Pasalekua jarri dute Artxandan, zaharberritutako lubakira errazago heltzeko

Aikor aldizkaria 2022ko mar. 11a, 13:35

Iazko martxoan, Sondikako eta Bilboko Udalek hitzarmena sinatu zuten Artxanda ingurua aktibatzeko. Plan horren barruan, Burdin Hesiko lubaki bat zaharberritu dute Sondikan, baita hara eramaten duen zurezko pasabidea jarri ere. Lanek 160.000 euro balio izan dute eta lau hilabeteko epean bukatu dira. Lubakia eta pasalekua Artxandako Hatz Markaren parketik gertu daude, Ballano txakolinaren alboan. 

Arkeologo batzuek 2016an hondeatu zuten Artxandako lubakia. Hala ere, mendi hegalaren beheko aldean dagoenez, ez zen erraza hara iristea. Lubakian zaku-oihalak jarri dira, 1936an jarri ziren moduan. Era berean, pasalekuak hara ailegatzea erraztuko du eta balioa emango dio lubakiari. Pasalekuak 186 metro luze eta metro bi zabal ditu eta bere sigi-sagako ibilbidea lagungarria da, % 6ko malda gainditzeko. Gainera, pasalekuan gune zabalago batzuk egin dira, eta informazio panelak ezarri. 

Zenbait agintari izan ziren azpiegitura berriaren aurkezpenean: Xabier Zubiaur eta Juan Mari Aburto, Sondikako eta Bilboko alkateak hurrenez hurren; Bilboko zinegotzi batzuk;  eta Aintzane Ezenarro Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria.

 

Artxanda eta Burdin Hesia

Burdin Hesia Eusko Jaurlaritzak eraiki zuen 1936an, tropa frankistengandik Bilbo defendatzeko. Defentsak porrot egin bazuen ere, Artxanda gakoa izan da Bizkaiko historian; beraz, erakunde publikoek (Udalek, Bizkaiko Foru Aldundiak, Gogora Institutuak) memoria historikoa berreskuratzearen ikur bihurtu nahi dute. Esate baterako, 2013an, Bilboko Udalak Artxandako Gerra Zibileko elementuen lehen inbentarioa egin zuen San Bernabé eta Avril mendien artean. Gainera, arkeologiazko indusketak egin dira Artxandako eta Avril mendiko lubakietan, norabidea adierazteko seinaleak eta interpretazio-seinaleak jarri dira... Azken ekintzetako bat Artxandako Memoriaren Ibilbidea izan zen 2018an. Ibilbide horrek San Rokeko lorategiak eta baseliza lotzen ditu. Pasalekuak, alegia, jarraipena ematen dio ibilbideari. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).