ahalmen hori eraginkorragoa izateko, nanotransportatzaile moduan, minbiziaren kontrako terapietan…
Zer gustatzen zaizu gehien ikerkuntzatik?
Gauzak deskubritzeko erronka. Ikerkuntza oso zoragarria dela pentsatu liteke, dena berri-berria dela, pizgarriz betea… Baina atzean lan handia dago eta batzuetan lan hori nekosoa da, eta aspergarria… behin eta berriro saiatu behar delako. Nolanahi ere, niri erronkak gustatzen zaizkit, ezezagun den zerbaiten aurrean egon eta hari aurre egin.
Baliabide nahikorik duzue ikertzeko?
Dirulaguntza jasotzea gero eta zailagoa bada ere, gure taldeak suerte izan du beti: beharbada, ez dugu eskatutako diru-kopuru osoa lortu, baina zati bat bai, eta horren arabera moldatu dugu ikerketa. Ez dugu inoiz diru faltarik izan. Horri dagokionez, gure alde esan behar da emaitzak izan ditugula eta asko publikatu dugula. Beste alde batetik, talde txikia gara, baina elkarlanean gabiltza beste unibertsitate batzuetako taldeekin. Gero, ikasleak ditugu laguntzen eta “lan zikina” aurrera ateratzen. Izan ere, lehen aipatu dudan moduan, gaur egun irakasleok ez dugu hainbeste denbora laborategian ematen, baizik artikuluak idazten, dirua eskatzen, ikasleen tesiak edo gradu amaierako lanak bideratzen…
“Dirulaguntza jasotzea gero eta zailagoa bada ere, gure taldeak suerte izan du beti”
“Egun irakasleok ez dugu hainbeste denbora laborategian ematen, baizik artikuluak idazten, dirua eskatzen…”
Ikertzaile berriak heztea atsegingarria da?
Oso. Ikasleak oso inportanteak dira niretzat eta asko gustatzen zait konturatzea haiengana ailegatu naizela eta beren heziketan parte hartu dudala. Ikaslerik onenak ditugu eta harro egon behar dugu horrezaz. Alabaina, nire ustez, batzuk unibertsitatera etortzen dira joera naturala delako: lehen hezkuntza, institutua eta unibertsitatea. Ez daude behar bezain motibatuta eta neketsua da, bai haientzat, lan handi-handia egin behar dutelako, bai guretzat, haiengan grina piztea kostatzen zaigulako. Agian, unibertsitaterako joera hori berrikusi egin beharko genuke, eta ikasle batzuk beste ikasketa batzuetara bideratu, adibidez heziketa-zikloetara. Oraindik jarraitzen da pentsatzen ikasle ona unibertsitatera bideratu behar dela eta hain ona ez dena lanbide-heziketara, eta hori ez da inondik ere horrela. Gainera, heziketa-zikloetako ikasleek aukera handiagoak dituzte lana topatzeko.
“Ikasleak oso inportanteak dira eta asko gustatzen zait konturatzea beren heziketan parte hartu dudala”
“Unibertsitaterako joera berrikusi egin beharko genuke, eta ikasle batzuk beste ikasketa batzuetara bideratu”
Zeintzuk dira zure helburuak edo planak?
Ez dut helburu handirik: nagoen moduan jarraitzea, oso gustura nagoelako eta egiten dudana pila bat gustatzen zaidalako. Garaia zein den, lan handiagoa edo txikiagoa dut eta orain denak emanda nabil irakaskuntza-arloan: eskola-saio teoriko eta praktiko asko eman, eta horiek prestatu, ordu bateko eskola-saio baten atzetik ordu askoko lana dagoelako, eskola-saioak emateko modua berritu, metodologia berria sartu, etengabe ikasi, ikasleek egindako lanak zuzendu…