Olaia, Olatz eta Jone kuadrilla berekoak dira eta Atzoraren lekukoa hartzeko gonbidapena lagun baten amaren eskutik jaso zuten. Haiekin batera egitasmoan parte hartzeko prest nor egon litekeen pentsatu, eta Galder nahasi zuten Sondikan euskara bultzatzeko arduran. Gazteak dira, 22 urtetik 26 urtera bitartekoak, eta beraien ustez gaztetasuna hain zuzen da euren indargunea. “Beraz, beste mota batzuetako ekintzak antolatuta, askoz errazago izango dugu jende gaztea erakartzea eta, ondorioz, herrian euskara sustatzea”.
Kontatu digutenez, Sondikan batez ere umeekin egiten da euskaraz. “Nagusiek ere euskaraz egiten dute, baina gazteok eta helduek erderara jotzeko joera dugu, lagunen artean, etxean… Altzoraren ardura hartzea da geuk ere euskaraz gehiagotan egiteko modua; ea hori besteengan ere piztea lortzen dugun!”. Altzorak orain arte egindako lana ezagutzen dute eta euskara elkarteak antolatutako ekintza batzuetan parte hartu dute. “Esate baterako, irrintzi-ikastaroan. Altzoraren Egunean ere izan gara inoiz. Gure helburua da elkartera jende gaztea ere erakartzea eta hori ekintzen bidez lortzea espero dugu. Dagoeneko bi batzar egin ditugu eta ideia batzuk atera dira, adibidez, Kuadrilla Eguna antolatzea. Ohiko ekintzak ere egingo ditugu, hala nola hitzaldiak, tailerrak eta kontzertuak. Era berean, herriko gainerako elkarteekin lankidetzan ibili nahi dugu, eta feminismoa bultzatu. Ea pixkanaka-pixkanaka eta ekintzen bidez Sondikan euskararen erabilera areagotzen den!”.
“Altzoraren ardura hartzea da geuk ere euskaraz gehiagotan egiteko modua; ea hori besteengan ere pizten dugun!”
Altzoraren aurreko batzordearen kideekin batera egingo dute lan hasieran. “Gero, baten bat batzordean jarraitzera animatuz gero, bada, berarekin jarraituko dugu; bestela, geure kabuz”. Lekukoa hartu berri dute eta orain zeregin berrietara ohitzen dabiltza. “Lehen urratsak egin behar dira: presidentea aukeratu, bazkideen diru-ekarpenak nola kudeatu ikasi, helburuak ondo finkatu, jende berria eta bereziki gazteak erakartzeko estrategia aztertu, egutegia zehaztu, ekintzak ondo finkatu, udal aurrekontuetan sartu ahal izateko… Lanean ofizialki datorren urtean hasiko garen arren, gerta daiteke aurten zerbait antolatzeko moduan egotea, baina zerbait egiten bada, ziur asko, aurreko batzordearen kideen laguntzarekin izango da”.
“Lanean ofizialki datorren urtean hasiko garen arren, gerta daiteke aurten zerbait antolatzeko moduan egotea”
Plusa
Sondikan euskara bultzatzeko ardurari gogotsu heldu diote eta, aitortu duten moduan, beldur apur batekin. “Azken batean, ardura handia da eta nahi dugu dena ondo ateratzea. Ea herriak zelan erantzuten duen, hori ere garrantzitsua da eta. Sondikan euskara bultzatzeko, gazteek parte hartzea inportantea da eta guk elkarteari plus bat emango diogu zentzu horretan”. Hala ere, kexatu dira ez dutela non batu. “Non bildu, ezta materiala non gorde ere. Materiala kideen etxean, txokoan… gorde da orain arte, baina ondo legoke Altzorak bere lokala izatea. Gure ustez, Udalak bultzatu beharko luke hori, azken batean garrantzitsua delako helburuari heldu ahal izateko”.
“Ez dugu non bildu, ezta materiala non gorde ere; Udalak bultzatu beharko luke hori, garrantzitsua delako helburuari heltzeko”
Altzoraren kide berriak pozik azaldu dira aurrerantzean izango duten erantzukizunarekin. Gazteak erakartzea dute ardura nagusietako bat eta horregatik ipiniko dute gizarte-sareetan arreta berezia. “Facebookeko kontua badago, baina Instagramen ere zabalduko dugu kontua, gazteok normalean erabiltzen dugun gizarte-sarea denez, jende gazteengana hobeto eta errazago ailegatzeko. Ekintzak-eta nagusiengana ahoz aho ailegatuko dira, ziur asko”.
Aire berria
Altzoraren batzordeko kide ohiek azaldu dutenez, euskara elkarteak aire berria behar zuen. “Ordezkoak behar genituen, elkarteak arnasa hartzeko eta ideia berriak ekartzeko. Azken batean, elkarte guztietan gertatzen den moduan, hainbat urte pasatuta komeni da taldea berritzea. Beste alde batetik, Altzoran gazteak egotea ondo dago, ilusioa, indarra eta gogoa dutelako”.
Euren esanetan, euskarak benetako laguntza behar du eta hori elkarteetan dago. “Ezin dira euskara elkarteak galdu eta horregatik ahalegindu gara ordezkoak topatzen. Gazteak etorri dira gure kasuan, eta guretzat oso-oso inportantea zen beste pertsona batzuek lanarekin jarraitzeko, Sondikan euskararen erabilera oraindik oso ahul dago eta. Argi dago euskarak ez duela erakundeen bitartez aurrera egingo; hortaz, kaleko jendeak egin behar du lana, eta gogoa elkarteetan jarri”.